'GAL auzia'

GAL argitzeko eskatu dute Madrilen, Gonzalez ikertzeko eskaera artxibatua izan ostean

Pili Zabalak sustatuta, B-Egiaz plataforma aurkeztu dute, GALi buruzko egia jakiteko. Iragarri dute Auzitegi Nazionalak preskribatutzat jo duela auzia

Juan Diego Botto, Maria del Olmo, Pili Zabala eta Maria Jauregi, atzo, Madrilgo agerraldian. J. DANAE / FOKU.
gurutze izagirre intxauspe
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
GALen atzean dagoen «inpunitatea haustera» deitu zuen atzo Pili Zabalak, Madrilen, Arte Ederren Zirkuluaren egoitzan egindako agerraldian. Han, alboan izan ditu Juan Diego Botto aktore argentinarra, Maria Jauregi ETAk hildako Juan Maria Jauregiren eta Maixabel Lasa Patxi Lopezen Jaurlaritzaren biktimen arretarako zuzendariaren alaba, eta Maria del Olmo Alacanteko artxibo historikoaren zuzendaria.

Zabala prentsaren aurrera atera da Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak artxibatu ostean GALen atzean Felipe Gonzalez ote zegoen ikertzeko Zabalak egindako eskaera. Martxoaren 9an iritsi zen Auzitegi Nazionaleko fiskaltzara auzia ikertzeko eskaera, Zabalak Gipuzkoako Fiskaltzan salaketa jarri ostean, eskumen ezagatik, Gipuzkoatik Auzitegi Nazionalera bidalita eskaera. Zabalak fiskaltzari eskatu zion aztertzeko ea iker zitekeen Gonzalez, orduko Espainiako gobernuburua, GALen atentatuetan eta desagertze behartuetan eragiteagatik. Horretarako, CIA Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuen 1984ko txosten bat gehitu zuen, iazko ekainean zabaldutakoa, Gonzalezek «terroristei legez kanpo aurre egiteko mertzenario talde bat sortzea adostu» zuela dioena, beste hainbat agirirekin batera. Auzitegi Nazionalak preskribatutzat jo du auzia, eta artxibatzeko agindu. GAL 1983tik 1987ra egon zen indarrean, estatu terrorismoarekin lotu zen, eta estatuak finantzatu zuela frogatzera iritsi zen epaitegietan. 27 pertsona hil zituen. Lehen biktimak Joxean Lasa eta Joxi Zabala izan ziren, azken hori Pili Zabalaren anaia.

Auzitegi Nazionalak Gonzalez ikertzeko eskaera artxibatu ostean, Zabalak esan du ekinbide gehiago aztertzen ari direla arlo juridikoan: «Egiak ez du inoiz preskribatzen, eta Nazio Batuen Erakundeak estatuak behartzen ditu egia argitzera, inpunitatea saihesteko», esan du Madrilen.

120 atxikimendu

Jardunbide horretan ez zuela etsiko aurreratu zion BERRIAri, eta B-Egiaz plataforma sortu dutela iragarri zuen atzo, Madrilen. 120 pertsona ezagunek egin dute bat sorburuko manifestuarekin; tartean, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Garbiñe Biurrun epailea, Daniel Arranz Felipe Gonzalez presidente zenean Bizkaiko gobernadore zibil izan zena, ETAren zenbait biktima, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe idazleak, Itziar Ituño aktorea eta beste.

Erakunde publikoei eskatu diete ikertzeko eta argitzeko GALi buruzko egia: «Ez da posible Europako Batasuneko estatu batek Sekretu Ofizialen Legearen izenean giza eskubideen aurkako krimenak babestea», esan du Zabalak. Aitortu du ez duela gustuko izan artxiboaren erabakia, eta segituko dutela bide judizialaagortu arte, «ez inor espetxean ikusi nahi dudalako, baizik eta behin eta berriz ukatzen zaigun egiaren bilaketan beste tresna bat delako». Uste du giza eskubideen «defentsa integralaren bidez» bakarriklortuko dela «inpunitatearen harresia eraistea; ez da erortzen, zenbait erakunde ofizialen babesa duelako».

Maria Jauregi ere agerraldian izan zen, Madrilen. Juan Mari Jauregi, Mariaren aita zena, 1994-1996 urteen artean Gipuzkoako gobernadore zibila izan zen, Felipe Gonzalez presidente zela. Lasa-Zabala auzian deklaratu zuen, Enrique Rodriguez Galindo orduko Intxaurrondoko kuarteleko buruaren eta haren guardia zibilen aurka. «Deklarazio hura oso baliagarria izan zen auzirako. Etxera oso gustura itzuli zen egun hartan, kontatu zuenagatik, baina batez ere Pili [Zabala] gerturatu zitzaiolako eskerrak ematera», esan zuen Jauregik. Ez dauka ahazteko zer esan zuen egun hartan bere aitak, etxera itzuli zenean: «Ez dakit nork hilko nauen lehenago, ETAk edo Galindok berak». Jauregiren arabera,«edozein biktimak, zauriak itxi ahal izateko, egia jakin beharra dauka. Horregatik gaude gaur [atzo] hemen, manifestuaren berri emateko, eta gobernuari ausardia eskatu eta bere ardura partea aitor dezala eskatzeko».

Juan Diego Botto aktorea ere agerraldian izan zen. Argentinako diktaduran, Videlaren erregimenean, Bottoren aita bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zuten. Esan zuen Argentinako zenbait agintari epaituak eta zigortuak izan zirela. Botto: «Eta honek esan nahi duena da asko borrokatzen bazara justizia lortzen duzula. Justizia sendagarria da, baina mendekuak ez zaramatza inora. Eta zein gogorra den injustizia inpunitatearekin batera datorrenean!».

Maria del Olmo Alacanteko artxibo historikoko zuzendariak aurkeztu zuen agerraldia, baina bere hitzaldia baliatu zuen Sekretu Ofizialen Legea molda dezaten aldarrikatzeko: «Nazioarteko estandarretara egokitu beharko lukete, argia eta egia ekartzeko azken urteetako historian izan diren zenbaitgertakari historikori, eta GALena bereziki izugarria izan zen».

Gasteizen inauguratu berri denbiktimen oroimenerako zentroa ere izan zuten hizpide. Zabalak uste du batzeko beharko luketela halakoek, eta independenteak eta pluralak beharko luketela, gobernuetatik at.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.