Koronabirusa

Oraingoz, tantaka baino ez

Lehen eguneko argazki, hitzaldi eta asmo handiez harago, COVID-19aren aurkako txertaketa kanpainak zalantza ugari eragin ditu hasi eta bi astera. Adituek diote prozesua «oso motel» doala, eta «gardentasuna» eskatu diete administrazioei, datozen hilabeteetarako planak ezagutze aldera.

Erizain bat, COVID-19aren aurkako txertoa prestatzen, artxiboko irudi batean. LUCA ZENNARO / EFE.
Ion Orzaiz.
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Halako batean, txertoa ailegatu zen. Zientzia komunitateak, mundu osoko gobernuek eta gizarteak espero zuten eguna heldu zen, COVID-19aren pandemia hasi eta hamar hilabetera. Abenduaren 27a «amaieraren hasiera» izanen zela esan zuten agintari politiko askok. Ordutik, baina, erantzunak eta ziurtasunak baino ugariagoak dira zalantzak eta ezinegona, ez baitago argi hemendik lau, sei edo bederatzi hilabetera nor egonen den immunizatuta eta nor ez.

Bihar, bi aste beteko dira txertaketa kanpaina Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan hasi zenetik, eta Espainiako Osasun Ministerioak atzo eman zituen jarritako dosiei buruzko azken datuak: 13.514, lau herrialdeotako zahar etxeetan. Jasotako dosien %31. Ipar Euskal Herrian, berriz, aste honetan hasi dute kanpaina, baina prozesua «emekiegi» doala salatu dute hainbat eragilek, eta Frantziako Gobernuari egotzi diote egutegi finko bat ezarri ez izana. Protokoloak «arintzeko» asmoa agertu du Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak: astelehenean hasiko dira 75 urtetik gorako herritarrei txertoa jartzen.

«Prozesua bizkortu beharra dago nola edo hala», esan du Gorka Orive EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia irakasleak. «Ulergarri» deritzo lehen egunetan «arazo logistikoak eta antolakuntzakoak» izateari, baina gaineratu du egoera hori ezin dela askorik luzatu: «Denborak aurrera egin ahala, argudio horrek gero eta pisu txikiagoa izango du. Espero dut, dena den, halako arazoek murriztera joko dutela, eta txertaketak abiadura hartuko duela datozen aste eta hilabeteetan, Modernaren eta Oxford-AstraZenecaren txertoak onartzearekin batera».

Gogorrago hitz egin du Txetxu Ausin filosofo eta CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko kideak. Haren ustez, administrazioek ez zuten aurretik prestatu inongo txertaketa planik: «Pandemia honetan, agintariek betebehar etikoa dute gerta daitekeena prebenitzeko eta errealitateari aurrea hartzeko. Orain arte, tamalez, kontrakoa gertatu da: atzetik ibili dira». Txertoaren auzian, gainera, planifikaziorik eza «are larriagoa» dela uste du Ausinek: «Jakina zen txertoa hel zitekeela, goiz edo berandu, eta beharrezkoa izanen zela lantaldeak antolatzea, baliabideak jartzea eta komunikazio kanpaina on bat prestatzea. Halakorik ez da egin, arduragabekeria hutsagatik».

Ausinen aburuz, «ulertzekoak dira» prozesu berri eta konplexu batek sor ditzakeen arazoak, baina gaineratu du Espainiako eta Euskal Herriko erakundeek «utzikeriaz» jokatu dutela: «Ez da onargarria esatea jaiegunetan ezin dela txertorik jarri, edo ezin izan dituztela lantaldeak lehenago prestatu. Are: zergatik ez dituzte osasun langile gehiago kontratatu?».

Kontratatu bainoago, Euskal Herriko osasun publikoan eta arlo soziosanitarioan lan egiten dutenak «erabiltzeko» eskatu du Jonathan Caro erizainak. Zahar etxe batean egiten du lan, beste hainbat profesionalekin batera. Oraingoz, ordea, ez diete baimenik eman COVID-19aren kontrako txertoa jartzeko: «Erizain askok lan egiten dugu zahar etxeetan, eta badugu eskarmentua, urtero jartzen baitugu gripearen aurkako txertoa; hala ere, kanpotik etortzen dira COVID-19aren aurkakoa jartzera».

Gloria Santos erizaina da Trapagarango osasun etxean (Bizkaia), eta Efekaz Euskadiko Familiako eta Komunitateko Erizaintzaren Zientzia Elkarteko eleduna da. Bat dator Carorekin: «Erizainoi ez digute informaziorik eman. Ez dakigu ezer, eta oso langile gutxik jaso dute Pfizerren txertoa jartzeko prestakuntza». Ikastaro hori «pare bat orduan» jaso dezaketela gaineratu du Carok: «Horrek asko bizkortuko luke prozesua: gure egoitzan, nik neuk jar nitzake 90 txerto, goiz bakar batean».

Gardentasuna aldarri

Txertaketa kanpainaren abiaduraz eta antolakuntzaz gain, horren gaineko komunikazioa ere kritikatu dute osasun arloko profesionalek. «Gardentasuna» galdegin dute Orivek eta Ausinek. «Abenduan, ohar labur bat argitaratu zuen Espainiako Gobernuak, txertoa jasotzeko lehentasuna duten taldeak zehaztuz. Ordutik, baina, ez dute ezer gehiago zehaztu». Horren gainean, «eztabaida publikoa» falta dela uste du Ausinek. «Argi eta garbi azaldu behar dira txertatzeko irizpideak: badakigu zergatik lehenetsi dituzten zahar etxeetako egoiliarrak eta osasun langileak, baina gainontzean, zein izanen da irizpidea? Hori azaldu behar da, bestela, mesfidantza heda daiteke gizartean».

Mezu «nahasgarriak» kritikatu ditu Orivek ere: « Jendeari esan izan zaio, besteak beste, sei hilabeteren buruan ez dakit zenbat milioi pertsona immunizatuko dituztela. Espektatiba handiegiak sortzen ditu horrek». EHUko irakasleak uste du, bestalde, orain arteko zenbait erabaki ez direla behar bezala azaldu: «Adibidez, jendeak ez du ongi ulertzen zergatik jarri diren txerto guztiak Asturiasen (Espainia), eta ez Euskal Herrian. Asimetria horrek zalantzak eta kezkak sortzen ditu».

Jaurlaritzak esana du jasotako 32.000 txertoetatik batzuk «erreserbatu» dituztela, pertsona bakoitzak bi dosi jaso behar dituelako, eta, hornidura arazoren bat gertatuz gero, bigarren dosi hori bermatu ahal izateko. EHUko irakasleak uste du neurri «egokia» dela, baina gaineratu du halakoak «gardentasun osoz» azaldu behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.