Uholdeek 5.000 hektarea hartu dituzte

Nafarroan, uholdeen kalteak 2015ekoak baino txikiagoak izan dira. Sindikatuek kritikatu egin dute Ebroko Ur Konfederazioaren kudeaketa

Urpean dauden lursailak, Fustiñanan (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Apirilaren 14ko eta 15eko uholdeek Nafarroako Erriberan eragindako kalteen lehenengo ebaluazioa egin dute Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek. Gobernuak emandako datuen arabera, urak 6.500 hektarea hartu ditu Ebroibaiaren inguruan, eta beste 3.500 hektarea Arga eta Aragoi ibaien inguruan. Horietatik 5.272hektarea landutako lurrak ziren.

Galera horiei gehitu behar zaizkie lortu gabeko irabaziak; alegia, nekazariek, lursailetan sartu ezin diren bitartean, irabaziko ez duten dirua. Hala ere, ura lursailetatik joan arte ezingo dituzte behin betiko datuak eman. Orain, berriz, arrisku nagusia da bero handiaren ondorioz Pirinioetako elurra urtzea, eta uholde gehiago egotea.

Felipe Etxetxipia EHNE sindikatuko teknikariak azaldu duenez, aurtengo ibaialdiak eragindako galerak ez dira izan 2015ekoak bezain handiak: urte horretan 10.000 hektarea hartu zituen,—horietatik 6.735 landutako lurrak. Aurten, baina, «garai txarrean» iritsi da uholdea: «Biltzeko zeuden uztak hartu ditu, zainzuria eta brokolia, adibidez, eta horietan kaltea handia izan da; seguruenik, galdu egingo dira». Bestalde, zenbait laboreren ereitea atzeratuko du; artoarena, kasurako.

Orain, presakoa da apurtu diren euste dikeak konpontzea. Nafarroako Gobernuak jakinarazi du teknikariak bidaliko dituela kaltetutako eskualdeetara, kalteen balorazioa egiteko eta konponketak egiten hasteko.

Bitartean, laborariak zain daude. «Itxaron beharko dugu ura lursailetatik joan arte, eta sartzen garenean ikusiko dugu zerbait berreskuratu dezakegun», adierazi du Felix Floristanek. Fustiñanako nekazaria eta abeltzaina da, eta urpean ditu 31 hektarea lur: alpapako bederatzi, kinoako zortzi, belar bazkako bost, gari gogorreko lau eta ilarretako bost. Uztaren «zati handi bat» galduko duela uste du. «Kinoak, adibidez, ez ditu ura eta beroa ondo jasaten; eta biak batera heldu dira».

Abereei dagokienez, galera bakarra Casedako abeltzain batena izan da: ibaiak haren 600 ardi eraman zituen. Esan zuenez, Esako urtegiak ura askatu zuen, eta baina ez zuen abisua garaiz jaso. Felix Bariain UAGNko presidentearen ustez, halako ezbeharrak saihesteko komunikazioa hobetu behar da, «denbora tarte txikiarekin abisatzen baitute».

UAGN eta EHNE sindikatuak bat datoz Ebroko Ur Konfederazioaren kudeaketa kritikatzean, Esako eta Itoizko urtegiek %90eko kota izanda, ura azkeneko orduan askatu zutelako, nahiz eta euria egitea espero zen. EHNEk «zabarkeriatzat» jo du Konfederazioaren jokabidea, eta azalpenak eskatu dizkio.

UAGNko presidenteak, berriz,salatu du ibaietan landaredia asko dagoela. «Ondorioz, ibaiak ez du tokirik, eta bere gain egiten du». Konfederazioak toki horiek garbitu beharko lituzkeela esan du: «Haiek, ordea, esaten dute ezin dutela ezer egin, ingurumen politikak oso zorrotzak direlako; hori ez da egia, hondar lehorrak ken daitezke». Erantzukizun falta dagoela gaineratu du. Harekin bat dator Floristan nekazaria: «Ibaia itsu dago; igotzen den bakoitzean dardarka hasten gara».

Diru laguntzen zain

Kalteak neurtu ostean, diru laguntzak eskatzeko unea heldu da. Lurrak aseguraturik dituzten nekazariek berreskuratuko dituzte galerak. Baina, Etxetxipiak azaldu duenez, zenbait labore ez aseguratzeko ohitura dago, ez dutelako arrisku handirik. Kasu horietan, kalteak natur hondamendi gisa baloratzen badira, laborariek diru laguntzak jasoko dituzte. «Asmoa da mundu guztiari ordaintzea, gutxienez zati bat», azaldu du Etxetxipiak. Hala ere, haren ustez, beharrezkoa da ohitura hori aldatzea eta nekazariek lursail guztiak aseguratzea.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak sindikatuei jakinarazi die Espainiako Gobernuarekin negoziatuko duela, diru laguntzen kudeaketa Nafarroan egin ahal izateko. Honela, prozesua bizkortu nahi dute, eta beste urte batzuetan egondako koordinazio falta saihestu.

Sindikatuak pozik daude Nafarroako Gobernuaren kudeaketarekin. «Nekazariekin eta sindikatuekin elkarlanean aritzeko prest agertu dira», adierazi du Bariainek. Etxetxipiak, berriz, adierazi du ez dela erraza «hain denbora laburrean» ebaluazioa egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.