Israelen urtebetean hirugarrenez egingo dituzte parlamenturako bozak

Benjamin Netanyahu buru duen Likud alderdiak primarioak egingo ditu hilaren 26an

Benjamin Netnyahu, Israelgo lehen ministroa, artxiboko argazki batean. RONEN ZVULUN / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Kolokan da Benjamin Netanyahuren buruzagitza. Batetik, koalizio gobernua osatzeko ezintasunak direla eta, urtebetean hirugarrenez joan beharko du bozetara Israelek. Aurreko aldian, irailean, 33 eserleku eskuratu zituen Benny Gantzen Urdina eta Zuria koalizioak 120 aulkiko legebiltzarrean, eta 32 Netanyahuren Likudek. Bestetik, bere alderdian ere primarioak egitea erabaki dute.

Tarte honetan, bi buruzagiak ahalegindu dira gobernua osatzen; euren kabuz, lehenik, eta elkarren arteko negoziazioen bitartez, bigarrenik. Alferrik izan da, ordea, eta, gobernua osatzeko epea amaituta —bart gauerdira arteko denbora zuten—, hauteskundeak egingo dituzte hirugarrenez. Egun zehatza berresteko dute, baina martxoaren 2a da proposatutako eguna.

Saar eta Netanyahu

Ez dago argi, ordea, nor izango den Likudeko hautagaia boz horietan. Gobernu koalizioa osatzeko ezintasunak eta haren aurkako ustelkeria akusazioek Netanyahuren aurkako kritikak bultzatu dituzte alderdian. Jarduneko lehen ministroak lortu du negoziazioetarako epemuga amaitu arte karguari eustea, baina alderdikideek ez dute gehiago itxaron nahi. Bi aste barrurako jarri dute alderdi barruko bozak egiteko eguna: abenduaren 26rako.

Guideon Saar izango da Netanyahuren aurkari nagusia primario horietan. «Aldaketa behar dugu egungo krisi politikoa amaitzeko. Kanpaina baikorra, garbia eta bidezkoa egingo dut, eta ahalegina egingo dut gobernu sendoa osatzeko», esan du. Hala ere, ez dago argi Likuden arazoa buruzagitza ote den. Izan ere, azken inkesten arabera, behera egingo luke alderdiak hirugarren boz horietan, eta 33 eserleku lortuko lituzke Netanyahuren hautagaitzak, eta 29 Saarrenak. Aldiz, 35 eta 37 artean eskuratuko lituzke Urdina eta Zuria koalizioak.

Ikusteko dago zer gertatuko den jarduneko lehen ministroaren aurkako auziarekin ere. Fiskaltzak eroskeria eta ustelkeria leporatzen dizkio —lehen aldia da agintean den lehen ministro baten aurkako karguak aurkezten dituztena—. Bera kargugabetzeko eskariari aurrea hartuz, Netanyahuk iragarri du urte hasieran utziko dituela gobernuburu kargua ez beste guztiak —Osasun ministroa, Gizarte Gaietarakoa eta Diasporakoa ere bada—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.