Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Gure xexenkoak

2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Gaur zortzi, Teruelen. Goizeko zazpiak irian, ospakizunetarako iturriari jarritako uztaia kendu nahian udal langileak garabi gainean. Halako batean, nola ez dakitela, goitik behera amildu da iturri gaineko zutabea, eta zati bi egin. Halaxe erori da eta hautsi puntaren puntako eskulturatxoa ere, metalezko xexenko bat, hiriaren ikur 1855etik eta bisitari guztien gozagarri.

Teruelik ez denez Torico plazako xexenko hori gaberik, ez nahi orduko hasi dira berritze lanak. Eta horratx asaldura: irudia ez da orain mende eta erdi pasa iturri gainean paratu zen bera. Zezena garai hartan ezagutzen ez zen burdina aleazio batez egina dago, eta ez brontzez, orain arte pentsatu izan den bezala.

Non dagoen jatorrizkoa, hori da orain jakin nahi dena. Eta bide batez, historiaren zein azpilduretan trukatu zuen birigarroren batek irudia. Horretan dabiltza. Orain arteko zaharberritze txosten guztiak aztertu dira, artxibozainak mintzatu dira, 36ko gerrako irudiak berreskuratu… alferrik. Auskalo noiztik, gezurretako xexenko bat gurtzen aritu da hiria eta Teruel jo duen turista oro.

Eta? Hala izanik ere, ezertan aldatzen du horrek orain arteko guztia? Galizian, mendeak dira dakitela Compostelako katedralean dautzan hezurrak ez direla Santiago apostoluarenak (Luterok: txakur-hezurrak dira!). Dagoeneko berdin dio, Teodomiro apezpikuak ondo merezia du Unicefeko turismo saria eta independentista galegoek ez dute urteroko hitzordua tokiz aldatuko horregatik.

Gezurretako irudi bat, belaunaldiz belaunaldi, jatorrizkoa dela sinestarazten. Madrilen, OTANen aurkako manifestazioa debekatu du bere garaian bertan sartzearen kontra bozka emateko eskatu zuen alderdi berak. Ariketa gisa bada ere, egin beharko genuke proiekzioa: aukera politiko bakoitzak erakusten duen xexenkoa aurrean dugula, noiz kendu zen brontzezkoa eta burdinazkoa ezarri? Eta egungo sinestunei, ardura die benetan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.