Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Originalak

2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Andoni Agirregomezkorta aktoreari gertatua. Joan da Madrilera Tele 5 katean bota behar duten telesaila promozionatzera eta hara non hiru abizenatera zizkioten bakarretik:Aguirre Gómez Korta. Aurkezleak(ez edonor berau) ez zuen grafistaren gibel geratu nahi izan: «Eta ez duzu uste zure abizen hori oztopo izan daitekeenik zure ibilbide profesionalean?». Ez zuen urruti ibiliko Igartibururekin pasatutako tratua. Horretan da Espainia federala XXI. mendean.

Auzoen artean zenbait euskal abizenek aktibatzen duten mekanismo atabikoa benetan itsua da, izan Ocho apellidos vascos edo txistea egite aldera edonoiz ager dakizkizukeen «Masturbarenaorgasmoetxea» eta antzekoak, zer barregarriak indio hauek, hizkuntzaz gabetuta ere. Gero, soziologoaren jaka aldean, izan da «euskal abizenen» ugaritasuna aztertu duenik, esaterako, mugimendu abertzaleetan. Eta ondorioa izan liteke azterturiko erakundea odolgarbien bazkuna izatea zein, «izorra daitezela», justu kontrakoa, maketoz betea. Nolako interesa, halako buztana. Psikiatria sozialean aztertzeko jokaera, inondik ere. Baina ez dira deskuidatzen. Fokupean deituraren jabea beti, inoiz ez obsesoa.

Azak ontzeko, hara non datorkigun Miele Alemaniatik. Bai, elektrogailuena. 799 euroko saria du «euskal abizen» luzeenarekin agertzen zaionari. Imajinatuko duzue lotura: euskal abizena bezain luzea da Miele tresnen iraupena. Gazteleraz egin du promozioa, noski, «bertoko erosleari keinu gisa». Eta seguru dira parte hartzearen handiaz, «kanpaina originala baita».

Egun erdaraz baino funtzionatzen ez duen mekanismo gaiztoa da gau eta egun lerdo usaina zabaltzen ari dena, euskalduna (lepoa luze buruen gaindi) Landakoko labirintoan dabilen artean Lopez, Rueda, Rodriguez, Vargas, Alvarez, Cano... euskal abizenen bila.

Agian irabazteko laineko abizen aski luzerik ez dudalako amorrarazten nau Inkisizio katxondo honek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.