Denboraren lekukoa

Korrika aldatuz joan da sortu zenetik igaro diren 37 urteetan. Aldi bakoitzerako aukeratu duen leloak, omendu dituen pertsonak eta izan dituen gorabeherak euskalgintzan izan diren gertakarien isla ere badira.
Ramon Labaien euskaltzale eta Donostiako alkate izandakoa, lekukoarekin, Donostian, 11. Korrikako azken kilometroan.
Ramon Labaien euskaltzale eta Donostiako alkate izandakoa, lekukoarekin, Donostian, 11. Korrikako azken kilometroan. EDURNE KOCH / ARGAZKI PRESS

Berria -

2017ko martxoak 29
Korrika 1980an sortu zenetik egin diren hemeretzi lasterketetan, hainbat ezaugarri finko izan dira: lehen kilometroan, pertsona edo talde esanguratsu batek eraman ohi du lekukoa; azkeneko metroak, berriz, AEK-ko kideek egiten dituzte, lekuko barruko mezuaren egileak lagunduta; Korrika bakoitzak izan ohi du kanta bat, lelo bat eta omendu bat. Aldi berean, ezaugarri horietako bakoitza bereizia izaten da Korrika guztietan.

Euskararen aldeko lasterketaren 37 urteko historian, tentsio politikoak izan dira. Adiskidetzeak ere bai. Euskarari lotutako azken hamarkadetako gertakariek isla izan dute Korrikaren mezuetan, omenduen aukeraketan... Euskalgintzari lotutako gertakarien errepasoa egiteko ere balio du Korrikaren historiari begiratu bat emateak. Hona lehenengo Korrikatik 19.era arteko laburpen bat.

1. KORRIKA (1980)

Oñatin (Gipuzkoa) hasi zen, 1980ko azaroaren 29an, Korrika Euskal Herria! lelopean, eta Bilbon bukatu zen, abenduaren 7an. Guztira, 1.820 kilometro egin zituen.

Lekukoa Bilbora iritsi zenean, barruko mezua falta zen: Rikardo Arregik Euskaltzaindiari idatzitako eskutitza. Ondorioz, AEK-ren diskurtsoa irakurri zen soilik.

Arregiren mezua ez irakurri izanak eta diskurtsoaren edukiek gaiztotu egin zituen AEK-k Euskaltzaindiarekin eta EAJrekin zituen harremanak.

Lehen Korrikak Xabier Peña idazle eta irakaslea omendu zuen.

2. KORRIKA (1982)

Iruñetik Donostiara artekoa izan zen 2. Korrikaren ibilbidea. 1.822 kilometro luze izan zen. 1982ko maiatzaren 22an hasi eta hilaren 30ean amaitu zen. AEK, euskararen alternatiba herritarra; Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde izan zen orduko leloa.

Lehenengo Korrikako okerra konpontzeko, Rikardo Arregi omendu zuten, eta bigarrenean iritsi zen haren mezua amaierara.

Lasterketa arriskuan izan zen, Nafarroako Gobernadore Zibilak herrialdea zeharkatzeko baimena ukatu ziolako Korrikari. Amore eman zuen azkenean. Bestalde, EAJren zuzendaritzak Korrika diruz ez laguntzeko eskatu zuen.

3. KORRIKA (1983)

Euskaraz eta kitto! izan zen aukeratutako leloa. Baionan hasita, 1.960 kilometro egin zituen 3. Korrikak, 1983ko abenduaren 3tik 11ra bitartean. Bilbon amaitu zen, eta hiriko poeta berritzailea omendu zuen: Gabriel Aresti.

4. KORRIKA (1985)

Atharratzetik (Zuberoa) Iruñera, Euskal Herria zeharkatu zuen Korrikak, Herri bat, hizkuntza bat lelotzat hartuta. 1985eko maiatzaren 31tik apirilaren 9ra bitartean, 1.927 kilometroko bidea egin zuen lekukoak. Piarres Lafitte euskaltzaina omendu zuen laugarren lasterketak, hura hil eta hilabetera.

5. KORRIKA (1987)

Hendaiatik (Lapurdi) Bilbora, 2.085 kilometroko ibilbidea egin zuen 5. Korrikak, 1987ko apirilaren 3tik 12ra bitartean. Euskara zeurea leloa zabaldu zuen. Balendin Enbeita izan zen aldi hartan omendua, eta haren seme Jonek abestu zuen aitak idatzitako mezua, amaierako ekitaldian.

6. KORRIKA (1989)

Euskara Korrika eta kitto. Euskal Herriak AEK leloak egin zuen 6. Korrikaren 2.100 kilometroko bidea, Iruñea eta Donostia artekoa. 1989ko apirilaren 14tik 23ra izan zen. Jose Migel Barandiaran antropologoa eta euskaltzalea omendu zuen Korrikak, hura oraindik bizirik zela.

7. KORRIKA (1991)

Gasteizek hartu zuen lehenengoz Korrikaren hasiera, 1991ko martxoaren 15ean, eta lehenengoz egin zituen azken metroak Bidasotik iparraldera. Baionan amaitu zen, 2.100 kilometroko bidearen ondoren, martxoaren 24an. Remigio Mendiburu Korrikaren lekukoaren sortzailea omendu zuen euskararen aldeko lasterketak, hura hil eta hurrengo urtean.

8. KORRIKA (1993)

Iruñean hasi zen 8. Korrika, eta Bilbon amaitu zen, 2.120 kilometroko bidea eginda. 1993ko martxoaren 26tik apirilaren 4ra bitartean ospatu zen, eta Denok maite dugu gure herria euskaraz izan zen leloa. Martin Ugalde kazetari, historialari eta idazlea omendu zuen Korrikak, Euskaldunon Egunkaria sortu zuen taldearekin batera. Mezua, berriz, Joxemi Zumalabek idatzi zuen. Korrika Kulturala kanpaina sortu zen.

9. KORRIKA (1995)

Donibane Garazin abiatu zen 9. Korrika, 1995eko martxoaren 17an, eta hilaren 26an iritsi zen helmugara, Gasteizen; Jalgi hadi euskaraz lelopean egin zituen 2.150 kilometro. Mikel Laboa omendu zuen aldi hartan. Laboak berak eraman zuen lekukoa azken metroetan, eta harena izan zen lekuko barruko mezua.

10. KORRIKA (1997)

Lehenengo Korrika gogora ekarri zuen 10.ak, eta ibilbide eta lelo bertsuak aukeratu zituen. Arantzazuko santutegitik abiatu (Oñati, Gipuzkoa), eta Bilbora egin zuen bidea, 1997ko martxoaren 14tik hilaren 23ra. Euskal Herria Korrika! aukeratu zuen lelotzat. Euskaltzaindia hemezortzi urtez gidatu zuen Luis Villasante omendu zuen Korrikak, eta hark egin zituen lehen metroak. Azkenak, berriz, Joan Mari Torrealdaik egin zituen, AEK-ko kideekin batera. Torrealdairena izan zen lekuko barruko mezua.

11. KORRIKA (1999)

Hamaikagarren Korrikak 1+1=hamaika. Zu eta ni euskaraz hautatu zuen lelotzat, eta 11 omendu izan zituen: Pedro Miguel Etxenike, Joxe Ramon Etxebarria, Jose Angel Iribar, Maitena Araguas, Etxepe enpresa, Mendia optika, Laudioko ikastolaren sortzaileak, Argiñe Iturregi, Euskalerria Irratia, Arantza udalerria eta Maiatz editoriala. Bakoitzari bere arloan euskararen alde egindako lana aitortu zioten. Korrika hark Iruñetik Donostiarainoko bidea egin zuen, 1999ko martxoaren 19tik 28ra bitartean.

Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz parte hartu zuen modu ofizialean Korrikan, 1997an AEK-k eta gobernuak harremanak bideratu ondotik. Azken metroak Ramon Labaien euskaltzale eta politikariak egin zituen, alkate izan zen hirian. Hura izan zen Korrika hartako mezuaren egilea.

12. KORRIKA (2001)

XXI. mendeko lehen korrikak globalizazioaren gaiari heldu zion. Mundu bat euskarara bildu izan zen leloa. Gasteizen hasi zuen bidea, martxoaren 29an, eta apirilaren 8an amaitu, Baionan. Juan Jose Ibarretxe izan zen Korrikaren lekukoa eraman zuen lehen lehendakaria. Andoni Egaña bertsolariak egin zuen azken kilometroa lekukoarekin, eta berak idatzi zuen mezua kantatu zuen. Euskal Herriko Bertsozale Elkartea izan zen omendua.

13. KORRIKA (2003)

Maulen hasi eta Iruñean bukatu zen 13. Korrika. 2.150 kilometro egin zituen, 2003ko apirilaren 4tik 13ra bitartean. AEK-rekin herri bat geroa lantzen leloa zabaldu zuen. Euskaldunon Egunkariaren kontrako polizia operazioak eta haren itxierak eragin zuzena izan zuten. Martxelo Otamendi orduko Euskaldunon Egunkariaren zuzendariak idatzi zuen mezua.

Nafarroako Gobernuak Korrika Iruñean sartzea debekatu zuen, baina antolatzaileek auzitara jo, eta debekua indargabetzea lortu zuten.

13. Korrikak Ez Dok Hamahiru mugimendua omendu zuen, eta, harekin batera, euskal kulturaren pizkundea bultzatu zuen belaunaldi oso bat.

14. KORRIKA (2005)

Beren burua euskalduntzeko erabakia hartu zuten pertsonak omendu zituen 14. Korrikak. Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai! izan zen leloa. Haiekin batera, hilabete batzuk lehenago hil zen Andolin Eguskitza euskaltzaina ere omendu zuen. Tere Irastortza Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari zenak irakurri zuen mezua. Eguskitzak euskararen ikaskuntzari buruz esaten zituenak biltzen zituen. Ibilbidea Orreagan (Nafarroa) hasi zen, 2005eko martxoaren 10ean, eta Bilbon bukatu, hilaren 20an. 2.350 kilometro luze izan zen guztira.

15. KORRIKA (2007)

Heldu! zioen 15. Korrikaren leloak, eta hainbat mezutarako eman zuen: Heldu hitzari!, Heldu lekukoari!, Heldu elkarlanari!, Heldu euskarari!, Heldu herriari!. Karrantzatik (Bizkaia) Iruñera egin zuen 2.360 kilometro bidea, martxoaren 22tik apirilaren 1era bitartean. Euskal emakumeak omendu zituen Korrikak aldi horretan, euskararen transmisioan izan duten garrantziarengatik. Xabier Amuriza eta Miren Amuriza izan ziren mezuaren egileak, eta azken metroetan lekukoa eraman ostean kantatu zuten, Iruñeko ekitaldian.

16. KORRIKA (2009)

Ordura arteko korrikarik luzeena izan zen 16.a. Tuteratik (Nafarroa) Gasteizera, 2.503 kilometro egin zituen, 2009ko martxoaren 26tik apirilaren 5era bitartean. Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira izan zen leloa. AEK-k euskara ikasi eta gero ondorengo belaunaldiei transmititu dietenen ahalegina omendu zuen. Hala, gai hura jorratu zuen Bidaia intimoak izeneko dokumentala prestatu zuen, Jon Maia bertsolariak zuzenduta. Pirritx eta Porrotx pailazoek egin zuten aldi hartarako mezua, eta haiek irakurri zuten Gasteizko amaiera ekitaldian.

17. KORRIKA (2011)

Euskalakarien Korrika izan zen 17.a. Hau da, euskara maitatu, ikasi eta erabiltzen dutenena. Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari leloa zabaldu zen. Trebiñutik (Araba) Donostiara egin zuen bidea, 2011ko apirilaren 7tik 17ra. Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz telebistako aurkezleek idatzi zuten mezua, eta Euskaltzaindia izan zen urte hartako omendua.

18. KORRIKA (2013)

Euskara batasunerako elementu gisa aurkeztu zuen Korrikak 18.ean, Eman euskara elkarri leloarekin. Andoaindik (Gipuzkoa) abiatu zen, eta Baionarainoko bidea egin zuen, 2013ko martxoaren 14tik 24ra bitartean. AEk-k euskara ikasten ari zirenak omendu zituen, euskaraz bizi ahal izateko urratsa egiteagatik.

19. KORRIKA (2015)

2015eko martxoaren 19an hasi zen, Urepelen (Nafarroa Beherea), eta Bilbon amaitu zen, hilaren 29an. 2.500 kilometro egin zituen lekukoak, eta, harekin batera, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak idatzitako mezuak. Euskara erabiltzearen garrantzia nabarmendu zuen Agirrek. Hain zuzen, Euskahaldun izan zen 19. Korrikaren leloa. Durangoko Azoka omendu zuen AEK-k.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna