Ibar ibaia baretzeko urratsa

Kosovo iparraldean Udalerri Serbiarren Biltzarra sortzea adostu dute Belgradek eta Pristinak, serbiarrak gehiengo diren eremuan

Ibar ibaia baretzeko urratsa.
Adrian Garcia.
2015eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Gerrak 1990eko hamarkadan Balkanetan utzitako arrastoa Ibar ibaiaren bi ertzen arteko tartean nabari daiteke oraindik. Mitrovica Kosovo iparraldeko hiria bitan zatitzen du urak. Iparraldean, Kosovoko serbiarrak gehiengo diren udalerriak daude; hegoaldean, Kosovoko albaniarrak dira nagusi. Pristinaren eta Belgraden arteko harremanetan gai korapilatsua izan da Kosovoko serbiarren egoera eta estatus juridikoa. Bada, bi herrialdeetako agintariek akordio historikoa egin dute, eta Serbiar Udalerrien Biltzarra sortzea adostu dute. Bi herrialdeen arteko hartu-emana normalizatzeko eta gerrak eragindako ezinikusia amaitzeko lehen urratsa izan arren, negoziazioak ez dira amaitu; oztopoz beteriko bidea gainditu beharra dute oraindik.

Bederatzi orduz bildu ziren asteartean Aleksandar Vucic Serbiako lehen ministroa eta Isa Mustafa Kosovokoa, EB Europako Batasuneko bitartekaritzarekin. Herenegun iluntzean eman zuten akordioaren berri. «Mugarria da», adierazi du EBko diplomazia arduradunak, Federica Mogherinik. «Prozesua normalizatzeko lorpen itzela da. Lehen ministroen dedikazioa berebizikoa izan da horretarako. Konponbideak onura handia ekarriko die herritarrei, eta, era berean, bi herrialdeak Europarako bidean jarriko ditu».

Edonola ere, bi herrialdeen arteko mesfidantza agerikoa egin da agintariek itunari buruz azalpenak eman dituztenean. Biak pozik atera dira bilkuratik, baina kontrako bertsioak eman dituzte, batez ere Serbiar Udalerrien Biltzarraren inguruan. Vucicen arabera, erakundeak eskuduntza zabalak izango ditu; presidente eta presidenteorde bat, legebiltzar bat, armarria eta bandera. «Elkarteak erabakitzeko ahalmena izango du. Osasunean, hezkuntza, hirietako eta landaguneetako plangintza eta garapen ekonomikoa kudeatuko du, eta Serbiak finantzatuko du. Itunak berresten du Serbiak biltzarra finantzatzeko eskubidea duela, inolako zerga erantsirik gabe», azaldu du Serbiako lehen ministroak.

Mustafaren esanetan, ordea, biltzarrak ez ditu ahal horiek izango, eta serbiarrak gehiengo diren udalerrientzako «laguntza bat besterik» ez da izango. Dena den, EBk biltzarraren gaineko ituna argitaratu du, eta, horren arabera, «erakunde juridiko bat» izango da, eta gobernuaren aurrean Kosovoko serbiarren komunitatearen interesak defendatzeko helburua izango du. Hurrengo lau hilabeteetan gorpuztu beharko dituzte biltzar horren estatutuak. Negoziazio liskartsuak espero dira. «Arazo asko egongo dira», aurreikusi du Serbiako lehen ministroak.

Oposizio gogorrari aurre egin beharko dio Mustafak Kosovon. Vetevendosje (Autodeterminazioa) alderdi nazionalista itunaren aurka agertu da, eta iragarria du protestak antolatuko dituela. Gerra amaitzean Bosnia eta Herzegovinan sortutako Serbiar Errepublikaren itzala ikusten dute udalerrien biltzarrean, eta ez dute nahi eredu bera Kosovon errepikatzea.

Telefono kode propioa

Energia eta telekomunikazio arloetan ere akordioak egin dituzte Kosovok eta Serbiak. Kosovoko serbiarrek energia hornitzaile propioa izango dute, litekeena Serbiako energia enpresa publikoaren adar bat. Bestalde, telefono kode propioa izango du Kosovok, baina Telekom Serbiako telekomunikazio enpresak herrialdean lan egiteko baimena izango du. Kosovoko serbiarrei ez diete gehiago ordainaraziko Serbiara deitzeagatik.

Mitrovica zubiaren erabileraren inguruko aurreakordioa ere egin dute. Kosovoko zatiketaren ikurra bihurtu da zubia, serbiarren komunitateko muga baita de facto. Jugoslaviako gerran borroka gunea izan zen, eta hainbatetan blokeatu dute zubia Mitrovica iparraldeko serbiarrek. Azkena, iazko ekainean.

Horrez gain, Belgradi eta Pristinari baliogarriak izan zaizkie elkarrizketak EBen sartzeko itxaropenak indartzeko. Urte amaierarakonahi ditu hasi Serbiako Gobernuak batasunean sartzeko lehen elkarrizketak. Kosovori, ordea, bide luzeagoa geratzen zaio.

Kosovoko gerra 1999an amaitu zen, NATOko bonbardaketa kanpainaren ondotik Serbiako indarrak erretiratu zirenean. 2008an, Kosovok alde bakarreko independentzia aldarrikatu zuen, baina Serbiak ez du onartzen. Gerra amaitu zenetik, Kosovoko serbiarrek saialdi ugari egin dituzte egitate propio bat sortzeko. 2013an hasi zituzten Serbiak eta Kosovok harremanak normaltzeko lehen elkarrizketak. EBren arabera, «mugarria» da herenegungo ituna, alde bientzako «onargarria» den egitura juridikoa adostu dutelako Kosovo iparraldearentzat. Alegia, Ibar ibaiaren bi ertzak baretzeko urratsa egin dutelako.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.