Sarriegiren adiskideak

2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Urtero San Sebastian jaia hurreratzen denean Raimundo Sarriegiren espiritua agertzen zait. Kezkatuta ibiltzen baita gizona ikusirik intentzio onez sortu zituen doinu eta kantak nola eta zertarako erabiltzen ditugun. Kontsolatzen saiatzen naiz, baina ez da lantegi erraza, belarri ona duelako eta ez delako inozoa.

Sarriegik adiskide ugari eta onak izan zituen bizi zen bitartean. Agian gertukoena Eusebio Basurko, oriotar donostiartua, garai hartako Udalaren txistulari taldeko zuzendaria. Hain lotura estua zuten bi adiskideek, non Basurkok bere seme bati Raimundo izena jarri zion eta aita ponteko aukeratu gure Sarriegi. Honek, esker onez, txistulari talderako obra ederrak eskaini zizkien aita-semeei.

Eusebio eta Martxelino anaiak musikari bikainak ziren eta biek ala biek hainbat tresna menderatzen zituzten: pianoa, flageoleta... Martxelino, zeharkako flauta jotzaile, Europan famatu zen. Parisko Kontserbatorioan ikasi zuen, Claude-Paul Taffanel ospetsuarekin, haren ikasle kuttunena izan zen eta askorentzat orduko flauta jotzailerik onena. Europa osoa korritu zuen emanaldiak eskaintzen eta Parisko Operako Orkestran zein Madrilgo Teatro Realean ere lehenengo flauta bakarreko izan zen. Ondoko argazkian ditugu bi anaiak lehenengo txistua eta txistu handia jotzen, ezkerretik hasita lehenengoa Eusebio eta hirugarrena Martxelino. Bigarren txistulari potolikoa Julian Unanue, hori ere musikari ona eta gure birramona Generosaren lehengusu txikia. Atabalari agertzen da Luis CastaƱeda, Xagar Arbola dinastiakoa eta Ainhoa Zubillaga mezzosoprano finaren birraitona. Laurak Sarriegiren adiskide onak.

Sarriegirekin batera artista ugari zebiltzan XIX. mendearen amaiera eta XX.aren hasierako urteetan Donostian: Antonio Arzak, Ramon Artola, Pepe Artola, Rosario Artola, Jose Zapirain Txapillo, Fermin Imaz, Jose Antonio Santesteban, Serafin Baroja, Norberto Luzuriaga Luxu, Marzelino Soroa, Toribio Alzaga, Eugenio Gabilondo... Idazleak, musikariak, kantariak, bertsolariak, margolari eta marrazkigileak, kazetariak, antzezleak... Batzuek denetarik egiten zuten. Iritzi eta aukera politiko-erlijioso desberdinetakoak. Denak, ordea, oso euskaltzaleak eta elkarren adiskide. Donostian horren biztanle gutxi izan arren, gelditu gabe aritzen ziren eta maila oneko emaitza artistikoak eskaintzen zituzten euskaraz eta gaztelaniaz. Abertzaletasun sortu berriak ekarri zuen hizkuntza garbizalekeriak apur bat baztertu zuen horien jokabide literarioa eta itzalean geratu dira gure historia koskorrean.

2019 honetan ehun urte beteko dira, irailaren 19an, adiskide eta kolaboratzaile horietako gertukoen bat, Victoriano Iraola hil zela. Jaiotzez San Juaneko pasaitarra baina umetatik donostiartua zen, eta merezi du efemeridea baliatzea idazle umoretsu, marrazkigile trebe eta jenio biziko artista horren obraren ezagutza zabaltzeko, nahikoa ahaztuta baitago.

Denetarik egin zuen eta maila hoberenaz: bertsoak, poemak, antzerkiak, bakarrizketak, zarzueletarako libretoak, marrazkiak... Horrela On Raimundo poztu egingo da, eta agian sortu zituen doinu eta abestien aitzakian antolatzen ditugun gehiegikeria eta harropuzkeriak barkatu egingo dizkigu.

Saia gaitezen gu ere Sarriegiren adiskide izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.