Hondarribiko alardea

Kalea irabazi du aldarri parekideak

Jaizkibel konpainiak desfile jendetsua egin du, eta alkateari dei egin dio, hilabeteko epean «elkarrizketa mahai bat» eratzeko. Kale Nagusian arbuio keinu gutxiago izan dira

2. Kale Nagusian, txalo artean. Jaizkibelen aldeko keinuak nagusitu ziren atzo Kale Nagusian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Maite Asensio Lozano - Arantxa Iraola
Hondarribia
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Kale Nagusian gora abiatu aurretik egin zituen lehen adierazpenak atzo goizean Jaizkibel konpainiako kapitain Oihana Etxebarrietak. Pozik. Harro ingurura begira. Izan ere, indartsu hurbildu ziren: 800 bat lagunez osatuta zegoen ordurako taldea, eta gehituz joan ziren gero gizon eta emakume gehiago. Berezko helburua zein duten ez zuen ahantzi nahi izan kapitainak: Hondarribiko alardean irten nahi dute, «gainerako konpainien» ondoan, eta aldarri hori oroitarazita desfilatu nahi izan zuen atzo ere, konpainiaren 25. urteurrenean.


Kale Nagusian gora, ez ziren ikusi aurreko urteetan Jaizkibeli arbuioa erakusteko-eta zabaldu izan diren pankartak. 2019an, plastiko beltzik gabeko estrategia lehenetsi zuten andreen parte hartzearen kontrakoek, eta horri eutsi diote. Bizkarra emandako pertsonak baziren, hala ere, andre oso gazteak gehienak, nerabeak asko. Baina Jaizkibelen aldeko txalo eta oihuak gailendu ziren, nabarmen. Horiek horrela, desfilearen amaieran kapitainak adierazi zuen gero eta «babes sozial» handiagoa dutela, eta Hondarribiko alkateari dei egin zion: hilabeteren buruan «elkarrizketa mahai bat» martxan jartzea nahi dute, aldarri parekidea bideratzeko.

Horiek izan ziren egunak eman zituen berritasunik nabarmenenak. Gainerakoan, zaharrak berri. Ohi bezala, Hondarribiko alkatea ez zen han izan Jaizkibelek Kale Nagusian desfilatu zuenean —EAJko udal ordezkariak falta ziren—, eta aldarri parekidea aintzakotzat hartuta «konponbidea» bideratzeko eskatuz 2019. urtetik eratuta dagoen Guztion Alardea mugimenduak ez zuen ageriko keinurik egin aldarri parekidearen alde.

Talde horrek sustatuta, argazki jendetsu bat egin zen joan den ostiralean; alardeak «guztiona» izan behar duela esateko izan zen, baina, atzo, ez zioten tokirik egin aldarriari. Asteazkenean, ohar bat atera zuten, eta jaia «tentsiorik gabe» eta «batasunik handienean» bizitzeko deia egin zuten. Uztailean talde horrek jakinarazi zuenez, 64 andrek aurten propio egin dute alardean irteteko eskea. Ordutik, jakin da Alarde Fundazioak, alarde baztertzailearen antolatzaileak, ezetz erantzun diela, eta udalak ez diela erantzun ere egin, baina andre horien aldarriak ez zuen tokirik izan atzo. Eta izan ziren eske parekidearen kontrako keinuak: alarde baztertzailearen aurretik Jaizkibel pasatu zenean, Gernikako Arbolako zelaigunean, bizkarra emanda egon ziren soldadu jantzitako gizonezko gehienak.

Atxikimendua

Ohi bezala, hainbat erakunde publikoren babesa jaso zuen konpainia parekideak. Jaizkibelen desfilea «itzela» iruditu zitzaion Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariari, eta esker ona adierazi zion, «25 urteotan egindako lanagatik, euren konstantzia eta konpromisoagatik». Guztion Alardea mugimenduaz ere aritu zen, itxaropentsu: «Herrian zerbait mugitzen ari da, eta ostiraleko deialdiak izugarrizko erantzuna izan zuen. Horrek adierazten du gehien-gehienek nahi dutela hau konpontzea eta emakumeek berdintasunez parte hartzea».

Ines Ibañez de Maeztu EAEko arartekoaren albokoak lehen aldia izan zuen Hondarribian: «Ezin dut beste urteekin konparatu, baina esan didate lasaiago joan dela; hori poztekoa da». Ez zuen auzia amaitutzat jo: «Arartekoan oinarrizko giza eskubideak defendatzen ditugu. Zoritxarrez, 25 urteren ondoren hemen egon behar dugu, emakumeen parte hartzea defendatzen».

EH Bilduko ordezkari Maddalen Iriartek txalotu egin zuen Jaizkibelek 25 urtez «berdintasunaren eta askatasunaren alde» egindako lana, eta erantsi zuen Hondarribiko egoerak «min» ematen diola: «Oinarrizko eskubide bat urratu egiten da: berdintasuna. Horregatik eskatzen diegu udalari, Gipuzkoako Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari urraketa horri amaiera eman diezaioten; bestela, matxismoa eta autoritarismoa bultzatzen arituko dira». Ahal Dugu-k ere bidali zuen ordezkaritza. Garbiñe Ruizek adierazi zuen Hondarribiko Udalak «berdintasuna defendatu» behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.