«Erreskatatutako iheslari bakar bat ere ez lukete itzularazi behar Libiara»

Libian lehorreratu dituzten 140 errefuxiatuen egoeraz kezkakuta agertu da UNHCR. Mediterraneoan ontzi bakar bat dago erreskateak egiten

Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Rando Wagner argazkilariarena da etenik ez duen tragedia batenazken irudia: Libiako kostaldeko hondartza batean dozenaka gorpu, izara zuri batez estalita. Asteburuko argazkia da. Bien bitartean, igandean, 140 iheslari zeramatzan patera hondoratzekotan zen. Libiak Sierra Leonako Lady Sham merkataritza ontzia bidali zuen erreskatea egitera. Libiatik itsasoratu zen txanela handia, eta iheslariek nazioarteko uretan zeudenean bidali zuten abisua, astelehen goizean. Alarm Phone gobernuz kanpoko erakundeak jaso zuen alerta, eta, salatu duenez, estatu kide bakar batek ez zuen erreskatea egiteko ardura bere gain hartu nahi izan. Italiako eta Maltako arduradunek bata besteari leporatzen zioten ardura.

Erreskatea hamahiru ordu geroago egin zen, gauez, egoera dramatikoan. Italiak Libiaren jokaera babestu du esanez herrialdeko beste bi erreskate ontziak lanez gainezka zeudela eta horregatik bidali zutela merkataritza ontzia. Lady Sham-ek Misratan lehorreratu zituen ehun iheslariak, astelehen gauean.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria Libian lehorreratutako iheslarien egoerarekin kezkatuta agertu da. Charlie Yaxley bozeramaileak ohartarazi du herrialdean indarkeria zantzuak daudela, etengabeak direla giza eskubideen urraketak, eta, beraz, ez dela «leku segurua» immigranteak lehorreratzeko: «Erreskatatutako iheslari bakar bat ere ez lukete itzularazi behar Libiara».

IOM Migrazioen Nazioarteko Erakundeak jakinarazi du iheslariak atxilotze gune batera eraman dituztela. Yaxleyk, alde horretatik, salatu du atxilotze guneak trafikatzaileen eskuetan daudela eta zentro horietan «tortura» praktikatzen dela.

Europa erantzule

Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak astelehenean argitara emandako txostenean berresten da hori. Tripoli, Misrata eta Zuwarako lau gune ikuskatu zituzten erakundeko ordezkariek uztailean, eta ehun bat atxiloturekin hitz egin ostean osatu dute dokumentua. Atxilotze zentroak «amesgaizto bat» direla ohartarazi du erakundeak, «gainezka» daudelako, baldintzak «osasunaren kalterako» direlako, eta tratua «ankerra, gizagabea eta bihozgabea» delako.

Europa egiten du egoera horren erantzule. Europako Batasunak Libiako kostazainei emandako laguntza baita, erakundearen arabera, «muturreko eta abusuzko atxiloketa arbitrarioen» jatorria. Zentro horietan nazioarteko legedia urratzen dela salatu du erakundeak, iheslariek torturak, indarkeria sexuala eta estortsioa pairatzen dutelako eta derrigorrezko lanak egitera behartuta daudelako.

UNHCRk bat egiten du tesi horrekin. Europari «elkartasuna eta babesa» eskatu dizkio erakundeak: «Mediterraneoan premiazko erantzun bat eman behar da». Eskaera zehatzak egin ditu: estatu kideen arteko koordinazioa sustatzea, porturatzeko baimenak ematea eta erreskate ontziei lan egiten uztea.

Kontua da oraintxe ontzi bakarra dagoela erreskateak egiten: Sea Watch. Itsasontzia, baina, porturatu ezinik dabil larunbatetik, nazioarteko uretan 47 errefuxiatu erreskatatu ondoren. Espainiako Gobernuak Open Arms eta Aita Mari ontziei itsasoratzeko baimena ukatu ostean are arriskutsuagoa da zeharkaldia abiatzea. Ontzirik ez egoteak, baina, ez ditu zeharkaldiak eten.

Espainiako kostaldera 2.912 lagun iritsi dira urtea abiatu zenetik. Barne Ministerioak jakinarazi du iaz epe berean 625 iritsi zirela, eta aurten 63 ontzi lehorreratu direla, iaz epe berean baino 37 gehiago. Urtarrilaren 8tik, berriz, 132 lagun hil dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.