Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Hunkitze bideratuak

2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Sortzaileak badaki: zehatzera jota lortzen da hartzailea hunkitzea. Berdin dio zineman, literaturan zein bertsolaritzan. Izpia lupapean jartzen dugularik, bildu, barneragotu, bihotzeraino erregarri bihurtzen da.

Halatsu gertatzen da gerra irudiekin ere. Misil baten indarrez egiten digu eraso ume hilaren argazkiak. Erantsi umeari haurdun diren emakumeak, adineko jendearen begirada larria, ospitale bonbaz zartatu bat. Izuaren usainak astintzen dizkigu gibel-erraiak. Ez dago soraiotasunez eusterik ankerkeriari. Eta hala, analisi sakonagoei muzin egin eta sentipen horrexetan biltzen da gure enpatia eta antipatia oro. Gizakiak gara.

Mendizerrien jokaera da inoren mina ukatzea. Horrexegatik du hainbesteko munta irudien kudeaketak gaur egun. Argazki eta bideo ukaldiz osatzen da publikoaren ideologia sentimentala. Halaxe ari da gertatzen Ukrainan. Nola ez ezer sentitu besteren sufrimenduaren aurrean. Ariketa egite aldera, Errusiako prentsa digitalean begira aritu naiz egunotan: soldaduak, tankeak, hegazkinak, ke hariak Kieveko zerurantz bai, baina inon ez da ageri biktima zibilik, Donbassen urtetan ikusi ez dugun bezala. Ez dakar onurarik arrazoia hunkiduraz lohitzerik.

Nola ez dakidala, Iratxe Sorzabal etorri zait gogora. 24 urtera kondenatu berri dute 1995ean eta 1996an ustez berak eragindako «hondamen terroristagatik». Ordukoaz, torturapean aitortu zuela adierazi du epaitegian. Alferrik aurkeztu dira aretoan Amnesty Internationalek, Human Rights Watchek eta beste hainbat elkartek Espainiako tortura auziei buruz egindako txostenak. Alferrik erakutsi dira gorputz hilduratuaren argazkiak. Espainiako prentsan kondenatua erakutsi da; ez da, oro har, hitzik egin torturaz. Etikan masterra duten erakundeek hankapean hautsi dute lupa.

Gogoaren moldatzeko ezinbestekoa da bestetzat hartu denaren mina ukatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.