Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Zikindu

2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
Ekainetik darama Madrileko Reina Sofia museoak esperimentuarekin. Bertan diren obren aurrean, auzora erbestetik heldutako bitartekariek ematen dizkiete azalpenak bisitariei. Gazteleraz, frantsesez edo ingelesez gain, woloferaz, darijaz zein bengaleraz azaltzen zaie zer gordetzen den, esaterako, Picassoren Guernica-ren zimurretan. Ez da, baina, edozein gidaliburutan agertzen denaren itzulpena. Ez dira interprete hutsak. Oinarrizko jakingarriei esperientziak eransten dizkiete, eurenak, eta hala, elez ele, bizipenez zikintzen da obra, harik eta tolesetatik zabalduta, ikusleari askozaz koadro, eskultura, instalazio naroagoa azaltzen zaion arte begi aurrean. Museo mailara eramanda, eta aldeak alde, funtsean, Xabier Gantzarainek bere Zuloa estimatuan egin zuen ariketa bertsua.

Bistan da, horrela begiratuta, hasierako obrak ez du zerikusi handirik amaieran ikuslearen baitan loratzen den horrekin. Norberaren hizkuntzan azalduta (gure historia unibertsalean bazter utzi ditugun horietan), beste astindu bat ematen zaio denari. Ez baita objektu isolatu bat artelana, historia partikular eta kolektiboekin, eguneroko borroka handi eta txikiekin lotura duen lehengai bizia baizik. Eta hala agertu ohi dira, bakoitza berez, erbestearen gaia, mugena, kolonialismoarena.

Gero, jakina, ezinbestean datozkio ikusleari proiekzioak. Eta jakin-mina piztu zaio, ariketa bera hemen egitera, migrazioaren begiz azaltzera gure ondarea, nola zikinduko luketen balizko bitartekari horiek, kasurako, gure hainbat obra ikoniko euren bizipenekin. Eta arte erlijiosora zubi eginda, eta gaizto jarrita, zer nolako itxura hartuko luketen haien mintzo baztertuotan, konparazio batera, gure elizetako erretaula urreztatuek. Jarraitu nahi izatera, hamaika eta bat adar dituen ariketa.

Baina ez dezagun asmorik hauspotu. Ez dut uste gustuko genukeenik erakutsiko liguketen hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.