urtzirrutikoetxea
Kaledonia Berria. Independentzia erreferenduma. LEKU-LEKUTAN

Kanaky librearen ordua

2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Heldu da eguna. Bi urtean bigarren hitzordua dute historiarekin Kaledonia Berrian. Azken txokoraino joan da mugimendu independentista bere proiektuaren aldeko botoa eskatzera. Zaila bada ere, merezi dute ia 170 urteko kolonizazioarekin amaitzea eta Nazio Batuetako 194. estatua bihurtzea.

2018tik handitu egin da polarizazioa, eta aski handia izan zen orduan ere. Independentziaren aurkakoek itzelezko garaipena espero zuten (inkesta bakarrak eman zion %30 baino gehiago independentismoari), eta izututa ikusi zuten nola murriztu zen %57ra euren garaipena. Baliteke unionismoak oraingo honetan europar komunitate zurian «orrazketa» are zorrotzago egitea, aurrekoan independentismoaren aurrean handikeriaz eta nagusitasunez ibiltzeak emaitza estuak ekarri zituela ikusita. Inkestarik ez da izan aurten, eta unionismoak aurkeztu du bere proposamena, nahiz eta, atzo orriotan Roch Wamytanek zioen legez, «eredu frantsesarekiko asimilazio gorena aldarrikatzen duen proiektua» egin duten.

Horren aurrean proiektu inklusibo erakargarria zela gakoa genioen duela astebete, kanak komunitatetik harago iristen asmatuko zuena. 2018an abstentzioa eskatu zuten PT alderdi laborista ezkertiarrak eta USTKE sindikatuak; negoziazioetan FLNKSk kontzesio gehiegi egin zituelakoan, eta kanak indigenek soilik bozkatu behar zutela argudiatuta. Gaurko bozketan, baina, baietzaren aldeko kanpaina egin dute, Kanakyren Subiranotasunaren aldeko Mugimendu Nazionalista eratuta.

60.000 boto independentista eta 78.000 unionista izan ziren, eta 33.000 lagun abstenitu ziren. Boto-emaileen zentsuan sei mila pertsona gehiago daude gaur; ez dirudi erraza 18.000 botoko diferentzia horri berehalakoan buelta ematea. Leialtasun uharteetan izandako %39ko abstentzioa murriztuko da ziur aski, orduan ez bezala orain independentista guztiek egin dutelako baietzaren aldeko deia, baina zortzi mila laguneko zakua da hori. Noumea inguruko auzune xumeetan erekanak gehienak bizi direnak parte hartze apalagoa izan zen, eta hori emendatzea ere badute helburu. Eta hirugarren apustua, kanak izan gabe ere Ozeanian txertatutako proiektuaren alde egiten hasi den belaunaldi kaledoniarra dago, polinesiar etorkinak edo haien seme-alabak euretako asko, Esnatze Ozeanikoa alderdiaren inguruan. Unionismoaren egitasmo ezin «hexagonalagoak» eta Frantziako eskuinarekin -are, eskuin muturrarekin- ezkutatzen ez den loturak uxatu dituen pertsonak, hain zuzen ere, erakartzea da independentisten apustua.

Pandemian izandako jokaera eredugarria ere lagun dute: munduan beste inon baino seguruagoa da gaur bozketa Kaledonia Berrian, koronabirusik ez dagoelako. Zero kasu dituzte orain bertan. 27 baino ez dituzte izan pandemia guztian, sei soilik azken hiru hiletan, denak sendatuak, heriotza bakar bat ere ez. Frantzian 32.000 lagunek galdu dute bizia. Neurri handi baten, kanak buruzagi independentistei esker da: Gobernuari egindako presioaren ondorioz, Kaledonia Berriko mugak oso zorrotzak dira; ekonomian eragina izanda ere osasunari eman diote garrantzia: turismoa desagertu da, eta artxipelagoko baliabide ekonomiko nagusiari ere erasan dio, nikelaren garraioari eta esportazioari. Baina bakarrik bizi daitezkeela erakutsi dute.

Kanak independentismoak badaki zail duela erreferendum honetan, eta 2022an hirugarren aukera bat izango duela. Noumeako akordioetan aurreikusitako azkena litzateke, baina bestelako arazo eta premia bat ere badu independentismoak: erreferendumean ohiko hauteskundeetan baino 35-40.000 lagun gutxiagok parte har dezakete (%10-15). Batzuek 20 urte baino gehiago daramate han bizitzen, eta geroz eta ozenago salatzen dute bazterketa. Arauak badu logika ikuspegi indigenatik, baina une batean errealitate demografikoari egin behar zaio aurre; erreferendumean gailendu ezean, hauteskundeetan eskuratuko ditu unionismoak dozenaka mila boto horiek.

Ez da erraza, baina ezinezkoa ere ez. Hamarkadetako borrokak ekarri ditu kanakak honaino. Merezi dute independentzia. Eta ez, ez du Kataluniak edo Eskoziak besteko oihartzunik izan hedabideetan, Frantziakoetan ere ezer gutxi izan da aste honetara arte eta egunotan ere ez du apartekorik izan. Bide batez, are nabarmenago egiten du BERRIAren egunotako lana, atzo Ander Perez Zalak Roch Wamytani egindako elkarrizketa eta guzti. Baina behingoagatik, arrazoi emango diogu Marine Le Peni: Frantziak irabazita ere, berriz egin beharko da erreferenduma, baina galtzen badu, behin betiko izango da Kaledonia Berriaren independentzia. Eta horren uhinak hilotako ahanztura mediatikoaren parekoak izango dira: Ozeanian lehendabizi, melanesiar herrietan hasteko, Bougainvillen eta Indonesiaren menpeko Papuan, esaterako. Hurrena, oraindik Frantziaren kontrolpean dauden Polinesiako artxipelagoetan han bai, adi-adi ari dira jarraitzen prozesua, baita Mikronesian ere, AEBen menpe dagoen Guamen, adibidez. Eta Frantziako errepublikak hartuko lukeen belarrondokoaren oihartzuna Europaraino helduko litzateke, zalantzarik gabe, Korsikatik Bretainiara zein Euskal Herrira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.