Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Urreiztieta connection

2018ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Martin Ugalderen biografia hari esker izan genuen gure belaunaldikook Lezo Urreiztietaren berri. Gerrako galtzaileengandik heldu zitzaigun paketean, bidean galdu zirenetako bat zen Agirreren gobernuarentzat armak lortu zituen gizona. Kontrabandista, abertzale heterodoxoa, eginbehartarra izan zen, batez ere, Urreiztieta, geldian ez egoteko jaioa. Pertsonaia ezagutu genuenean, bazegoen ahal genuen guztietan kontatzen genuen pasarte bat. Frankismoaren hondamendiarekin jota, aurkitu zuela Mexikoko kostan irla bat zioen, bertan eraikitzeko Euzkadi berria, euskaraz baino hitz egingo ez zen babestokia. Txistea, berehala dator, Urreiztietak ez baitzekien. «Eta zuk, zer egingo duzu, Lezo?»galdetzen zioten orduan. «Nik? Isilik egon».

Lezo Urreiztietaz izan dugun irudia osatzera dator, edo zuzenean deusteztera, Josu Martinezek Donostiako Zinemaldian aurkeztuko duen Jainkoak ez dit barkatzen dokumentala, Martin Ugaldek Urreiztietari berari eginiko 35 orduko grabazioetatik abiatutako lana. Arian-arian, orain arte ezagutzen ez genizkion zimurrak aterako zaizkio mitoari, erakutsiko zaigun heroiak askoz dimentsio humanoagoa izango du, kontraesankorragoa askoren begietara, garbiro kritikagarriagoa alderdi pertsonalenean, poliedrikoagoa.

Nik ez dakit transmisioaren zein puntutan jausi zitzaien erresistentziaren aita-aberrikoei Urreiztieta ondorengoei pasatu beharreko paketetik, baina susmoa dut politikaren mekanikarena berarena dela makurra, izan ere, begi bistakoa dirudi heroi sinplifikatuak eskatzen dituela herrigintzak, eredu izango diren monolitoak garai ilunetan, haitzari atxikitako itsasargiak gau beltzean. Bestea, poliedroa, zikinaren aldarria eta hori guztia, bego lagun arteko txutxumutxutarako, historialarien paper arterako edo onenean, literaturarako edo zinemarako.

Hala da, eta beharbada hobe da halaxe izatea, batzuen bakerako eta besteon gozamenerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.