Turkiari Sirian ez esku hartzeko ohartarazi dio Damaskok

Ankarak agindu du Kobani hiri kurdua ez duela jihadisten esku erortzen utziko.

Turkiari Iraken sartzeko aukera baztertzeko eskatu dio Malikik
Ke laino bat Kobane hirian; Estatu Islamikoak setiopean dauka.
Ke laino bat Kobane hirian; Estatu Islamikoak setiopean dauka. SEDAT SUNA / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko urriak 4
AEBek gidatzen duten nazioarteko koalizioak Estatu Islamikoaren kontra Sirian egin dituen bonbardaketak, aldarte hobearekin edo txarragoarekin, onartu ditu Baxar al-Assadek. Baina Turkia, hori beste kontu bat da. Herenegun onartu zuen Turkiako Legebiltzarrak —AKPren gehiengo osoa baliatuta— bere armadak Sirian eta Iraken «talde terroristei» aurre egitea, baina Siriako armadaren aurka «defenditzeko» baimena ere eman zion. Eta Turkiaren edozein esku hartze «erasotzat» hartuko dutela nabarmendu zuen atzo Siriako Atzerri Ministerioak.

NBEren Idazkaritza Nagusiari eta Segurtasun Kontseiluari gutun bana igorri zien atzo Siriako Gobernuak, Ankararen erabakia NBEren Gutunaren «ageriko urratze bat» dela adieraziz, eta Turkiari «Siriako auzietan muturra sartzeari» uzteko eskatuz.

Sirian jardunean diren «talde terroristei» mugarik gabeko babesa ematea egotzi dio Siriak Turkiari, eta nazioarteari eskatu dio Turkiako armadaren «abenturak» amaitzeko, «eskualdeko eta munduko segurtasun eta bakearentzat mehatxu bat».

Turkiako armadak, ordea, atzo bertan Rojavako Kobane hiriaren inguruan artilleria erasoak hasi zituela jaso zuen Rudaw agentzia kurduak, Turkiako hedabideen informazioak aipatuz. Eraso horien baieztapenik ez zuten eman Kurdistan Mendebaldeko nahiz Turkia edo Siriako agintariek.

Asteak daramatza Kobanek IS Estatu Islamikoaren setiopean, eta YPG Herriaren Babeserako Unitateak ari dira erasoaldiari eusten. Dena den, AEBek zuzendutako koalizioaren bonbardaketek ez dutela ISrengan eraginik izan salatu dute indar kurduek. Eta Turkiako armadak gatazkan esku hartzeko aukera, laguntza gisa barik, arrisku gisa ikusten dute. Hala ere, Kobane ez dutela «erortzen utziko» esan zuen atzo Turkiako lehen ministro Ahmet Davutogluk: «Behar den guztia egingo dugu».

Irakeko presidenteorde Nuri al-Malikik ere gogo txarrez hartu du armada turkiarra beren menpeko lurretan sartzeko aukera, eta baimen hori baliogabetzeko eskatu dio Turkiako Legebiltzarrari. Halaber, Haider al-Abadi Irakeko lehen ministroari «jarrera argiago bat» erakusteko eskatu dio. Al-Abadik «erabat» baztertu zuen duela egun batzuk herrialde arabiarrek parte hartzea Iraken ISren posizioak bonbardatu dituzten koalizioan.

ISri petrolioa saltzen

Kurdistango Eskualde Autonomoan, KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoko —Nechirvan Barzani lehen ministroaren alderdia— eta PUK Kurdistango Batasun Patriotikoko zenbait funtzionariok Estatu Islamikoarekin petrolio eta gai finduak salerosteko akordio bat dutela jakinarazi zuen atzo Rudaw agentziak.

KDP eta PUK alderdiek baieztatu dute merkataritza harreman horien berri izan dutela, eta jakinarazi dute nahasita dauden funtzionarioak zigortuko dituztela, Rudawen arabera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna