Koronabirusa

Superkutsatzaileak lehentasun

Zenbait ikerketaren arabera, koronabirusaren kutsatze gehienak infektatu gutxi batzuek eragiten dituzte. Horiek identifikatzea helburu duten estrategiak ezarri dituzte Japonian eta Hego Korean.

Japoniako herritar batzuk, maskara jantzita, Tokioko erdigunetik paseoan. KIMIMASA MAYAMA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
COVID-19 birusa duten pertsona gehienek ez dute beste inor kutsatzen, eta gutxi batzuek sortzen dituzte kutsatzeen zati handi bat. Baieztapen hori ezin da ziurtzat jo; gaia eztabaidan dago oraindik, baina hainbat ikerketa ondorio horretara iritsi dira. Horien artean dago Erresuma Batuko Gaixotasun Kutsagarrien Eredu Matematikoetarako Zentroa (CMMID). Haren esanetan, kutsatzeen %80 gaixoen %10 inguruk eragiten dituzte.

Hala balitz, koronabirusaren transmisioa ez litzateke baterehomogeneoa izango. Aldiz, kolpeka hedatuko litzateke, birusa zabaltzeko gaitasun handiko pertsona superkutsatzaileen bidez. Horregatik, pandemiaren hedatzea ulertzeko, geroz eta garrantzia handiagoa aitortzen zaio K faktorea delakoari.

Orain arte, oso ezaguna egin da R0 sinboloarekin adierazi ohi den oinarrizko erreprodukzio zenbakia; hau da, COVID-19a duen pertsona bakoitzak zenbat pertsona kutsatuko dituen islatzen duen estimazioa. Zenbakia 1 baldin bada, kutsatu bakoitzak beste pertsona bati pasatuko dio koronabirusa. Baina kontuan hartu beharrekoa da adierazle hori batez besteko bat dela azken finean. K faktoreak berriz, transmisioaren dispertsioa neurtzen du; kutsatze berrien jatorria zenbateraino dagoen banatuta birusa duten guztien artean. Zenbat eta zenbaki txikiagoa, orduan eta pilatuago egongo dira kutsatzeak multzo jakin batzuetan. CMMID zentroaren esanetan, COVID-19ari 0,1eko balioa dagokio, 0,16koa SARS gaitzari, 0,25ekoa MERSi eta 1ekoa gripe arruntari. Beraz, koronabirus berriaren kasuan, superkutsatzaileak lirateke transmisioaren eragile nagusiak.

Basoa zuhaitzen ordez

Herrialde batzuetan oinarri horren gainean eraiki dute pandemiari aurre egiteko plana, eta, bereziki, aztarnarien lana. Japoniakoa da gehien aipatutako eredua. Lehen bi olatuetan datu apaletan mantentzea lortu du, itxialdi zurrun bat ezartzeko beharrik gabe.

«Zuhaitzei erreparatu beharrean, basoa ikustea». Horixe egin du Japoniak, Hitoshi Oshitani herrialdeko Osasun Ministerioaren batzorde bereziko kide eta birologoaren esanetan. Hau da, arreta gehiago jarri du birusaren agerraldiak topatzean eta superkutsatzaileak izan zitezkeenak bakartzean, kasu solteak atzematean eta horiek eragin ditzaketen kutsatzeak eragoztean baino. Oshitaniren iritziz, Mendebaldeko herrialdeek erabateko lehentasuna eman diete banakako kasuei, gaitza nola transmititzen den kontuan hartu gabe.

Japonian, ezaugarri jakin batzuk biltzen zituzten guneetan atzeman zituzten agerraldiak: aireztatze eskaseko toki itxietan, jendea denbora jakin batez pilatzen denetan eta, bereziki, maskararik gabe ozen hitz egiten edo kantatzen den tokietan. Oshitaniren iritziz, «birusaren transmisioa ezin da geldiarazi agerraldiak kontrolatzen ez badira».

Horretarako gomendagarriena aztarnarien lana lehenengo iraganera zuzentzea da, zenbait adituren arabera. CMMIDko Adam J. Kucharski birologoak ohartarazi du era horretara bi edo hiru bider handiagoak direla kutsatutako pertsonak atzemateko aukerak, «probableagoa delako kasuen jatorria agerraldi bat izatea kasu batek agerraldi bat sortzea baino».

Hego Korean, esaterako, atzemandako kasu bakoitzari aztarna jarraitzen diote hamalau egun atzera. Osasun agintariek lan horretarako informazio asko dute eskura, Unai Urretxo (Arrasate, Gipuzkoa, 1977) Suwon hiriko unibertsitatean lanean ari den euskal herritarrak BERRIAri azaldu dionez. «Taberna batera, jatetxe batera edo edozein tokitara sartzeko, QR kodea pasa behar duzu sakelakoan. Horrela, badakite une bakoitzean non egon zaren».

Aztarnarien lana oso azkarra dela nabarmendu du. «Nire ikasle bat positibo batekin egon zen kontaktuan, eta telefonoz deitu zioten abisu emateko, baina berak ez zuen deia entzun. Unibertsitatetik irteten ari zela, anbulantzia bat gelditu zitzaion parean, berehala proba egin zezan».

Japoniak eta Hego Koreak lortu dute pandemiaren ondorioakbeste herrialde askotan baino gehiago mugatzea. Hego Korean 34.200 kasu atzeman dituzte pandemia hasi zenetik, eta koronabirusak 526 heriotza eragin ditu—51,5 milioi biztanle ditu—. Japonian, berriz, 146.000 inguru dira kutsatuak, orotara, eta 2.119 lagun hil dira koronabirusarekin —126 milioi biztanle ditu —.

Dena den, lehen bi olatuekin baino zailtasun handiagoak izaten ari dira hirugarrenarekin, eta oraindik ez dira gai izan kasu gorakada eteteko. Japoniaren kasuan, areagotzen ari dira agintariei neurriak gogortzeko eskatzen ari diren ahotsak. Gobernuak aitortu du larrialdi egoera ezarri beharko duela joera hobetzen ez bada. Hego Korean, asintomatikoen kopuruak gora egin du nabarmen. Kutsatuen %20-%30 ziren lehen, eta %40 dira orain; atzemateko zailagoak direnez, nekezagoa bihurtu da agerraldiak identifikatzeko lana ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.