Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bai mundu berria

2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Ez dela ona oinak iraganeko lokatzatan izatea aurrera jotzeko, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak gogorarazi digu egokiro. Mutrikuko ertzain arbuiatuaren harira, harako terminologia hautatua berreskuratu du, hobeto jabetu gaitezen gaitzaren neurriaz: intolerantzia, sektarismoa, bazterkeria. Eta arrazoia dakar. Denak denetara, hitz zatarrak hirurak, gauzak ondo ez dabiltzalako indikadore garbiak. Ezin da inor horrela zokoratu.

Bitartean, aurrez non edo non ikusitako antzezlana ostera ere. Batzuk, justiziaren ardatza Moisesen maneran ezartzen; besteak, hitzen, kontzeptuen eta kontraesanen amaraunean gatibu. Jakineko gidoia. Inoiz ez dute hauek eskatzen zaiena eskatzailearen neurrira esango. Larderiaren aurreneko legea da hori.

Eta gertaerei begira gaudela, horra aieru beltza. Gobernuaren diskurtsoa adituta, susmoa, ez ote duen salatzen duen horrek berak uzten agerian zein duen azken asmoa. Eta gai itxura batera markatuagoak albo batera lagata, galdera, ez ote dagoen intolerantziarik, esaterako, Ertzaintzaren jarreran edozein lan-gatazkatan parte hartzen duenean. Ez al den sektarioa, gure gizarte ereduan, polizia ororen eguneroko jarduna. Alegia, ez ote den beti eliteen faboreko eta behekoen jazarle, berez. Eta jaiez-eta ari garelarik, ez ote diren muineraino baztertzaileak, demagun, Hondarribiko eta Irungo alardeak edota elkarte gastronomikoetako araudiak. Gai sakonagoetan sartzeke, non da salaketa publikoa? Non baztertuen aldeko sumina?

ETAren osteak du errua. Gatazka deitu den hori amaituta, dena desberdin izango zen mundu berri batean biziko ginela sinestarazi ziguten. Denbora behar izan dugu ohartzeko elkarbizitzaren zimurrez. Ez gabiltza ondo, bestelako asmo kritikorik gabe, polizia babesteko eskatzen bazaio gizarte zibilari, non eta polizia bera bide, hainbat herritar baztertzen diren egunero, eta ez bazkari batetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.