GHKren egoera ekonomiko larria Bilduk bultzatu duela dio aldundiak

Gipuzkoako Diputazioaren ustez, azken lau urteetako «gestio txarraren ondorioz» pilatu da zorra

Zubietako errauste planta legealdi honetan egingo dutela baieztatu du aldundiak. Irudian, planta egingo duten orubea, lanak hasi berritan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
2015eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
GHK Gipuzkoako HondakinenKontsortzioaren egungo egoera ekonomiko larriaren jakitun zen Gipuzkoako Foru Aldundia, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak atzo ohar bidez baieztatu zuenez. Atzo BERRIA egunkariak aurreratu zuenez, Espainiak izaera aldatu dio partzuergoari, eta, ondorioz, diputazioak egin beharko dio aurre erakundeak pilatu duen zorrari; GHK desegitea ere aztertu beharko du. Asensiok,baina, muzin egin dio erakundeko kontu hartzaileak egindako txostenari, eta, arazoaren muina 2011n sinatutako finantza produktu espekulatiboetan jarri ordez, GHKren egoera ekonomiko larria «EH Bilduk azken lau urteetan egindako gestio txarraren ondorio» dela esan du. Markel Olano ahaldun nagusiaren hitzak bere egin, eta «aldundiaren egoera ekonomiko-finantzarioa bermatuta» dagoela gaineratu du Ingurumen diputatuak. Hala, errauste planta eta gainerako azpiegiturak legealdi honetan eraikiko dituztela berretsi du.

Partzuergoa publikoa denez, diputazioari dagokio orain GHKren zorrari aurre egitea, eta zor hori zenbatekoa den «zehatz jakiteko» azterketa juridiko eta ekonomiko-finantzarioa eskatu du partzuergoak. Azterketa horretan jasotakoaren arabera erabakiko du erakundeak nola egin aurre egoerari.

Txostena iritsi bitartean Batzar Nagusietan azalpenak emateko prest agertu da Ingurmen diputatua, baina esan du «harritzekoa» dela orain arte kontu hartzaileak egoeraren berri eman ez izana. Are gehiago, «kontsortzioak azken urteetan izan dituen galerak aurreko lantaldeak hartutako erabakien ondorio» dira, Asensioren arabera: «Aurreikusitako azpiegiturak gelditzeagatik, kontratuak etetearen ondorioz ordaindu beharreko kalte-ordainengatik, eta horiek eragin dituzten auziek sortu dituzten erantzukizunengatik».

Aldundia, «ezkutuan»

Foru aldundiak GHKren «bideragarritasunik eza» ezkutatu izana «oso kezkagarria eta larria da» EH Bildurentzat; horren berri ez eman izanak «agerian uzten du aldundiaren ezkutaketa asmoa errauste planta eraikitzeko sortutako egitura juridiko, ekonomiko eta instituzionalaren inguruan».

Abuztuaren 1ean jakinarazi zion Espainiako Ogasun Ministerioak aldundiari GHK publiko bihurtuko zela, eta, koalizioaren ustez, foru aldundiak «nahita ezkutatu du» aldaketa hori. Xabier Olanok jakinarazi du abuztuaren 26an idatziz galdetu ziotela Asensio Ingurumen diputatuari zein zen errauste plantaren egoera, eta hark irailaren 29an emandako erantzunean ez dela izaera aldaketari buruzko informaziorik jaso.

Izaera aldaketa jakinarazi zenetik igaro diren hiru hilabeteetan «Batzar Nagusietan lau osoko bilkura egin dituzte; Markel Olanok bi aldiz egin du agerraldia; Javier Larrañaga Ogasun diputatuak, lautan; eta Asensiok, beste behin», EH Bilduko bozeramailearen arabera. «Agerraldi horietan, inork ez du aipatu ere egin horren garrantzitsua den informazioa». Beraz, Olanoren esanetan, «argi dago ezkutukeriaz jokatu dutela».

Zortzi erakunderen gain

GHK zortzi erakundek osatzen dute egun, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak du partaidetzarik handiena; beraz, hari dagokio GHKren zorraren ardura hartzea. Diputazioarena da %33, Deba Garaia Udal Elkartearena %6, Debabarrenarena %7, San Markosena %29, Sasietarena %6, Tolosaldearena %5, Urola Kostako Udal Elkartearena %4, eta Urola Erdiko Mankomunitatearena %3.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.