urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Bigarrena ere martxan

2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Herriko bozik ezohikoenak izan ziren duela lau aste Ipar Euskal Herrian. Asteon, berriz, Frantziaren menpeko beste lurralde batean berriz ekin diote kanpainari, hamar aste barru egin behar duten bozketara begira. Agerian gelditu da arrazoiz eskatu zutela kanak independentistek galdeketaren atzerapena: COVID-19aren krisiaren aurretik adostu bezala irailaren 6an izan balitz, udal hauteskundeen bigarren itzuliarekin batera iritsiko zen independentzia galdeketarako erreferendumerako hasiera. Ehun egun baino gutxiago ziren udal bozetatik Melanesiako txoko horretako biztanleek Frantziatik bereizitako estatua sortu ala ez ebatzi beharko duten egunera.

Parisek, ohi duen epaile eta enperadore ahalguztidunaren rolean —inperioek egin ohi zuten maneran, itxuraz barne-gatazken gainetik, lehian diren bi subdituen artean artezle, nola guraso bat borrokan ari diren bi haur bereizten, baina egiaz inperioaren zaleen alde beti—, galdeketa hilabetez atzeratzea onartu zuen, baina ez bi hilabetez, independentistek eskatu bezala. Hasierako data adostean, udal bozen bi itzuliak martxorako ziren aurrekusiak. Haiek horrenbeste atzeratuta, zentzuzkoa zirudien bigarren galdeketa honek ere behar besteko denbora hartzea eztabaida eta hausnarketarako, eta hala egokitzea hilotan gertatu denari.

Azkenean, lau aste beranduago baino ez da izango, lehen erreferendumetik 23 hilabete betetzen diren egunean. Urriaren 6an erabakiko dute Kaledonia Berriko herritarrek independente izan ala ez. Kaledonia Berriko Kongresuak erreferenduma urriaren 25ean izatea bozkatua zuen. Independentistak ziren batez ere aste hori izatea eskatzen zutenak, galdeketa hobeto prestatzeko. Horregatik esan dute Parisek ez duela entzun Kaledonia Berriaren ahotsa; beste arrangura bat zakurako, beste motibo bat sokak eten eta bakarrik nabigatzeko.

Maiatz hasieran, Frantziak deskonfinamendua era uniformean egingo zuela esan zuen, eta Hexagonoko mapa bat zabaldu zuen eskualdeak kutsaduren hiru faseren arabera banatzen—ondorioz, Bordelen, 200 kilometrora gertatutako egoerak beste fase batera eraman du Ipar Euskal Herria—. Baina metropolitik urrun, lau kontinentetan Parisek dituen lurraldeetan egoera oso desberdina zen, konfinamenduan azaldu genuen legez: Ozeania, Afrika edo Karibeko inguruko herrialde independenteetan baino okerrago zeuden, baina metropolian baino askoz hobeto —Brasilgo hondamendiak Guayanari ere erasan dio, eta oraindik geratzen diren azken arawak herrixketako bat guztiz itxi behar izan zuten—.

Kaledonia Berrian ere ondo eta bizkor kontrolatu zuten birusa. Thierry Santa Kaledonia Berriko presidente unionistak ere —Errepublikanoekin lotura daukan alderdiko kide— goraipatu zuen gertatutakoa —«mundu guztiak egin du egin beharrekoa, denak joan gara elkarrekin aitzina»—, uharteetako aniztasun kulturala eta instituzionala azpimarratuz: Estatutik —nola ez—, artxipelagoko eta probintzietako agintarietara, baita kontseilu tradizionalak ere. «Desberdintasunak desberdintasun, birusari aurre egiteko elkartzen asmatu dugu».

Ñabardurak ñabardura, kanak, zuri zein artxipelagoko beste edozein biztanlek nabarmenduko luke: COVID-19aren krisiak gauzak oso ondo egin ditzaketela erakutsi du. Bilan sanitarioa halakoxea da: guztira 22 kasu baino ez, zazpi lagun ospitaleratu dituzte, eta ez dute hilik izan lau hilabete eta erdian. Duela astebete izan zen azken kasua; haren aurrekoa, hilabete lehenago. Maiatzaren 7tik lau kasu baino ez.

Horrek guztiak erreferendumean eraginik izango duen? Ezin asma, noski. Erreferendum guztiek, independentziari buruzkoek batez ere, polarizazio handia dakarte. 2018ko azaroan sekulako parte hartzea izan zen, eta hala izango da urrian ere itxura guztien arabera. Ordukoan bidean agertu zen zatiketa—lehendik ere bazena, bistan da— eta unionismoaren urduritasuna haizea uste bezain alde ez zeukatela ikusita. Oraingo honetan hastapenetik ekin diote indarrez, joan den igandean zuri, urdin eta gorri koloreak hartutako milaka lagun batu zituzten Noumean independentziaren aurka. Lehendik ere banderarekin eta hiru koloreekin probokazio ugari izan da, eta bi hilabete baino gehiago dira oraindik galdeketa egunera arte.

FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren inguruan bildutako talde eta ekintzaileek norbanako botoen bila, banan-banakako lanean dihardute kanpaina hastapen honetan, Errepublikak historikoki baztertutako lagunak, hautesle-zerrendetan joaten ez diren kanak horietako azken botoa ere beharko dutela jakitun.

Eta jakitun, halaber, estatu multietniko erakargarria proposatu behar dutela. Hortxe du garrantzia hilotako esperientziak. Ahalduntze ariketa garrantzitsua izan da beste inor baino lehen irtetea konfinamendutik, metropolitik zihoazen bakanak konfinatzearen truke: militarrak, poliziak eta beste funtzionario batzuk. Adi-adi jarraitu beharko diogu datozen asteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.