KRONOLOGIA

2018ko irailaren 13a
00:00
Entzun
1983ko urtarrila: ETBren emisioak hasi ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

1983ko apirila: Arabako lautadatik heltzen zen seinalea baliatuz, Altsasuko herritarrek hainbat hedagailu paratu zituzten Sakanako mendietan ETB jaso ahal izateko.

1985eko otsaila: Boeing 727 hegazkin batek EITBren antena bat jo zuen, eta Oiz mendian erori zen. 148 pertsona hil ziren ezbehar hartan. Istripuaren ondorioz, gainera, ETBren seinalea etenda gelditu zen eta Sakanan jarritako hedagailuak erretiratu zituzten, jada ez zutelako ezer jasotzen.

1985eko abendua: Manifestazio bat antolatu zuen Euskal Telebistaren Aldeko Koordinakundeak, «ETB Nafarroa osoan jaso ahal izateko, diskriminaziorik eta ghetto linguistikorik gabe».

1986ko otsaila: Paz de Ziganda ikastolako guraso talde baten ekimenez, Rafa Zazpek eta Jesus Azpeitiak hedagailu «pirata» bat jarri zuten Aralar mendiko santutegian, ETB Iruñerrian ikusi ahal izateko. Birritan igo behar izan zuten, lehen aldian gaizki jarri baitzuten antena. Horren ostean, beste hainbat tokitan jarri zituzten hedagailuak: Aurizberrin, Lizarra inguruan eta Tuteran (Beterri peñaren ekimenez), besteak beste. Modu alegalean, ia Nafarroa osoan ikus zitekeen ETB, UHF frekuentziaren bidez.

1988ko maiatza: EITBko langileak joan ziren Aralarko San Migel santutegira, ETB1ena ez ezik, ETB2ren hedagailua ere paratzeko. Inocencio Aierbe kapilauak ez zuen halakorik onartu, ez baitzen euskarazko kate bat.

1991ko maiatza: UPNk irabazi zituen foru hauteskundeak. Euskal Telebistaren aurkako diskurtso suharrak egin zituzten erregionalistek, «ETB jasotzeak nafarren identitateari, pentsaerari eta izaerari eragiten ahal diela» iritzita. Hala ere, ez zituzten emisioak eten, ezta debekatu ere. Alegaltasunean mantendu zituzten.

1995eko urria: PSN, CDN eta EAren arteko hiruko gobernua agintera iritsita, ETBren emisioalegeztatzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten Jose Antonio Ardanza (EAJ) eta Javier Otano (PSN) EAEko eta Nafarroako lehendakariek. Akordioak ez zuen garapenik izan.

2009ko uztaila: Hitzarmen berri bat sinatu zuten Patxi Lopez (PSE) eta Miguel Sanz (UPN) lehendakariek, 1995ekoa oinarritzat hartuta. Itunaren xede nagusia zen ETBren emisioa bermatzea, itzalaldi analogikoaren aurrean; horretarako, Espainiako Gobernuak bigarren multiplex bat eskaini zion Nafarroari, milioi bat euroren truke. Ez zen inoiz ezarri. Nafarroako Gobernuak ez zuen zentimo bakar bat ordaintzeko asmorik; Jaurlaritzak eta ETBk, berriz, ez zuten gastu osoa beren gain hartu nahi. Ofizialki hautsi ez bazen ere, hitzarmena ez zen inoiz aplikatu.

2009ko abendua: «Itzalaldi analogikoa» heldu zen Nafarroara. Kate guztiak lurreko telebista digital bidez emititzen hasi ziren. ETB1ek eta ETB2k emisio analogikoei eutsi zieten, hainbat hilabetez, legez kanpo.

2012ko urtarrila: Eusko Alkartasunako afiliatuen artean 12.000 euro bildu, eta hedagailu bat jarri zuten Erreniega mendian, ETB1 eta ETB2 digitalean ikusi ahal izateko.

2013ko urtarrila: UPNren salaketa bat tarteko, epaile batek 54.000 euroko isuna jarri zion EAri, eta Guardia Zibilak hedagailua zigilatu zuen.

2015eko uztaila: Gobernu itun programatikoa sinatu zuten Geroa Bai, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Berehala iragarri zutenETBren seinalea digitalizatuko zutela. ETBren lau kanalak ikusteko aukera eman zuten, lehen aldiz.

2016ko maiatza: Espainiako Gobernuko Industria Ministerioak emisioak eteteko agindu zionEITBri, berriz ere, UPNk jarritako salaketa bat tarteko. Ehunka herritar bildu ziren erregionalisten egoitzaren aurrean, protesta egiteko.

2016ko uztaila: Hitzarmena sinatu zuten Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, ETBren emisioak behingoz legeztatzeko.

2016ko urria: ETB1 katea Nafarroa osora hedatu zuten, Vaughan TV kateak herrialdeko multiplex autonomikoan zuen lizentziari uko egin ostean. ETB2 eta ETB3 ere ematen hasi ziren, tokiko telebistentzako lizentzien bidez, Tuteran, Lizarran, Zangozan eta Tafallan. Iruñerrian, ETB2 bakarrik.

2018ko abuztua: Nafar Telebistaren itxierak libre utzitako lizentzia autonomikoa baliatu du Nafarroako Gobernuak, ETB2ren emisioa Nafarroa osora hedatzeko. ETB3 ere Iruñerrira zabaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.