Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Inpunitatea

2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Gauza delikatua da liburua. Liburu bati erasotzen zaiolarik, paperaz harago zerbait mintzen da. Liburu bat erretzen bada, hari su eman dion eskua salatzen dute airean zabaldu diren letra kiskaliek. Berlinen, Bebelplatzen, lurpean jasotako apalategiek gogorarazten dute ikasle naziek 1933ko maiatzean egindako erretura. Tolosan, Plaza Zaharrean dago Bebelplatz, bertan erre zituzten herria hartu berri zuten erreketeek Ixaka Lopez-Mendizabalen moldiztegitik ateratako liburuak.

Abenduak 9, ostirala. Frantziako armada urdina gertu da Ingalaterra azpiratzeko Qatarren. Nizan, Les Parleuses liburu-dendan, Helene Devynck-en Impunité dago nabarmendua erakusleihoan. Hitzen lagun, eskuz eginiko afixak: «Inpunitatea ereiten bada, amorrua biltzen da»; «Biktimok, sinetsi egiten zaituztegu; bortxatzaileok, ikusi egiten zaituztegu». Patrick Poivre d'Arvor telebista aurkezle ezaguna du begian liburuak. Ikusten ez dena ikusarazteko, haren kontrako salaketa sendotzen duten hogei lekukotza jaso ditu Devynckek, Nora Arbelbide kazetari eta idazlearena tartean.

Goizaldean, Polizia agertu da dendan. Barnekoa bahitzeko baimenik ez dutenez, kanpotik estali dute erakusleihoa, oihal beltzezko oholez. Arrazoia? Gerald Darmanin Barne ministroa auzoan agertzekoa da. Kuxean, Erromako apezpiku bilakatu da politikaria. Sexu indarkeria bistaratzen duen liburua obszenoa da; erre ezin bada, bederen begi garbietatik gorde beharrekoa.

Ondoko egunetan, batetik bestera zabaldu da elkartasuna. Parisen, Lillen, Lyonen, Roazhonen, Tolosan, Baionan… hamaika liburu-dendak kopiatu du Les Parleuseseko bitrina. Eta berezkoasmoa beste bat bazen ere, zentsoreek berek atera dute argitara ezkutatu nahi izan duten hori. Are garbiago ikusten dena orain. Alegia, nola dauden bateko eta besteko botereak elkar hartuta bortxatuaren ahotsak mutu eta bortxatzailaren inpunitateak harro jarrai dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.