Memoria historikoa. Espazioen birgaitzea

Herritik herrirako historia

Hainbat elkarte eta gizabanakok tokian tokiko ondarea eta memoria berreskuratzeko asmoz lan egin dute azken urteetan, ekimen propioz edo administrazioak sustatuta.

Auzolandegietan parte hartu duten gazteak, lubakiak prestatzen. LEMOATX 1937.
Jon Rejado.
Gasteiz
2014ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Memoria historikoa berreskuratzeko jardunak «horizontala» behar du izan. Hala nabarmendu dute 1936ko gerrako arkeologiari buruzko kongresuko hainbat adituk. Hau da, memoria historikoa berreskuratzeko prozesuan gizarte eragileek ere parte hartu behar dute, hala nahi duten senideetatik elkarteetara arte, betiere arlo akademikoan ari direnen ezagutzak gidatuta.

Elkarte eta gizabanako horiek garrantzi handia izan dute azken hamar urteetan memoria berreskuratzeko prozesuan. Alde batetik, ikerketa eta dokumentazioaren bidetik memoriaren mapa osatzen lagundu dute hainbatek. Bestetik, 1936ko gerrako ondarea berreskuratzeko eta ezagutarazteko egitasmoak ere ugaritu dira. Tokian tokiko ekinbideak, bai udalek sustatuta, bai elkarte zein gizabanakoek abiarazita, baliagarriak izan dira memoria zabala osatzeko.

Euskal Herrian asko dira lan horretan buru-belarri ari direnak. Horietako hainbaten lana ikus daiteke gaur egun, dela bisita gidatuen bitartez, dela museo eta interpretazio zentroei esker.

BURDIN HESIA UGAON

Bizilagunak, beren ondare eta memoriaren alde lanean

Bilboko Defentsa Ingurabidea Bizkaiko azpiegitura handienetako bat izan zen. Bizkaiko hiriburua defendatzeko asmoarekin, 80 kilometroko defentsa sarea irudikatu zuten, baita neurri batean eraiki ere. Ordea, ez zuen helburua bete; matxinoen armadak hesia iparraldetik hautsi zuen, eta, behin hori lortuta, frankismoaren propagandak Burdin Hesia izendatu zuen. «600.000 biztanle defendatzeko helburua zuen jatorrian, horien artean 100.000 errefuxiatu», azaldu du Iñaki Garcia Uribek, Burdin Hesia Ugaon elkarteko kideak.

«Historiari hautsa astintzeko» asmoa zuten hainbat lagunek sortu zuten elkarte hori, 2011. urtean. Hamaika jatorri eta ogibide zituzten pertsona horiek; ordea, denek historia eta 1936ko gerrarenganako grina partekatzen zuten. Ugaoko Udalak laguntza eman zien ildo horretan, eta Ugaotik gertu igarotzen zen Bilboko Defentsa Ingurabidea oneratzeko lanak hasi zituzten. «Azpiegitura hori memorian mantendu nahi dugu, guztiz honda eta desager ez dadin».

Prozesu horretan lau lan ildo zehaztu zituzten: katalogatzea, ikertzea, balioa ematea eta lortutako informazioa zabaltzea. Ordea, lanean hastea ere nekagarria gertatu zitzaien. «Lekura bertara heltzea zaila gertatu zen, eta, kasuren batean, landareek ezkutatua zuten azpiegitura». Guztira hiru gotorleku azalarazi dituzte, igandez igande egindako lanaren bitartez, eskorga eta pala hartuta.

Lan horietan historialarien babesa izan zutela argitu du Garcia Uribek. «Historia ez apurtzen lagundu ziguten: arrasto metalikoen prospekzioa egin genuen...». Halaber, Gasteizko EHUko Historia fakultatean egindako kongresua baliatu zuten mundu akademikoari jarduera horietara gerturatzeko eskatzeko.

Ricardo Zarate Casado elkarteko kideak gogorarazi du eremuak birgaitzeaz gain berebiziko garrantzia ematen diotela birgaitutako horri balioa emateari, baita lortutako informazioa ezagutarazteari ere. Lehengoratutako hiru eremuak ikusteko ibilbidea egokitu dute, baita seinale eta argibide taulen bitartez hornitu ere.

Espazioaren birgaitzeaz gain, herriko memoria mantentzeko ekintzak egiten dituzte: hitzaldiak, erakusketak... Urtean behin Aste Historikoa egiten dute, ekainaren 14aren inguruan. Hain zuzen ere, 1937ko ekainaren 14an bonbardatu zuten Ugao, baita bi pertsona hil ere. Aste horretan bisita gidatuak egiten dituzte, baita hildakoei omenaldia egin ere. «Urteren batean bi biktima horien 63 senide bildu ditugu; izugarri eskertzen dituzte gertatu zenari buruzko azalpenak». Etorkizunean lanak beste udalerrietara zabaltzeko asmoa agertu dute, baita interpretazio zentro batean lanean hastekoa ere.

Burdin Hesia Ugaon elkartea ez da ondare horretan lan egin duen elkarte bakarra. Sancho de Beurko elkarteak azpiegituraren katalogoa landu du urteetan, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin.

LEMOA

Udaletik herritarretara eta nazioartera igarotako prozesua

Lemoak (Bizkaia) 2012. urtean abiarazi zuen herriko memoria historikoa eta 36ko gerrak utzitako ondarea berreskuratzeko bidea. Mikel Garcia Lemoako Udaleko Gazteria teknikariak gogorarazi du udalak berak ez zuela gaiari buruzko informaziorik, eta herrian ere ez zegoela erreferentziazko pertsona edo elkarterik. «Garai hura bizi izan zutenen artean gaia tabua zen, eta gazteek ere ez zekiten Lemoatxa mendiak gerran zer garrantzi izan zuen; zaila izan zen lehen pausoa ematea».

Lanak bi ildotan abiarazi zituzten. Alde batetik, Lemoatx 1937 Lemoako Memoria Historikoaren Batzorde Herrikoia sortu zuten. Bestetik, nazioarteko auzolandegi programa batean hasi ziren, Eusko Jaurlaritzaren bitartez. Lehen lan ildoa abiarazteko, bilera ireki bat egin zuten, non herritarrek parte hartu baitzuten, baita zenbait historialarik ere. Udalerrian gaia lantzeko ardura hartu zuen herri batzordeak; hitzaldiak antolatu zituen, dokumentalak eman... Ordea, lana harago eraman dute azken urteetan.

Orain arte egindako ikerketa lana nabarmendu du Mikel Diego batzordeko kide eta historialariak: «Borrokan hil ziren 200 pertsonaren izenak ditugu, bi aldeetakoak, eta oraindik ez dugu bukatu». Horrez gain, herri batzordeak egin zuen ikur frankisten katalogoa; hura eskuan, udalera jo zuten, Memoria Historikoaren Legea bete zezala eskatzeko, baita lortu ere.

Bestetik, ondarea berreskuratzeko auzolandegia bi urtez egon da martxan. Betiere Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen gidaritzapean, hainbat herrialdetako gazteak izan dira Lemoatxa mendiko lubakien eta azpiegituren birgaitze lanetan: Korea, Mexiko, Alemania, Italia, Taiwan... «Lemoako memoria historikoa berreskuratzeaz gain, bilatzen duguna da lanean ari diren gazte horiek eredu izan daitezela lemoaztar gazteentzat».

«Gaur egun apur bat txiki geratu zaigu egitasmoa», aitortu du Garciak. Jakinarazi du epe luzeagoa hartuko duen proiektu batean lanean ari direla. Egitasmo horretarako finantzaketa lortzeko, Bruselara bidaiatu dute, bazkide bila. Horrekin batera, Lemoatxa ingurua «indartu» nahi dute, bertan gertatutakoa jakinarazteko: bisita gidatuak, interpretazio zentroa...

INTXORTA 1937

Banakoen ekinbideetatik abiarazita, helburu baten alde

2005. urtean Intxorta 1937 kultur elkarteak izaera ofiziala eskuratu zuen; hasieratik bertatik memoria historikoa berreskuratzea eta ezagutzaren zabaltzea finkatu zituen helburu gisa. Ordea, helburu horiek askoz ere lehenagotik lantzen ari ziren elkarte horren barruan zeuden kideak. «Banakoen ekinbideak elkartuta sortu zen», azaldu du Jon Etxezarraga elkarteko kideak.

Banakako ekinbideak XX. mendetik zetozen; 1980ko hamarkadan Octubre Taldeak 36ko gerrari buruzko ikerketa lana egin zuen Debagoienean, baita horrekin erakusketa bat egin ere. Bertan zen, besteak beste, Juan Ramon Garai, egun Intxorta 1937 elkarteko kide dena. Garaik eta beste kide batzuek ikerketa lanari eutsi zioten urteetan, baita ezagutza hori liburuetan bildu ere.

Urteetan mantendu zituzten ekinbide horiek, bakoitzak bere alorrean: ikerketa historikoa, argazkigintza, ondarearen kokapena... Etxezarragak oroitarazi du ez zirela garai errazak izan. «Interes arraroak genituen pertsona horiek ginen; inor gutxik nahi zuen gurekin hitz egin, ia denek baitzuten senideren bat hilda edo errepresaliatua». Ordea, elkarte gisa eratu zirenetik Elgetako Udalaren (Gipuzkoa) ekimenez Intxorta mendiaren inguruan lanean hasi ziren.

Tokiko administrazioarekin abiarazitako lanak zenbait modutan eragin du herrian. Lehenik eta behin, Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroa sortu zuten, non, besteak beste, ikus baitaitekeen frankismoak eragindako biktimen izendegia osatzeko proiektua, Izen guztiak, aurpegi guztiak, Intxorta 1937 elkarteak landua. Espaloia kafe antzokian kokatutako zentroan, garai hartako hainbat arma, tresna, egunkari eta bestelako material daude ikusgai, baita informazioa osatzen duten maketa eta azalpen grafikoak ere.

Horrez gain, Intxorta mendian lehengoratutako ondarea ikusteko, bost kilometro inguruko ibilbidea egokitu dute Elgetako Udalaren eta elkartearen artean: lubakiak, gotorlekuak... Nork bere kabuz egin dezake ibilbidea, baina bisita gidatuak ere eskaintzen dituzte, hileko lehen eta azken asteburuan.

Memoria historikoa zabaltzeko ekinbideak ez dituzte bi lan ildo horietara mugatzen, ordea. Ikerketez eta liburuez gain, azken bi urteetan Intxortako bataila irudikatu dute; egun horietan herriak atzera egin du historian, eta kaleak gudariz, errepublikazalez, erreketez, falangistaz eta matxinoen soldaduz bete dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.