Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Luxuaren galera

2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Gozatsu entzuten ditut Niko Etxartek esan ohi dituenak, ez hainbeste dioenak berritik duelako, ezpada betiko kontuak izanagatik, garai batean oinarrizkotzat genituen ideiak dakartzalako aldiro. Halako belaunaldi ispilu bat.

Asteon ikusi dut, Biba zuek! saioan. Etxart entzutea norberaren gaztarora bueltatzea da. Beltzez beztituriko eite beltzagoko musikari haiek, Min Xoriak, Azpeitiko azokako berbenetan 70eko hamarkada akabuan. Euskaraz izanagatik, arnasgunearen oxigeno-botoilan ez genuen mikorik atxikitzen zer zioten, eta ez rocka zelako (hor genituen Etxamendi eta Larralde ere). Nola ulertuko genituen kantuak, taldearen izenari ere arrastorik ateratzen ez bagenion!

Kontua da, sasoi haiek eta ostekoak gogoan, Niko Etxartek berak eman zuela giltza solasaldian. Musikari gisa batetik bestera ibiltzeak, esan zuen Etxartek, Euskal Herria bazterrik bazter ezagutzeko xantza eman zion, luxua zinez. Orduan ohartu omen zen barneratzen ari zen geografia habitatu hark ez zeukala zerikusi handirik aita Dominikaren Eskual Herriarekin. Alegia, ibiliak eman ziola ezagutza. Eta esan gabe doa, konplexutasunaren kontzientzia.Betiko kontuak, baina garai batean oinarrizkotzat jotzen zen harria. Bestea ezagutzeko irrika, bestearen hizkera eta bizimodua barneratzekoa, Euskal Herria deitzen genuen puzzle soziologikoki konplikatu hura ahalik eta hobekien osatzeko badarik ere.

Egun, itxura batera gauza gehiago dugula alde, ez dakit ustezko jakintzak ez ote duen ezagutza gogoa ito. Probintzianismoaren praktika kontzienteak, sukalkikeria harroak, politikari abertzaleen jardunak... ez zen hau, nik behintzat, Min Xoriakekin beste euskaldun batzuk bazirela ikasten ari nintzela, aurreikusten nuen etorkizuna.

Ez dago, ordea, lehengoan betikotzerik. Beste hitz batzuekin, hori ere esan zuen Etxartek. Ez dut uste musikaz soilik ari zenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.