Koronabirusa

«Planifikazio egokirik» ez egitea egotzi diote langileek Osakidetzari

Gipuzkoako zentroetako langileek greba egin dute; sindikatuek salatu dute gutxieneko zerbitzuek mobilizazioarekin bat egitea eragotzi dutela

Langileak protestan, atzo, Donostiako erietxearen atarian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Joan den astean Araban nola, atzo Gipuzkoan greba eguna izan zuten Osakidetzako langileek. Sindikatu guztietako ordezkariak eta osasun zerbitzuetako askotariko langileak izan ziren protestetan: medikuak, erizainak, garbitzaileak, anbulantzien gidariak, jantokietako sukaldariak... Elkarretaratzeak egin dituzte han-hemenka, hala nola Zumarragan, Hernanin eta Donostiako Ospitalean. Sindikatuek baieztatu zutenez, «erantzun handia» izan zuen grebak, nahiz eta gutxieneko zerbitzuak «oso altuak» izan. «Greba oinarrizko hainbat zerbitzutan islatu da», adierazi zuten osasun langileen ordezkariek Donostiako elkarretaratzean. Besteak beste, X izpien unitatean, ebakuntza gelan eta laborategian erantzun handia izan zuen protestak, esan zutenez. Edonola ere, lanuzte gehienak lehen mailako arretako zerbitzuetan izan ziren, eta eremu hori da, hain justu, pandemiagatik kalterik handienak jasan dituztenetako bat, langileen arabera. Mobilizazio amaierako mintzaldian salatu zutenez, koronabirusaren lehen olatua pasatu ostean ez dira nahikoa baliabide ezarri bigarren oldarraldi bati aurre egiteko, eta, hortaz, «oso kezkagarria den egoera batean» daude langileak orain: «Osakidetzak ez du planifikazio egoki bat jarri martxan».

ELA, SATSE, SME, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek deitu zuten grebara. Nabarmendu zuten, ordea, egungo egoera ez dela berria; aitzitik, aurretik zeuden arazoak «begien bistan» gelditu direla ohartarazi zuten osasun langileek: «Lehenago ere bazegoen lan karga handia». Egoerari aterabidea bilatzeko eskatu zuten egindako murrizketak atzera itzularazteko, lanerako beharrezko materiala bermatzeko eta lan baldintzak hobetzeko. Halaber, deitoratu egin zuten ez eduki izana aukerarik Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin hitz egiteko.

Azpikontratatuen alde

Osakidetzak zuzenean kontratatutakoak ez diren gainontzeko langileentzako ere eskubide eta bermeak eskatu zituzten. «Haiek ere badira osasungintzaren parte, eta haiek ere merezi dituzte baldintza duinak». Ohartarazi zuten %100eko zerbitzu minimoak ezarri dituztela lan arlo horietan, eta, hortaz, protestara biltzeko zailtasun handiagoa izan zutela.

Hain justu, sindikatuetako ordezkariek salatu zuten Osakidetzak grebaren erantzunari buruzko emandako datuek lotura zuzena dutela gutxieneko zerbitzuak ezartzearekin. Protestaren erantzuna % 7,72koa izan dela esan zuen Osakidetzak —%6,1 mediku; %6,4 erizain, eta %10,45 gainontzeko osasun langileak—, baina sindikatuek ohartarazi zuten gutxieneko zerbitzuak hainbestekoak izanda zaila dela mobilizazioetara batzea: «Greba eskubidea neutralizatu, oztopatu eta erasan nahi dute. Gutxieneko zerbitzuak erabat neurriz kanpokoak dira». Datorren astean, asteazkenez, greba dute Bizkaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.