NATO-Errusia. Tentsioaren hazkundea

NATOn sartzeko lege proiektua onartu du Ukrainako Gobernuak

Jakes Goikoetxea -

2014ko irailak 4
Ukraina NATOn sartzetik gero eta gertuago dago: gobernuak atzo onartu zuen herrialdearen neutraltasuna bertan behera uzteko lege proiektua. Iragan ostiralean bidali zuen lege proiektua parlamentura. Orain urratsak hasiko ditu NATOn sartzeko.

NATOk neutraltasuna bertan behera uzteko eskatu dio Ukrainari, «hurrengo urratsak eztabaidatzen hasteko». Ukrainako Gobernuko ordezkariek Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiari zehaztu diote parlamentu berriak utziko duela bertan behera herrialdearen neutraltasuna, urriaren 26ko hauteskundeak eta gero.

Viktor Janukovitx presidenteak konstituzioan jaso zuen Ukrainaren neutraltasuna, 2010ean, herrialdea NATOn sartzeko prozesua gerarazteko. 2008an, Viktor Justxenko presidente zela, NATOn sartzeko eskaera egin zuen, eta aliantzak baiezkoa eman zion, ukrainarrek onartuz gero eta herrialdeak baldintzak betez gero. Janukovitx 2010ean gobernura iritsi zenean, ordea, prozesua eten zuen, herrialdearen neutraltasuna legez onartuta.

«Estatus berezia» helburu

Egungo gobernua berriro atzera egiten ari da. Hala ere, oztopo bat du orain NATOn sartzeko: Aliantza Atlantikoaren araudiaren arabera, herrialde batek ezin du kide izan, lurralde bat eskuratzeko gatazkaren batean parte hartzen ari bada. Eta Ukraina gatazka militar betean dago, herrialdearen ekialdeko eskualdeak berreskuratzeko.

«Egokiena» Ukraina NATOko kide izatea dela esan du Arseni Jatseniuk lehen ministroak, baina oraingoz tarteko bide bat proposatuko du Galesko goi bileran. «Gure helburua da estatus berezi bat lortzea, NATOren lehen bazkide berezia bihurtzea», iragarri du. Lehen ministroak berak onartu du ez dela erraza izango.

Jatseniukentzat, Ukrainak doktrina militar berri bat behar du. Doktrina horren arabera, «Errusia erasotzailea da, eta mehatxu bakarra da herrialdearen batasunarentzat eta segurtasun nazionalarentzat». Ukrainak harresi bat, «benetako muga», eraikiko du Errusiarekiko mugan.

Errusiak, Sobietar Batasunaren garaiko indarra galduta eta orduko aliatuak NATOren barruan ikusita, erantzun egin nahi dio Aliantza Atlantikoaren hedatzeari, aliatu apalagoekin bada ere. Errusiak eta Abkhaziak urtea amaitu baino lehen sinatu nahi dute elkarri laguntzeko eta segurtasun eremu komun bat sortzeko akordioa. Abkhaziak bat egin du Errusiarekin, Georgiari aurre egiteko, «Georgiak NATOko kide izan nahi baitu». Hego Osetia ere Errusiarekin eta Abkhaziarekin bat egitea negoziatzen ari da, Izvestia egunkari errusiarraren arabera. NATOrentzat, Abkhazia eta Hego Osetia ez dira estatu independenteak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna