Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Maleta

2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Egin du dardar itzartzen doanaren trenpuz, egin du orro, eta hor jaurti dizkio Afrikako zeruari, gordetako amorrua ez du txikia, ke ufadak, harriak, errautsak. Iluntzearekin, ez ohiko ikuskizuna da Cumbre Vieja mendiak erakusteko duena La Palma uhartean. Galda bizian mendeetako erraiak mendi-mazelan behera, sua gauari bizitasuna ematen, olatu gorien miraz milaka begi. Ez da ergela Reyes Maroto, Espainiako Industria eta Turismo ministroa, ikusi du, nola esaten da, merkatu-hobia sumendiarekin: «erakargarri gerta liteke naturaren ikuskizun zoragarri hau ikusi nahi duten turistentzat. Irlara joan eta aurrez aurre orain arte ikusi gabeko zerbaitez gozatzeko aukera».

Ikuskizuna aurrez aurre dutenek, ordea, aski dute laba irenstera doan etxea poltsa batean, bitan, hirutan sartu eta ihesi aterata. Poetei hamaika aldiz irakurritako une hori geure begien aurrean, ze kamera hor dago, ohartzen garenerako maletan sartu da objektiboa: ordenagailua, argazkiak, dokumentuak, arropa batzuk tropoiloan… Zer eroaten da horrelakoetan? Ez da aski, baina. Kamera balizan nola, halaxe sartu dio kazetariak mikroa ahozuloan etxeg­abetuari. Eta zer sartu duzu? Zer pena dena galtzea, ez? Nora joateko asmoa duzue orain?

Ikuskizuna, telebista publikoan. Kode deontologiko batek bedeinkatua. Eta begira geratzen zara, eta diozu zeure artean non dagoen muga, zer erakusten zaigun, eta zergatik. Eta ezpain ertza gaizto,galdetzen diozu zeure buruari zer gertatuko litzatekeen sumendia banku bat balitz, edozein,eta jendea hipoteka ordaindu ezinik poliziaren labak kalera bortxatu duen hori. Maleta bat, bi, hirutan bizitza guztia. 598 etxegabetze iaz Hegoaldeko lau lurraldeetan.Zenbat poltsa dira guztira?

«Don Felipek gure alde otoitz egiten duela esan dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.