Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Pobrearen ametsa

2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Ikastetxeetan, Erdi Aroko gizartea nola zegoen antolatua azaltzen delarik, bada nahitaez agertu ohi den galdera: «Azaldu zein den Erdi Aroko gizarte estamentalaren eta gaur eguneko klase-gizartearen arteko aldea». Erantzunak argia dirudi: «Egun ez dago noblerik kasik. Eta daudenek ez dute ordukoen indarrik. Kleroarekin, beste horrenbeste. Inor ez doa komentuetara gosetik ihesi».

Pote. Ez da hori ikaslearengandik espero den erantzuna. Zelulen arteko mintzen bidez azaltzen da egokiro: «Erdi Aroan, klerora ez bazen, ezinezkoa zen batetik bestera pasatzea. Noblea noblea izango zen beti. Eta pobre jaiotzen zena, pobre hilko zen. Gaur egun, aldiz, familia xume bateko ume bat izan liteke aberats, eta aberatsa zuloratu».

Horra Amerikar ametsa ikasleei azaldua, zeinen arabera edozein egunkari-saltzaile irits litekeen Etxe Zurira. Lana latz eginaren ordainetan etorriko da saria, horra igogailuan gora egiteko bidea edonorentzat. Pobrea, etorkina eta emakumea izanik ere bai? Teorian bai. Azken batean, garai postindustrialeko profeta berriek autolaguntzako bestsellerretan saltzen duten mezu bera da: «Esnatu orduko pentsatu gogo biziz egunero zure ametsetako etxe horretan eta ikusiko duzu nola azkenean zeurea izango den».

Errealitatea temati zitala da, baina. Frantzian, erretreta legea aldatu berri dutelarik kaleratu da datua: 62 urtetan, pobreenen laurdena hila da. Aitzitik, aberatsenen % 95 dago bizirik. Desoreka basa hau uler dezagun, bistan da, badira analisian ezinbestean sartu beharreko aldagaiak: bizitokia, hezkuntza, lanpostuen kalitatea, osasun arreta… Hor dago muina.

Astiro-astiro, eta askatasunaren izenean gizarte feudala berregiten ari zaigularik, astoaren putza balio dute osmosi sozialean oinarritutako teoria naifek. Baina nola azaldu ikasleei pobreen arrazoiak zenbat balio duen, mundu honetako hiru gauza alferrikakoetako bat da eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.