Zahar etxeak. Gipuzkoako lan gatazka

Beste hilabete bateko greba egingo dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileek

ELA sindikatuak egin du deia, argudiatuta beste deus ere ezin dela egin patronalaren jarrera «prepotenteari» aurre egiteko. Hilaren 12ko bilerara, berriz, ez dira joango

ELAko langileak atzo protestan, diputazio aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak deituta, agerraldia egin zuten atzo goizean Gipuzkoako zahar etxeetako langile ugarik, eta agerian utzi zuten greban jarraitzeko asmoa. Atzo bertan amaitu zuten hilabete osoko greba bat, eta esan zuten beste hilabete batean behintzat segitzeko asmoa dutela: martxoaren 8ra arte, Emakumeen Nazioarteko Egunera arte, hain zuzen ere. Usu nabarmendu dute sektorean batez ere andrazkoak ari direla eta soldata «arrakalaren» kontra egitea dela helburu nagusietako bat; egun aski seinalatua izango da, beraz, grebari amaiera emateko. «Mingostasunez eta haserre» eman zuten atzogreba deialdi berriaren albistea; izan ere, 2018ko irailetik ari dira herrialdeko lan itun baten alde egiteko mobilizazioetan, eta 200 greba egun baino gehiago egin dituzte: atzo 207.a izan zen. ELAk du gehiengoa sektorean, baina ez da grebak eta protestak egin dituen bakarra: LAB sindikatuak deituta ere hainbat mobilizazio eta greba egin dira igaro hilabeteotan.

«Argi eduki dezatela ez garela geldituko», adierazi zuten atzo ELAko langileek. Gatazka hasi zenetik patronalak langileekiko «prepotentziaz» jokatu duela argudiatu zuten, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ez diela inolako babesik erakutsi. Erakunde horrexen aurrean egin zuten atzo, hain justu, grebarako deia egiteko agerraldia; auzian duen erantzukizuna gogora ekarri nahi izan zuten modu horretan. Izan ere, zahar etxeetako tokirik gehienak erakunde horrek itundutakoak dira, eta lan gatazka bideratzeko neurriak eskatzen ari zaizkio langileak horregatik. Atzo ere ere berritu egin zuten galdera: «Gipuzkoako Foru Aldundiak ez al du ezer esateko eta egiteko ere?». Orain arte, hala ere, uzkur jokatu du erakundeak auziari buruzko azalpenak ematean; beti argudiatu du langileen eta enpresen artean konpondu beharrekoa dela gaia, ezin duela deus egin.

Harremanak etenda

Ez zen ezustekoa izan atzoko deialdia. Urtarrilaren 23an egin zuten azken bilera sindikatuek eta patronalak, eta langileen ordezkariek argi utzi zuten orduan gatazka gordintzeko arriskua zegoela. Patronalaren proposamen bat jasotzeko esperantzarekin joan zirela adierazi zuten, baina «onartezina» izan zela enpresetako ordezkariek erakutsitako jarrera: izan ere, salatu zuten patronalak ez zituela kontuan hartu nahi langileen eskerik oinarrizkoenak ere. Sindikatuen arabera, patronalek bilerara eraman zuten proposamenean 2019-2022ko urteak hartzen ziren aintzakotzat: 2017. eta 2018. urteetarako itunak langileentzat ekar zitzakeen onurak galdutzat ematen ziren. Sindikatuek usu utzi dute agerian ez daudela prest «marra gorri» hori onartzeko, eta, horregatik, adierazi zuten kalean jarraitu beharko zutela: «Greba gehiago izango dira:». Atzo mezu hori berrituzuten: «Ez dago beste biderik».

Gatazka hasi zenetik, langileen lan baldintzak hobetzeko neurri bakar bat egon da, baina herabea izan zen, eta behin betiko konponbide bat lortzeko motza: iazko azaroaren 8an UGTk soldaten gaineko itun bat lotu zuen enpresekin, baina langileen ordezkaritzaren %10 besterik ez du sindikatu horrek sektorean, eta beste sindikatuek ez zuten ontzat jo. ELAko ordezkariek atzoko agerraldian adierazi zutenez, hainbat enpresak «akordio miserable» hori ere ez ezartzea erabaki dute orain, eta patronalaren jarrera agerian uzten du horrek.

LAB eta CCOO ere ez doaz

Horiek horrela, ELAko ordezkariek esan dute ez direla joango hilaren 12rako deituta dagoen negoziazio mahaira. Langileen oinarrizko eskabideak aintzat hartzen ez dituen proposamen «serio» bat mahai gainean jartzen ez den bitartean bilerak «antzerki» hutsa izango direla adierazi dute, eta ezin dela horietan parte hartu. LAB sindikatuko ordezkariek ere adierazi dute ez dutela bilerara agertzeko asmorik; elkartuta daude zahar etxeetako egoiliarren senitartekoak, mobilizazioak egiten ari dira gatazkaren konponbidea eskatzeko, eta, haiek deituta duten protestara joango dira. Asmo hori bera dute CCOOko ordezkariek ere. Bileran UGT bakarrik dela, nekez egingo da aurrera, beraz, datorren astean ere. Auzian aldundiak duen erantzukizuna nabarmendu nahi izan du LABek ere asteon, berriro: «Sektorearen arduradun nagusia diputazioa da; prozesu honetan pausoak ematen hasi beharko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.