Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Ustekabeak

2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Egongelak leiho zabala dauka, goitik beherakoa, eta han urrunean Oiz elurtua ikusten da. Baiona eta Midi D'Ossau-rekin egindako argazkia egin nezake nik ere hemendik. Paisaia begiratzen geratu naiz, lasaigarria da. Duela ehun urte hobeto ikusiko zen Oiz elurtua, tartean dagoena berdegunea izango zelako, eta beharbada basoren bat; ez etxe xingolen multzo amaiezina.

Garazi Goiarekin batera idatzi nuen 1.362 km euri lanean (Elkar, 2019), Eulalia Abaituari buruz idatzi nuen. Berak eman zigun memoria. Begoñan jaio, Ingalaterran urte mordoxka eman eta jaioterrira itzuli zenean jauregia eraiki zuen Begoñako basilikaren alboan. Ingalaterrako estiloan eraiki zuten etxetzarra eta Pinuaren Jauregia izena eman zioten. Denbora luzea eman nuen jauregiaren atzetik, baina, egia esan, ikerketa sakonik barik. Basilikaren inguruan zeuden etxetzar gehienak desagertu dira, eta zeinek daki non zegoen Eulalia Abaituaren etxea, nork daki zutik badirau ere.

Baina egun hartan medikuaren itxarongelan Oiz mendiko elurrari begira, ez dakit zergatik, argia piztu zitzaidan. Hau eraikinen artean itota dagoen jauregi bat da. Ordura arte jabetu gabe nengoen itxarongela hura arrastiko bosterako tea hartzeko tokia izan zitekeela. Eta hau balitz? Eta urteotan egon izan banintz Eulalia Abaituarenean, konturatu barik? Erizainak, baina, ez zekien jauregiaren izena. Medikuari galdetu nionean ez zekiela esan zidan, baina beragan ere piztu nuen jakin-minaren harra, eta dei pare bat egin zituen. «Behean, sarreran —esan zidan—, bada jauregiaren garai oparoak erakusten dituen argazki bat». Amaitzerakoan sarrerara joan nintzen ziztu bizian. «Hau da, hau da, hau da», niotsan neure buruari gero eta ozenago. Argazki zaharrari begira azken berrespena egin nuen, badaezpada, sareko bilatzaile batean jauregiaren izena sartuz. Eta bai, huraxe zen luzaroan bilatutako Eulalia Abaituaren ingeles erako jauregia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.