LEGE ALDAKETA

2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistari buruzko ataletik kanpo ere baditu berritasunak legea aldatzeko proposamenak. Hona batzuk:

Emakumeen ahalduntzea. Legearen printzipioetako bat izango da: «Euskal botere publikoek emakumeen autoahalduntzea errazteko baldintzak ezarri behar dituzte, andreek beren bizitzen gaineko boterea eta kontrola eskura dezaten, eta gaitasuna eta ahalmena lor ditzaten erabaki estrategikoak hartzeko».

Berdintasun organoak. Berdintasun unitateak indartzeko beharra nabari da zirriborroan. Erakunde horiek «posizio organikoa» izan behar dutela adierazi du testuak, «erabaki politikoak hartzean benetako eragina izan dezaten». «Behar adinako aurrekontu zuzkidura» izatea ere ezarri du. Ildo horretan, berdintasun teknikarien lanpostuak «dedikazio esklusibokoak» izango dira.

Zaintzaileak. Etxeko lanen eremuan, «aisialdirako eta atsedenerako eskubidea» aitortu die zaintzaileei. Prestakuntzarekin eta laguntza ekonomikoekin lotutako neurriak ere aurreikusi ditu.

Soldata arrakala. «Ordainsarietako diskriminazioaren» kontra egiteko, zerbitzu espezializatu bat sortzea aurreikusten du legeak. Beste neurri batzuk ere jaso ditu: soldata arrakala txikitzeko baliabide sorta bat lantzea eragileentzat, instituzioek gardentasuna bermatzea, edota kontratazioetan arloko irizpideak txertatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.