LARREPETIT

Hartxontxorren arrazoia

Iñigo Aranbarri.
2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Ez da erraza, denboraren ardatzean labainka goazela, asmatzea noiz den une egokia ezer egiteko. Bihotza ez da fidagarria. Arrazoiak beti izango dira ustezkoak. Eta nekea, higuina zein amorrua ez dira bidaide onak. Eskerrak oinez doanari hartxontxorra sartzen zaion zapatan, abisua garaiz emateko. Halaxe entzun dute azken hilabeteetako gainbehera ikusita Osakidetzan greba egitera deitu dutenek: «Ez da huelga egiteko unea» jakinarazi die egokitasunaren jaunak.

Hala ere, gerta liteke, txontxorrak txontxor, aurrera jotzeko erabakia hartzea. Egingo da iritzitakoa, baina eskerrak, hortxe izango dugu beti oinpean. Espainian, Gaztela eta Leongo hauteskundeetan Vox-ek izan duen gorakadaren arrazoia berehala aurkitu du Jaume Collboni Bartzelonako alkateordeak: «Kataluniako independentzia prozesua da eskuin muturraren igoera honen arrazoietako bat». Ez da historialaria Collbani, ez da soziologoa, PSCko buru nabarmenetako bat baizik. Bestela esanda: abentura ero hartan sartu ez bazinate ez genukeen hainbeste fatxa izango.

Gertaera historikoak politika interesatuaren talaiatik horrela interpretatzeari beti iritzi diot arriskutsu. Arrazoibide bera darabilte, izan ere, 1936ko militar afrikanisten zuritzaileek: Molak, Francok, Sanjurjok eta enparauek zer egin zuten bada Espainiako Errepublikako gobernuaren gehiegikeriei erantzun besterik. Alegia, gobernuak berak ekarri zuen gerra. Adibideak, nonahi ditugu: naziek ez zituzten Lidiceko biztanle guztiak garbituko txekiar erresistentziak ez balu Reinhard Heydrich, Pragako harakina, atentatuan hil. Hartxontxorraren logikak aplikazio asko du: feminismoak ekarri du gizon lasaiak beren onetik ateratzea. Etorkizunera begira ere balio du: ezin zaizkie aberatsei zergak igo, joan egingo zaizkigu bestela.

Eta hala gabiltza denboraren ardatzean, une egokiaren esperoan, gero eta ezinduago pauso bakarra emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.