Zahar etxeak alertan. BFAk albo batera begira jarraituko du?

Juana Cespedes, Carmen Loizaga, Julia Miguel Sanz, Mari Paz Garaigordobil, Xabier Monreal eta Iraide Urriz
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Babestu zahar etxeetako senideen elkarteak etsipena besterik ezin du adierazi martxoaren 29an El Correo egunkarian argitaratu ziren Sergio Murillo BFAko Gizarte Ekintzako diputatuaren baieztapen batzuk irakurrita. COVID-19aren pandemiaren erdian egindako elkarrizketa horretan, BFAk muzin egiten dio, beste behin ere, adinekoen egoitzetako jarduera ikuskatzeko eta segimendua egiteko bere eginkizunari, egoitza bakoitzari bere erara jarduteko aukera emanez.

Egoitzetako langileen beharraz hau dio diputatuak: «Plantillan noizean behingo errefortzuak egin daitezke, baina lanaren berrantolaketa ona da uneotan egin beharrekoa».

Murillo jauna, lanaren berrantolaketa egiteko (BFAk arautuko du ala egoitza-negozioen esku geratuko da?), lehenik eta behin ezinbestekoa da egoitza zentroek nahikoa enplegatu edukitzea. Koronabirusaren pandemia baino lehen, plantilla gehienak ez ziren nahikoa kalitatezko zaintza berma dezakeen arreta eskaintzeko; orain, beraz, langile kopurua handitu eta haien lan baldintza eskasak hobetu ezean, ondo dakizu ezinezkoa dela egoitzetan bizi duten egoera larriari aurre egitea. Horrez gain, pandemiaren ondorioz, gero eta behargin gehiago daude bajan: Murilloren esanetan, 18 langile daude kutsatuta eta 88 berrogeialdian, baina, Babesturen datuen arabera, askoz gehiago behar dute, zeren hainbat langile berrogeialdia pasatzera etxera igorri dituzte probarik egin nahi izan gabe, eta litekeena da horietako asko kutsatuta egotea eta, nonbait, benetako datuak makillatzeko interesik ere egotea. Gainera, bajen kasu gehienetan ez da ordezkorik kontratatzen, eta lankideen artean banatzen da lana. Horregatik, alde batetik, ezin daiteke zehaztu gaur egun zenbat langile ari diren benetan Bizkaiko 10.000 egoiliarrak zaintzen, baina, bestalde, berrantolakuntzarik onena eginda ere (eta bide batez, senideok ez dakigu txintik horretaz), gaur egun jardunean dauden langileekin ezinezkoa da kalitatezko zerbitzua eta gutxieneko arreta emozionala bermatzea, nahiz eta konfinamendu egoera honetan inoiz baino garrantzitsuagoak izan. Eta, zoritxarrez, egoerak ez du hobera egingo, Murillok dioenez «eszenatokirik txarrenerako prestatzen ari baikara».

Bestalde, diputatuak adierazi du berak ez duela nahi egoitzetako langileak «gaixotasunaren hedatzaile bihurtzea». Nahi ez, baina aldi berean ez du inolako asmorik agertzen egoitza guztietan beharrezko babes materiala bermatzeko, eta, jakin dakigunez, leku askotan material hori ez da existitzen.

Familiei informazioa emateari dagokionez, baita egoiliarrek euren gertukoekin harremanetan jartzeari dagokionez ere, Aldundiak aholku batzuk ematera mugatzen du berriro ere bere zeregina, kontrol eta jarraipen funtzioei uko eginez. Horrela, egoitza bakoitzaren esku uzten ditu familiekin komunikatzeko moduak eta maiztasuna. Hori bai, berehala eskaini dizkiete tabletak erosteko dirulaguntzak, negozioa hondatu ez dakien. Bien bitartean, familia gehienek ia ez dute haien senideen berri, eta etsita itxaron behar izaten dute harik eta egoitzak beraiekin harremanetan jartzeko gogoa izan arte. Hori dela eta, familia batzuek euren senideei buruzko berririk jaso ez dutenez, ezta egoitzaren aldetik inolako azalpenik ere, erreklamazioak egiten hasi dira BFAn; erakundeak, ordea, auzian esku hartu beharrean, enpresara bideratzen du erreklamazioa. BFAk ez du batere enpatiarik erakusten familien ezintasun eta egonezin sentimenduekin, eta ez du ezelako ahaleginik egiten bi aldeak hurbildu eta konponbidea bilatzeko.

Azkenik, diputatuak elkarrizketan azpimarratutako esaldi bat aipatu nahi dugu: «Adineko inork ez du bizia galtzen koronabirusagatik, koronabirusarekin baizik». Denok dakigunez, mendetasuna duten adinekoena populazio talderik zaurgarriena da edozein izurritetan; gure gizartean inork ez du hori zalantzan jartzen. Orduan, zertara zetorren esaldi hori? Zer asmorekin esan zuen diputatuak? Baieztapen horretan oso maila politiko eta humano eskasa islatzen da. Hala ere, Babestuk eskua luzatzen du zahar etxeekin zein erakundeekin elkarlanean aritzeko, gure adinekoek merezi duten kalitatezko arreta lortu arte.

Besarkada bero bat, Babestutik, egunero arriskuan jarri arren, gure nagusiei ahalik eta arreta onena eta maitasunik handiena eskaintzen saiatzen diren profesionalei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.