Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Erabakia

2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Gaur 202 urte hondoratu zuen Ahab kapitainaren ametsa Moby Dickek. Beno, ez zen Moby Dick izan, izengabeko zeroi bat baizik, eta setaz eta temaz abarrikatu zuen baleontzia ez zen Pequot deitzen; Essex zuen benetako izena. Urteurrena gaur, beraz, Essex ontziko tripulazioaren dramaren hasierarena. Beste istorioa, Ahab, Queequeg, Ismael eta enparauena Herman Melvilleren buruan egosi zen, hark Essexi gertaturikoaren berri izan zuenean. Ordutik, obsesio itsu baten fikziozko gauzatzea dugu Moby Dick nobela. Essexeko eskifaiaren abentura, aldiz, izuaren antologietan agertzekoa da, Melvillek narrazioa lagatzen duen puntutik atzerakoa batez ere.

Naufragioaren ostean, hiru potinetan sartu ziren 21 marinelak. Handik egun batzuetara, jitoan, Henderson uhartera iritsi ziren guztiak. Irri-arra baten agorturik lehorrak eskaini zizkienak, atzera ere itsasoratzea erabaki zuten. Guztiak partitu ziren, hiru izan ezik. Hantxe eutsi zioten hirurek erreskatatu zituzten arte, zeroiak ontzia jo eta 146 egunera.

Uretara jo zutenak agudo harrapatu zituen gaitzak. Hil ahala, itsaso zulora bota zituzten hasieran lagunak. Gerora, beharrak erakutsita, gernua edaten ikasi zuten, eta hildakoak jaten. Hauek ere amaitu, baina. Eta hala, potinetako batean lau marinel baino gelditzen ez zirela, zotzetara egin zuten nor hilko zuten, hartara, besteak bizi zitezen. Lagunen hezurrei zurrupaka aurkitu zituen Dauphine ontziak martxoak 5 zituela.

Oraindik orain zabaldu dute 8.000 milioira iritsi garela itsasoaren erdian potinean goazenok. 3.200 milioi ginen munduratu nintzenean. Ez dute ezer garbi esan, baina baliabideak urritzen, krisi hotsa nonahi, badakit laster aginduko zaigula geuk ebazteko nor hil behar dugun, jantziko dutela erabakia diskurtso sinesgarriz, baina egin beharra dagoela hautua bizirik jarraituko badugu, eta gainera, oraingoan ez daukagula erreskatatzera datorkigun inor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.