Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Ebatsia bueltan

2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Pazko uhartean bisitan zela, hitzez hitz biluztu zen Consuelo Valdes, Txileko Kulturen ministroa: «nire agintaldian, museoan ditugun hiru moaietako bat itzuliko dugu. Rapa Nui kulturaren zaindari eta enbaxadore onenak aurkitu du etxera itzultzeko garaia». Borondate onaren erakusgarri, Carlyle Simth arkeologoak irlan bildutako harri, metal eta koralezko piezak zeramatzan Valdesek, bi kutxa bete. Ia ehun urte egin ditu moaiak etxetik kanpo, metropolietan munduaz zegoen ikuspegia bestelakoa zenetik.

Antzeko adierazpenak egin zituen iaz Emmanuel Macronek Burkina Fasora eginiko bisitaldi batean: «Espero dezagun bost urte barru baldintzak egokiak izatea afrikar ondarea Afrikara itzultzeko». Kolonialismoaren lurrunetan Frantziako museo publikoak bete zituzten piezez ari zen, 88.000 gutxi gorabehera. Asmo politikoaren oinarrian Benedicte Savoy frantziar historialariak eta Felwine Sarr senegaldar ekonomialariak buruturiko txostena dago: «Hasierako urrats sinboliko eta psikologikoa izanen da hau prozesu jarraiari ekiteko. Frantzia ez bada gai legez erosiak izan zirela erakusteko, ebatsi zituen herrira itzuli beharko ditu».

Nonbait, ostutakoa itzultzearen dinamika hasia delarik, eta Louvrek, British Museumak, Pergamonek eta abarrek zer egiten duten ikuskizun, Pirineoateko bi alderdietan dantzan gabiltzanon euskal oasira gogoa ezinbestean: zer dugu gurea ez dena? Non dago estatu gorila bien kapitain, soldadu, erregeren idazkari ginelarik zapaldu genituenei ostu, ebatsi, lapurtu genien hori guztia?

Zatoz, etorri gure museoetara, esanen zaigu. Ez dago hemen herri apal baten ondare antopologikoa baino. Eta egia da, hori izan gara batez ere. Eta besteaz, berriz, badakizu zer lantegi orain gure eliza eta jauregietako urre-zilarrak desegiten hastea?

Bada ekin beharko zaio nonbaitetik, Txileko eta Frantziako eskuin gobernuak bezalaxe, hitzetatik badarik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.