Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Simulakroa

2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Zaborrak atera du solasera umeena, nolako ahalegina egin den azken urteetan kontzientzia hartze ekologikoarekin, gelako delegatu berdea eta abarra, zertarako eta, pixka bat koskorrago direla, eta ikastetxetik kanpo, parkeak, plazak eta mendialdeak zerri eginda lagatzeko elkartzen diren aldiro. Dena alferrik, eman dio errematea.

Ez bota errurik gazteei! Atoan hartu du hitza lagunak, esateko haren eskolan senperrenak jo dituztela erakusteko ikasleei beharrezko argiak bakarrik piztuta izaten, lohiak zein bere ontzian bereizten. Berakatza baino finago aritzen direla gaztetxoak, zer eta gero, bere muturren aurrean ikusteko nola garbitzaileak, argi guztiak isiotuta, kolorinetako ontzi guztietakoa zaku bakarrera husten duen.

Amuarrainak ibaian gora nola, ezin langile baten esku utzi munduaren hondamendiaren ardura. Abioiena aletu du hirugarrenak. Katigatuta dabiltza Lufthansaeta Bruselako Europako Batzordea. COVID19-ak eragindakokalteen artean, 33.000 hegaldi bertan behera utzi beharko dituela aipatu du alemaniar konpainiak. Gehiago izatea nahi omen zukeen (denok zimur bekozkoa), baina ezin, hain da zorrotza Brusela lizentziekin. Horrexegatik egin beharko dituela 18.000 hegaldi jenderik gabeko lehen hiruhilekoan, erabat gogoz kontra. Eta egin beharra du ez baditu bi punturen arteko aireratze eta lurrartze baimenak galdu nahi. Hortxe sartu dio Lufthansak Europako Batzordeari min eman dion sastaka:«oso kaltegarria da klimarako eta justu Bruselak berak Fir for 55 egitasmoarekin lortu nahi duenaren kontra doa».

Bezperako parranda hondarren artean, gorantz begira harrapatu nau neguko eguzkiak. 18.000 hari zuri zeru urdinean, berbaxerkan baino konbinazio inposibleagoetan nahasten eta denboragarrenera, astiro xaretzen. Konpainia bakar batek, hiru hilean, jende prestatu eta ondo ordainduaren erabakiz. Ederrak gaude inori ezer esateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.