Maddi Zubeldia Arozena. Artista

«Idazten dudanean, barnean dudana nolabait ateratzeko izaten da»

Familiako historiaren parte bat seme-alabei ezagutarazteko idatzi du Zubeldiak 'Deserria haurtzaro' eleberria, baita barruan zuen korapiloa askatzeko ere.
ISABELLE MIQUELESTORENA

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko maiatzak 27
Gaur egun, ez da Landetara joaten: beharrezkoa bada, zeharkatu egiten ditu. Eta pinuak? Ikusi nahi ere ez. Maddi Zubeldia Arozenak (Donostia, 1961) haur batek ere deserria bizi izan dezakeela kontatzen du bere lehen eleberrian. Ez dabil horretan bakarrik, Oroitzen naizeno antzerki taularatuarekin buru-belarri dabil: emanaldi bat izan behar zuena bira bat bihurtua da dagoeneko.

Deserria haurtzaro eleberria irakurtzen duenak zu hobeto ezagutzeko parada du.

Bai, hala da. Hasierako helburua seme-alabei gure familiaren historia jakinaraztea izan zen; lehenengo asmoa huraxe izan zen. Bertan kontatzen dut nire gurasoak gipuzkoarrak direla; ni neu Donostian jaioa, sei urte nituela eta Irunen bizi ginela, ni nintzen haurrarentzat, egun batetik bestera nere burua Mezos Landetako herri txiki triste batean aurkitu nuela. Hor hasi zen guretzat bizi berri bat: etorkin gisa bizi izan ginen han bizpahiru urtez. Haur baten begietatik ikusita kontatu dut deserria bizi izan dezakeela haur batek, gaztea izanik ere; asko adierazten ez badu ere, bere baitan eramango duela betirako. Askotan aipatzen da haurrak egokitzen direla, ohitzen direla... bai, baina horrek ez du kentzen oso azkarra izan daitekeela sentipen hori, arrotz izan daitekeenaren sentipen hori.

Bazenekiten joatekoak zinetela?

Ez dut horren oroitzapenik. Erabakia gurasoek hartu zuten lanarengatik; ez dut azalpenik gogoratzen gurasoen aldetik. Uste dut gurasoek nahiko lan zutela euren bizimodua antolatzearekin. Nebak nik baino hiru urte gehiago ditu, eta hark oso desberdin bizi izan zuen, beste izaera batekoa delako, eta ni, aldiz, isilagoa, gehiago behatzen duten horietakoa... Nik ez nuen ulertu, eta benetan gogorra egin zitzaidan.

Zein zentzutan?

Nire tokian ez egotearen sentsazio hori izatea. Eskolan hasi ginen, frantsesa ikasi... Oso ikasle ona nintzen, gainera. Eskerrak irakurtzen ikasi nuen, horrekin kontsolatzen nintzen eta. Pentsatzen nuen amets bat zela, esnatuko nintzela eta lehengo bizitzara itzuliko ginela. Eta ez, ez zen horrela izan. Hiru urte izan ziren, baina niri luze egin zitzaidan, ez bainekien noiz arte egongo ginen han.

Nola izan zen Euskal Herrira itzultzea?

Baionara joan ginen lehenik, eta, hor, jadanik beste bizimodu bat egiten hasi ginen: lasaiago sentitu nintzen, eta, han pare bat urte pasatu ondoren, Ziburura etorri ginen. Ziburun ongi nengoen, muga hurbil, itsasoa...

Ziburutar batekin ezkondu, Maddi Arozena izateari utzi, eta Marie Zubeldia bilakatu zinen. Horrek zer sentiarazi zizun?

Lehendabizi, izena izan zen: administrazioak, frantziar nazionalitatea hartzearekin, dena erabakitzen zuten ia, eta ezkontzearekin, senarraren deitura hartu nuen. Momentu horretan, bigarren mailan bezala utzi nuen, beste gauza bat gehiago bezala, baina orain ohartzen naiz askotxo dela hori guztia. Pixkanaka ari naiz errekuperatzen. Garai hartan, badakit galdera pausatu nuela abizenaren kontuarekin, eta ezezko bat ulertu nuen. Agian, borrokatuta, aldatzen ahal zen, baina garai hartan ez nintzen jabetu.

Baionara etortzean, Euskal Herrian sentitzen zinen? Zein girotan mugitzen zinen?

Banekien Euskal Herrian nintzela, baina egunerokoan froga guztiak alderantzizkoak ziren: euskaraz ez nuen inorekin egiterik, gurasoekin izan ezik. Gu bizi ginen leku inguruan, Hego Euskal Herriko jendea bazen, baina gazteleraz ari zen; euskaldunik ez zegoen. Gu euskaldunak ginela argi baino argiago geneukan, eta horrek atxiki nau zutik: edonori aldarrikatzen genion gu espainolak ez ginela. Nik banekien zer nintzen, eta horrek indarra ematen zidan. Askotan pentsatzen dut etorkinengan, Frantzian Paris inguruko eskualde horietan gertatzen diren arazoez: identitate galduta, gazteek ez dakitela non kokatu... Nire ustez, akulturazio fenomeno handia izan da Frantzian etorkinekin. Guk, aldiz, etorkin gisa gure kultura atxiki genuen: nahiz eta besteen hizkuntza ikasi eta egokitu, gurea mantendu genuen, eta horrek indar bat ematen dizu. Hori gabe erro gabe zaude. Ni nor naizen argi dut, nongoa naizen beste kontu bat da, ez dut hain argi: Euskal Herrikoa bai, baina nongoa... Jendeak lehen galdera hori du, «nongoa zara?»: azken urteotan ziburutarra naizela esatera ausartzen naiz, laburtzeko.

Liburuak lagundu dizu korapiloak askatzeko?

Batetik, seme-alabei kontatzeko modua zen; nik ez dut aipatzen bestela gai hori, eta, bestetik, terapia moduko bat da idaztea. Nire kasuan, gainera, argi da, idazten dudanean, barnean dudana nolabait ateratzeko izaten da, nire baitan gertatzen dena ulertzeko eta hobeki eraman ahal izateko prozesua; neure burua hobeki ezagutzeko eta lasaitzeko.

Deserria nola ikusten duzu orain?

Sentsibilitate desberdina dut; gaur egun, Euskal Herrian egonda ere, batzuetan deseroso sentitzen bainaiz; haurtzaroko sentipen hori heldu zait, nire parte bat da sentipen hori. Badut begirada hona heldu diren etorkinekiko, enpatia dut haiekiko.

111 Akademiako finalista izan zara, olerki alorreko sariak ere irabazi dituzu: sariei zenbaterainoko garrantzia ematen diezu?

Berez ez naiz batere lehiaketazalea, eta arte munduan, gutxiago. Parte hartu izan badut EKEko sari horietan oso bereziak zirelako izan da. Hots, batzuek proposatzen zizkizuten, eta horiek inspiratzen zizutena idatzi behar zenuen: ariketa interesgarria iduritu zitzaidan, ez lehiaketa gisa.

Arte munduan sariek eta zigorrek toki gehiegi dute?

Ez nuke hori esango: agian, ezagutarazteko on da ere. 111 Akademiarena irakurleak dira; orduan, oso polita da: jadanik harritu ninduen jende batek liburua irakurri duela, jakin zuela nire eleberriaren berri: irakurri zuela eta, gainera, alde bozkatu zuela; hunkigarria da. Beharbada, nazkatuta nago eskola mailan gertatzen denarekin. Ohartzen naiz antolatzaileek zerbait antolatu eta ez dakitela besterik egiten lehiaketa antolatzea baino. Azkaingo pottoka lasterketa eta marrazki lehiaketa, adibidez, edo olerki lehiaketa. Ni ez naiz horren aldekoa: egin dezagun marrazki eguna, eta denenak zabaldu herrian. Irudimen falta handia dago horrelako gauzak proposatzen dituzten elkarteetan, eta errazenera jotzen dute. Askotan, aitzakia da jendeak bestela ez duela parte hartzen, bada ez da egia. Begira Sarako Biltzarrean: azken bi urteotan proposatu zaie ikastetxeetako ikasleei parte hartzeko; sekulako ekoizpena dago eta ez dago saririk. Saria da egitearena, eta hantxe zure lana panel batzuetan irakurgarri izatea: egitearen plazer hori, eta ez sailkapenik. Kantu txapelketetan berdin.

Kantugintzaren ibilbidea noiz hasi zenuen?

Beti kantatu izan dugu etxean. Gero, nire gelara sartzen nintzen, inork entzun eta ikusi gabe, eta olerkiak eta kantutxoak konposatzen nituen; nire burbuilan sartzen nintzen. Seme-alabek eta ilobek Unama taldea sortu zutenean etorri zitzaizkidan ea zerbait idatzia nuen, eta ni oso pozik: oso ongi moldatu zituzten, eta oso harro nengoen. Gerora, musikari batzuk ezagutu nituen, Azkaingo taldeko batekoak: haiekin adiskidetu eta afari ondorengo ordu txikietan gitarra ateratzeko galdegin zidaten, eta Azkaingo kapera batean urtero egiten den kantaldi batean parte hartu nuela esan nien. Biharamunean damutu nintzen, baina hitza hitz, eta horrela abiatu nintzen. Gero, kate bat izan zen: hemen eta han abestu, eta disko bat atera genuen, gero bigarrena, eta gustua hartzen hasi nintzaion. Azken urtean liburuarekin eta antzerkiarekin hartua izan naiz, baina taldearekin ari gara, eta hirugarren diskoari buruz abiatuak gara.

Oroitzen naizeno lanarekin ere bazalbiltza. Behar batetik sortua izan da hori ere?

Bai, amaren eritasuna diagnostikatu zenean gogorra izan zen, eta idazteko premia nuen. Etxean ez nuen lortzen lasai idaztea eta Ziburuko Ezpeletenia egoitzako jabea ezagutu nuen, Jean Philippe Leremboure. Han nengoela, bakarrizketa baten ideia lausoa banuen, zein aktoreri proposatuko nion ere pentsatua nuen, inondik inora neuk egiteko. Han egun batzuk idazten pasatu nituelarik, ohartu nintzen ez aurrera eta ez atzera bezala nengoela, eta oihanera joan nintzen ibiltzera; han argitu zitzaidan ez zela bakarrizketa bat izango, bi pertsonaia izango zirela: emakumea gaur dagoen bezala eta, bestea, bere memoria. Egun hartan, Jean Philippe hantxe zegoen, eta zer gertatu zitzaidan kontatu nionean erantzun zidan: «C'est toi qui dois le faire», «zuk egin behar duzu». Nik? Askotan esan dut ezetz, baina erabaki nuen duela zenbait urte hemendik aurrera ez nuela ez esango baizik eta zergatik ez? Horrekin dena aldatzen da. Nire lankide Bernadette Irazokiri proposatu nion, eta gustatu zitzaion.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna