Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Barkamena

2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Duela 23 urte, Kosovoko gerra garaian, eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren bedeinkapenik gabe, airez eraso zion Jugoslaviari; bere kabuz, egokiena horixe zela erabakita. Ia seiehun soldadu eta polizia hil ziren abordadetan. Zibilak? Iturrien arabera. Aliantzak berak esatera, 1.500 barrena. Jugoslaviako Gobernuak 5.700 herritar hil zirela dio, eta 10.000 zauritu. Esan gabe doa, europarrak guztiak.

2001eko ekainean ekin zioten Ameriketako Estatu Batuek eta NATOk Afganistaneko kanpainari. Helburua talibanen kontra jotzea bazen ere, bien arteko erasoek mendebaldeko analistak kezkatzerainoko biktima-kopurua utzi zuen: 10.000 zibiletik gora hilda. Erasotzaileen irudira sortutako Afganiar Armada Nazionalak eragindakoak gehituz gero, 15.424 dira. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Fatou Bensouda fiskalari baimena eman ziolarik gerra krimenak aztertzeko, mehatxuka eten zuen prozedura Donald Trumpek. Denboragarrenera, talibanak daude boterean, eta Joe Biden Yosemiteko ura baino garbiago mintzatu da: «Helburua ez zen inoiz demokrazia ezartzea izan».

2011ko martxoan, NATOko parte diren hainbat estatuk (Frantzia eta Espainia tartean) airez eta itsasoz jo zuten Muammar al Kadafiren gobernuaren kontra Libian. 9.700 aire eraso izan ziren guztira. Amnesty Internationalek NATOri idatzi diolarik iker ditzan nazioarteko zuzenbidearen kontrakoak izan diren zibilen hainbat hilketa, Aliantzaren erantzuna hizkera administratiboaren antologietan gordetzekoa izan da: «NATOk ez du eskumenik horretarako 2011ko urriaren 31tik, operazioak bukatu zirenetik. Libiako gobernura jo behar duzue hori argitzeko».

Asteon, barkamena eskatu du NATOk. Picassoren Guernica ikurtzat hartuta, barkamena eskatu dio Sanchezen gobernuari, Madrileko bileran Espainiako bandera buruz behera jartzeagatik. «Akatsa izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.