LARREPETIT

Astronautak oihanean

Iñigo Aranbarri -

2018ko abenduak 30
Jo du ertza urteak, heldu gara amildegira eta efemerideen putzutik datorkigu ezinbestean izpia. Urteurrenak, gure gaitza. Eta hala, 50 urte beteko dira Armstrongek, Aldrinek eta Collinsek ilargia jo eta mundua hautsi zenetik. Helduko ziren, baina iritsi ez zirela sinestuta hil zen gure aurreko asko, hezur-haragizko erreferente etxekoak, erabat ezinezkoa zelako hara gora igotzea, nola ailegatuko zen bada kristaua ilargi zurira. Baina han geunden gu ezjakinak leziatzeko. Ikusi zuten Amstrongen oin-marka muturren aurrean jarri genien egunkarian, ikusi zuten astronauta saltoka pantailan, baina halaxe hil ziren, uste osoan telebistak gezurra zioela.

Eta urteak 25 etzi, erdia, Chiapaseko gainek eta oihanak jaurtikitako andreak, gizonak, umeak eta etxeko txakurrak San Cristobal de las Casasera jaitsi zirela. Nola ez genekiela, eski jauzien eta vals artean sartu zitzaizkigun ospakizunetan guztiak. Urte berri zoriontsua opa genion munduari eta behelaino arteko itzal haiek bostehun urtean ahaztutakoa eskatzen ari zitzaizkigun. Tiroka eman zien Mexikoko gobernuak ongietorria; ohikoa ez zen hizkera politiko batez irabazi zituzten jendearen bihotz-begiak.

Orain, mende laurden geroago, dena itzuli da lehengora. Urteen ibiliak bere tokian jarri du bat-bedera. Gauza batzuk sano aldatu dira. Gogoak piztu zituen iraultza global hura ez da iritsi, baina EZLNk antolaketa soziala ezarri du, eguneroko auziak konpontzeko beste manera bat. Egun, Chiapasen ezin da politika indigenistarik egin zapatistak aintzat hartu gabe. Beste gauza batzuk, aldiz, lehengoan daude. Guk, efemerideen nagusiok, ezjakinen leziatzaileok, xanpain kopa altxatuz opako diogu hurkoari urte berria, eta betiko legean txaloka hartuko Radetzky martxa, sinetsita ezinezkoa dela ametsen ilargira heltzea, nola bada, ez al den begi-bistakoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna