PSEko burua, etxean ordena jarri ezinik

Cabiecesek Kutxabanketik dirutza jaso izana ez dela zilegi esan du Lopezek eta irakasgairik ez emateko erantzun dio inputatuak, haserre

Idoia Mendia, Carlos Totorika eta Denis Itxaso Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusigaiekin, atzo. J. RUIZ / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Saiatu da. Etxean zikinkeria agertu denean, egoera lasaitzen ahalegindu da Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia. Zalaparta handiegirik ez sortzen, eta liskarrak etxe barruan gordetzen. Ez du lortu, ordea. Mikel Cabiecesek Kutxabanketik dirutza jaso zuela argitaratu ondoren, elkarri muturka agertu dira Cabieces bera eta Patxi Lopez.

Bilboko epaitegian dagoen auziko ikerketen arabera, Kutxabankek 243.000 euro ordaindu zizkion Cabiecesi: Espainiako Gobernuak EAEn izan zuen ordezkari eta gero PSEko zuzendaritzako kide izan denari. Ordainketak egin zirenean Mario Fernandez zen Kutxabankeko presidente, eta Cabiecesi 6.000 euro ematen zizkion hilero, Kutxabankek berak egindako salaketak dioenez.

Bai Cabieces eta bai Fernandez inputatuta daude ustezko ordainketa «irregular» horiengatik, eta PSEko buruak neurriak hartu behar zituen. Mendiak berak azaldu duenez, egin behar zuena egin zuen orduan. «Oso modu argi eta zorrotzean jokatu nuen». Eta lortu zuen esperotakoa: Cabiecesek alderdia utzi zuen, «behin-behinean». Bai PSEren zuzendaritza, bai militante txartela.

Patxi Lopez lehendakari ohi eta PSEren idazkari ohiak igandean egin zituen adierazpenek, ordea, nahastu egin ditu nahiko bideratuta ziruditen urak. Cabiecesek Kutxabanketik 243.000 euro jaso izana «onartu ezinezkoa» dela esan zuen. Lopezen hitzek, haserretu egin dute Cabieces, eta Lopezen aurka egin du jendaurrean.

Mendiak agerraldi batean azaldu duenez, PSEko buruak bazuen Cabiecesen asmoen berri. Bazekien Lopezi erantzuteko asmoa zuela, inputatuak berak esan baitzion astelehen iluntzean telefonoz. Mendia saiatu zen Cabiecesen kontraerasoa saihesten, baina ez zuen lortu. Inputatuak gutuna argitaratu zuen atzo, El Correo egunkarian: «Ez dut onartuko bere familian nirean baino diru sarrera gehiago dituenak eta iraganean egin duen lana egiaztatu ezinezkoa duenak emandako irakasgairik». Are, duela urte batzuk bere koinatu Melchor Gilek ustez egindako iruzurraren aurrean isilik egon izana aurpegiratu dio. «Kasu hori onargarria izango zen, antza».

Lehendakari ohiaren hitzak PSEri ez diotela onurarik egiten ohartarazi du Cabiecesek. Bera, ordainketen albistea publiko egin zenean, alderdiari kalterik ez egiteko aldendu zela PSEtik. «Baina ikusten ari naiz nire isiltasuna erabiltzen ari dela nire zintzotasuna kolokan jartzeko, eta ez nago hori onartzeko prest».

Mendiak, berriz, alderdikideen arteko liskarrari buruzko azalpenak eman dituen agerraldian iragarri du zerga iruzurraren aurka egiteko determinazioa duela PSEk. Delitu horregatik zigortuta daudenen izenak jakinarazteko proposatu du.

Kutxabanken erabakia

Kutxabankek, gaur erabakiko du bere burua aurkeztuko duen edo ez Mario Fernandez presidente izan zuenaren aurkako auzian.Administrazio Kontseilua bihar biltzekotan da, eta zer egin batzar horretan erabakitzekoa zen. Baina bankuak Bilboko Epaitegiaren gutuna jaso du, erabakia lehenbailehen hartzeko eskatuz. Ostegun goizean jarri dio erabakiaren berri emateko hitzordua epaileak, eta, beraz, Administrazio Kontseiluak gaur erabakiko du zer egin, ezohiko batzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.