Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Buñueleko musikariena

2019ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Buñuelen gertatua bezala kontatzen dute. Egun batean, herriko festen aitzakian, musika banda bat antolatu behar zutela erabaki omen zen. Hala aritu ziren, eguneko lanak amaituta, pare bat hilabetez entsegutan, udaletxeko areto nagusian. Heldu zen, bada, eguna. Bildu zen mundua eliza atarian. Atera zuten angarilariek santu hartua lepoan, igaro ziren pendoiak, elizgizonak, agintari zibil eta militarrak haien gibel eta, zuzendariak agindua eman zuenean, lauzpabost txio aldrebes eta erritmorik gabeko dunbel hots pare bat besterik ez omen ez entzun. Errieta egin zien nagusiak. Ea ganoraz oraingoan. Altxatu zuen batuta, jaitsi zuen eta... beste horrenbeste. Prozesioa gelditu egin zen. Segiziokoek ezin zuten sinetsi. Alkatea suak hartuta heldu zen, azalpen eske. Arrazoia ez da besterik, zuritu zion zuzendariak, musikariek ez dakitela oinez doazela jotzen, eserita jo izan dute hasi zirenetik.

Istorioak, jakina, errematea du. Ekarri zuten, auskalo nondik, gurdi handi bat, laboreak batetik bestera eramateko horietakoa. Igo zituzten aulki batzuk, eta musikariak bertan eserita, mandoak eta herritarrak tiraka zirela, segizioaren atzetik hasi eta han jo omen zuten, entseguetan baino askozaz hobeki.

Asteotan, urteroko irudiak heldu zaizkit. Ailegatuko dira gehiago. Lagun, ezagun, ezezagun taldeak atzerri urrunetan ikurrinekin, itxura batean alai, euskararen, presoen, Altsasuko gazteen aldeko pankartak dituztela eurek eta bidaian lagun, ezagun, ezezagun egin dituztenekin, hala behar eta, irribarretsu eta eskuetan aldarriekin haiek ere, zer esan nahi duten ulertzen ez badute ere. Esan gabe doa, ikusgarriagoa da argazkia zenbat eta exotikoagoak izan bertan ageri direnak.

Buñueleko musikariena. Ikurrak beste batzuk izanagatik, eta borondate onenez ere, ez dakigu oinez. Bi hilabete ez, mendeak eman ditugu postura berean entseguan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.