Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Ikuskizuna

2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Sei frantses soldaduk lepoan hartuta doa Josephine Baker Pariseko Panteoira. Seigarren emakumea da Errepublikaren tenploan sartzen. Gerran, Erresistentzian tenienteorde izan zelako daramate soldaduek; Ameriketan sortuagatik, izan zena Frantziak egin zuelakodaramate frantsesek. Ez du besterik nabarmendu Macronek, eskuin muturraren hatsa kokoteko zuloan duela: «Frantzia aukeratu zuten haiekin guztiekin sartu da Baker Panteoian». Multietnikoa esan nahi du. Partisanoen himnoak berotu du jendez mukuru den ibilbidea.

Picassok Nefertiti beltza esaten zion; garaiko hedabide gehienek, Ebanozko Venusa.1930eko apirilaren hasmentan heldu zen Iruñera. Bi emanaldi hilaren 8an, Coliseo Olimpian biak. Bananaz eginiko gonek aztoratuta, desagrabio mezak antolatu zituen Muñiz apezpikuak; manifestazio jendetsuak egin ziren; su eman nahi izan zitzaion antzokiari. Prentsa tradizionalista da nafar zintzoen moralaren jagole: «halako basakeria primitiboz apaindutako dantza lizunak egiten ditu, gizakiaren animalia alderik zakarrenak pizten dituztenak». Egun berean, Gayarren, Broadway Scandals proiektatu zen, Nafarroan ikusi zen lehenbiziko film soinuduna.

Baina halakoxea da dantza basarik gabeko ikuskizuna Parisen. Artzapezpikuak ez du araldea adoretu Panteoia erre dezaten. Eta sartu gabe sartu dute Baker eraikin hotzean. Izan ere, hutsik daramate katabuta partisanotik deus gutxi duten sei soldaduek, gizonezkoak guztiak. Tira, hutsik ez. Saint Louis Missouriko lurra doa barrenean, eta Parisekoa, eta Monakokoa eta Milandeseko gaztelukoa. Familiaren erabakiz, oraintxe datzan hobian jarraituko du Bakerrek, senarraren eta semearen ondoan. Simulakro perfektua herri xehearen benetako sentimenduak kitzikatzeko.

Alfonbra gorriko irudiei begira, sari-emate ofizial guztietako aieru bera. Beste inori baino, antolatzaileak bere buruari eginiko oparia dirudi ikuskizunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.