Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Patton Auschwitzen

2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Zein da Auschwitz askatu zuen estatubatuar ofizialaren izena?

77 urte bete direlarik lazdura unibertsalaren ikur bilakaturiko esparru-multzoa liberatu zela, horra galdera bat, gaiztoan, lagun artean botatzekoa. Luze gabe, hor datoz tantaka heroiak. Mac Arthur? Ez, hori Pazifikoan ibili zen!Montgomery? Nola ba! Hori Afrikan, Rommelen kontra! Ike! Ez, Patton! Bai, Patton!

Gaiztoa da gezurra daramalako berarekin, ez baitziren amerikarrak izan. Eta orobat, ondo daki galdetzaileak gure jendartean ez dela transmititu gatibu gosekilei «Soldadu sobietarrak gara. Libre zarete» esan omen zien haren izena: Anatoli Saphiro.

Nola ba. Bigarren Mundu Gerraz, Hollywood izan da transmisio-bide nagusia Europa alderdi honetan, irakaskuntza baino gehiago. Hain sendoa non adin batetik goitikoak gauza diren aipatu jeneralen izenei aktorearena ere lotzeko. Bideojokoekin, gazteagoek ez dute gehiago ikasteko aukerarik izan. Megaboterez hormonaturiko Rambo moduko soldadua gai da Libiatik Sigfrido lerroraino joateko, nazien armada erdia suntsituz, sobietar bakar bat topatu gabe bidean. Ondorioa berez dator: Europa ekialdean, aurpegirik gabeko itzal lausoa izan zen gerra.

Alimalekoa da zineak duen indarra jendearen burua antzeratzeko. Kontsumo handiko produktu denetik herri xehearentzat, berebiziko funtzioa izan du pentsaera kolektiboaren bateratzean. Prozesu kultural eta politiko luzea izan da, historiaren distortsio larria ekarri duena. Frantzian 1945ean egindako inkesta baten arabera, Sobiet Batasuna izan zen, puskaz, Alemania nazia garaitzeko eragile nagusia. 2015ean galdera bera eginda, erdiek pasak AEBak izan zirela uste dute.

Orain, berriro ere Pattonen eta Putinen artean hauta dezagun eskatzen digutelarik hedabideetatik, ez dugu zalantzarik. Izan ere, zer eman dio Errusiak munduari basakeria besterik? Zer Anna Kareninaz geroztik? Evgeni Berzin agian. Edo Irina Shayk...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.