Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Izarraizko urrea

2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Tartean behin errepikatzen den burrunda mediatikoa da, tximeleta efektuaren bertsio poskoloniala. Hartzen du hitza Putzu Handiaren bestaldeko agintariren batek, astintzen ditu hegalak eta hahor, purrusta batean, Metropoli ohia.

Hainbeste ez dela, Espainiako errege zaharraren irteera izan zen txalotua oso. Hugo Chavezi bota zion Estatu Iberoamerikarren Goi-bileran: «Eta hi, zergatik ez haiz isiltzen?». Goi mailako hizkera bere burua gorago ikusten zuenak. Ez dira Venezuelakoak izan, ordea, deabru bakarrak. Gehiegi urrundu gabe, Cristina Fernandez argentinarra izan da, Rafael Correa ekuadortarra, Evo Morales boliviarra, Pedro Castillo perutarra… baita Francisco aitasantu urbietorbitarra ere.

Ama Aberria nola sutzen den, badakigu. Aski da, oraingoan Lopez Obrador presidenteak bezala, aipatzea ezin duela Espainiak konkista-leku bezala ikusten segi Mexiko. Erantsi diskurtsoari «arpilaketa», erantsi «gure jabeak balira bezala portatu dira» eta hor dugu erantzun zaparrada, nor bere erara, hasi Moncloatik, pasa Genovatik eta Lakua Basque Trade&Investment-eraino. Kazetari jantziek onduko dituzte azak: artaburu, kaiku, tutulu, buruments, tximino… Nahi gabe, eskola sortu zuen Jean Elizalde Zerbitzarik aspaldi zaharrean GureHerria-n idatzitako kronikekin:«Hura begitartea! Nihun ez dute segurki lehen garhait saririk irabaziko beren edertasunarentzat!».

Gibelean, betikoa. Espainiako bankuek eta komunikazio eta energia-enpresek, sokako agintariak lagun, bertan lortzen dituzte irabazien erdiak. Multinazional handi bihurtu dira, «aberastasuna sortzen dute». Horregatik ba, zein dira bestela gurpila ere asmatuko ez zuten inorrez horiek ezer exijitzeko?

Gutxietsiaren konplexu atabikoa dela esanda garbituko dugu auzia berriro. Isilduko da. Etorriko dira gehiago. Bitartean, Izarraizko urregorriz segituko dugu apaintzen gure elizetako erretaulak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.