Toledoko Ituna, pentsioak KPIari lotzearen alde, baldintzekin

KPIaren itzulera onartu arren, PP, Ciudadanos, PDeCAT eta EAJk nahi dute atzeraldi urteetan bakarrik pentsio txikiak igotzea inflazioarekin

Pentsio duinen aldeko manifestazioa, Iruñean, joan den maiatzaren 26an. VILLAR LOPEZ / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Apirileko bileran adostutakoa berretsi zuen, atzo, Toledoko Itunak. Espainiako gobernu aldaketak ez ditu jarrerak aldatu pentsioei buruzko batzordean. Pentsiodunek astez aste herri eta hirietako plazak betetzen dituzten honetan, alderdi politiko guztiek bat egin dute, eta Espainiako Kongresuari egingo dioten gomendio zerrendako lehenengoa, behintzat, adostu dute: aurrerantzean pentsioak gaurkotzeko KPI kontsumo prezioen indizea kontuan hartzea. 2013an PPren gobernuak gehiengo osoa baliatuz onartutako erreformak ezarritako araua hautsiko dute —harrezkero pentsioei gutxieneko %0,25eko igoera aplikatu diete—, baina horrek ez du esan nahi 2013 baino lehenagoko egoera bueltatuko denik, ezta hurrik eman ere.

Adostasunak letra txikia dauka. Pentsioak gaurkotzeko orduan KPIa kontuan hartu nahi dute denek, «ardatz» izatea nahi dute, baina formula konplexuago baten barruan.

Merce Perea PSOEren eledunaren arabera, PP, Ciudadanos, PDeCAT eta EAJk testu bat babestu dute, zeinak proposatzen baitu eguneratze formulan, inflazioaz gain, beste faktore batzuk aintzat hartzea: esate baterako, BPG barne produktu gordinaren eta soldaten bilakaera, baita Gizarte Segurantzako kotizazioena ere.

Kalkulurako formula ez dute zehaztu, baina aipatu dute «elkarrizketa sozialaren barruan» adostu beharko litzatekeela, Espainiako Gobernuaren, patronalaren eta sindikatuen artean.

PPk, Ciudadanosek, PDeCATek eta EAJk ez dute nahi pentsio guztiak KPIaren arabera eguneratzea ekonomia atzeraldian dagoen urteetan. Haien ustez, bakarrik pentsiorik txikienak igo behar lirateke inflazioaren arabera, eta haren azpitik pentsiorik handienak. Edonola erz, ez dute zehaztu non jarri behar litzatekeen pentsio txikien eta handien arteko muga.

Trukean, prest leudeke oparoaldi garaian pentsioak inflazioaren gainetik gaurkotzeko, eskasia urteetako kaltea konpentsatzeko.

PSOEk eta Unidos Podemosek, ostera, KPIaren arabera eguneratu nahi dituzte pentsio guztiak beti, baita egoera ekonomikoa txarra denean ere. «Zekenkeria da pentsiodunak euren artean borrokan jartzea, pastelaren zatitxo bat nork eramango», arbuiatu du Aina Vidalek, Unidos Podemoseko bozeramaileak.

1.000 eurotik behera, %54

Toledoko Itunak datorren martitzenean edo eguaztenean egingo du hurrengo bilera, eta orduan bai, Perea sozialistak espero du alderdi politikoek itxiko dutela akordioa KPIan oinarritutako formularen inguruan. «Gogoz gaude denok, eta akordio bat lortzeko jarrerarekin. Zenbat eta arinago adostu pentsioak eguneratzeko gomendioa, hobe pentsiodunen konfiantza irabazteko», adierazi du sozialisten ordezkariak. Edozelan ere, Unidos Podemosen ildotik, gaineratu du ez liratekeela zatitu behar pentsiodunak: «Ez genuke hitz egin behar pentsio txikiez eta handiez, pentsiodunak elkarren kontra jarri gabe».

Toledoko Itunak KPIa zeharka berreskuratzeko bidea hartu badu ere, ez dirudi pentsiodunen plataformek kalean egindako eskariak aseko dituenik, 1.080 euroko gutxieneko pentsioarena, esate baterako. Hego Euskal Herrian, batez besteko pentsioa 1.138,2 euro da —Espainian, 930,27 euro—, baina pentsiodunena ez da talde homogeneoa: iaz 676.753 pentsiodun zeuden Hegoaldean, eta horietatik %53,4k hilean 1.000 eurotik behera kobratzen zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.