urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Espainiaren proportzioa

2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Ezusteko handirik ez bada osasun demokratikorako pozgarria litzateke ezustekoa egoteaKataluniako presidentea kargugabetuko du Espainiako Auzitegi Gorenak. Eta hala gertatzean,beste katebegi bat jarriko diote Companys fusilatu zutenetik datorren Generalitatearen buruen aurkako zapalkuntzaren kate luzeari. Katalanek bozkatu, euren agintariak hautatu, eta Espainiako epaileek kargutik kendu.

Quim Torra kargugabetzeak botere autonomikoaren murritza agerian uzteaz gain, horrelakoak egitea zein merke irteten zaien ere agerian utziko du. Pankarta bat, desobedientzia delitu bat aitzakia jarri eta proportzioan oso urrun dirudien neurri bat ordainetan: agintetik bota herritarrek bozkatutako lehendakaria.

Gakoa ziur aski horrexetan dago: proportzioan. Espainiako edozein agintarik halako «deliturik» egitera, nekez zukeen gisako zigorrik. Estatuak ez baitu horren beharrik, muturreko neurririk hartu gabe ere bideratu dezakeelako arazoa. Kataluniarekin ez. Eta muturreraino joanda konpontzen ez badu, muturrerago joatea erabakiko du.

Horixe izan da ziur aski independentista katalanen akats nagusia. Espainia, bere defizit demokratiko guztiekin, Europako Batasuneko estandarrek mugatzen zuten estatu bat zela sinestea. Kataluniak errepublika independentea sortzeko txosten, hausnarketa eta mobilizazio guztiak egin zituen. Prest baino prestago zegoen. Unea ere planifikatu zuen. Madrilek ez zuen halako ezer egin. Doi-doi nazioartean propaganda pixka bat independentismoaren kanpaina neutralizatzeko asmoz, sarritan nahi zutenaren aurkakoa lortuz gainera.

Espainiak alde zuen etxean jokatzen zuela; bera dago estatuen klubean, eta Katalunia, ez. Eta estatu baten tresna guztiak ditu eskueran, gainontzeko estatuen konplizitatea barne. Edozein proiektu independentista arrakastatsuk herritarrei esango die ezinbestekoa dela estatu berria sortzea. Espainiak ondo ulertu zuen derrigortasun hori, ifrentzutik, baina: Kataluniak bizirik irauteko independentzia behar duela baino argiago dauka Espainiak bizirik irauteko Katalunia behar zuela. Batzuek herritarrak hobe biziko ziren errepublika bat irudikatzen zuten artean, besteek argi zuten hori estatuaren inplosioa zela, amaiera, 1978ko erregimenaren kolapsoa.

Badakit dibortzioa nahi duenak ez daukala zertan bikotekidearen egoeraz arduratu. Benetako askatasuneko egoera batean, hala litzateke. Baina kalkulu horrekin jokatu zuen Madrilek: hiri horren beraren zentzua galtzen da estatu horretan Bartzelonarik ez bada, bere portu eta bere ehun ekonomikoarekin. «Ezin dituzte tankeak atera» zioten independentistek. Angela Merkelen deia egon ei zen urriaren 1eko eguerdian poliziaren indarkeria geldiarazteko, Europa osoan zabaltzen ari ziren irudiez kezkatuta. Baina independentzia geldiarazteko horibaino gehiago behar zela iritziz gero, Espainiako estatu sakonak argi du EBn jarraitzea baino garrantzitsuagoa dela Kataluniari eustea. 2017ko urrian, independentzia eragoztea zen, ez munduaren sinpatia biltzea. Irudi itsusiak ziren, parlamentuak nahi zuen adierazpena egingo zuen baina Kataluniako lurraldeak Espainiaren kontrolpean segitzen zuen.

Berehalako arriskua uxatuta, denborak eta XXI. mendeko «tankeek» (estatu sakonak eta bere epaile frankistek) urrunduko zuten baloia, aukeren leihoa itxi arte. Errepresio bortitzena, Generalitateko kideen aurka; lezioa eman beharra zegoen. Honezkero zalantza gutxi espetxearen eta erbestearen arteko estrategien artean zeinek asmatu duen. Euskal Herrian aholku eske egon izan direnetan ondo egingo zuten jaramon egin izan baliote «espetxetik ezin da ezeren buru izan» esaten zieten lagunei.

Espainiako egoera ez da batere egonkorra; hori du independentismoak karta garrantzitsuenetakoa. Gainontzean, neke handia dago, eta aukeren leihoak itxia dirudi(inkestek independentismoak jarraitzaile asko dituela erakutsita ere). Elkar jasaten ez duten bi tradizio politikok oso une zehatzean baino ezin dute bat egin, orduantxejo helburua lortu eta fase berrira joateko. Hori eragoztea lortu zuen Espainiak, eta ulertu zuen Carles Puigdemont (eta haren lekua hartutako Quim Torra) zuela etsai eta arrisku nagusi: ziegan preso daukazun buruzagiarekin askoz errazagoa da negoziazioa. Kosta zaio Madrili, baina lortu du Puigdemonten inguruan pitzadura autonomista (interesgarria izango da hor ere Madrilen hauspoa ez eze Bilbotik ere zer babes izan duten jakitea). Gehienak Junts per Catalunyan gelditu arren eta gutxi batzuk PdCaten, erabakigarriak izan daitezke: Espainiak ulertu du berak ezin duela orain bertan irabazi, baina bere karta nagusia Puigdemontek ez irabaztea dela. Irain eta burlaz erakusten duten Torrak Espainiaren lurraldeetako lanik txukunena—eta duinena— egin arren pandemiaren krisian. Irakurri Vicent Partalek egunotan idatzitakoak.

Krisi eta ezegonkortasun egoera honetan dena da posible. Iraultza handiagoak piztu dira aurreko urteetan nekatuta erdi lo ziruditen gizarteetan. Unea datorrenean prest egotea da gakoa. Badakizue, batzuetan irabazi, besteetan ikasi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.