Ustezko 3.000 jihadista ari da zaintzen Paris

Frantzia edozein momentutan eraso diezaioketela iritzita hartu dituzten neurrien berri eman du Manuel Valls lehen ministroak

Araitz Muguruza -

2015eko urtarrilak 22
Frantziako Gobernuaren arabera, 3.000 dira jihadistekin lotura duten pertsonak; horregatik, indar armatuen baliabideak indartu egingo dituzte. Manuel Valls lehen ministroaren esanetan, «edozein ordutan ekintzaren bat egin dezaketen norbanakoen kopurua igo eta igo ari da». Horregatik, hurrengo hiru urteetan bete nahi duen «terrorismoaren aurkako plana» osatu du Frantziako Ministroen Kontseiluak. 2.680 lanpostu berri gehituko dituzte indar armatuetara, horietatik 1.400 zerbitzu sekretuetara bideratuko dituzte.

Frantziako Ministroen Kontseiluak atzo egin zuen bileran hartu zituzten neurriak; eta horren ondoren egindako agerraldian eman zituen Vallsek neurri sortaren nondik norakoak. Lehen ministroak nabarmendu zuen atzo adostutakoak atentatu bat jasateko «arrisku eskalaren igoerak behartuta» hartu dituzten «ez ohiko» neurriak direla.

Aireko eta mugako Polizian ere aldaketak egingo ditu Vallsek. Bidaiarien datuak kontrolatuko dituen plataforma bat abiatuko du. Sarea ikertuko duten unitateek lanpostu berriak izango dituzte. Orotara, 425 milioi euro zuzenduko ditu Frantziak «terrorismoaren aurkako» neurriak ezartzeko. Vallsen arabera, gobernuaren defizitean ez du eraginik izango, beste alorretako diru partidak egokituko dituelako.

Izan ere, Vallsen ustez «hedadura handiko neurriak hartu behar dira erradikalizazioaren aurka», eta horretarako, «biderik onena kontrola da». Epaileek zainduko duten fitxategi bat sortuko dutela aurreratu du Vallsek. Horren barruan «terrorismoarekin lotura» izateagatik kondenatutako pertsonak zerrendatuko dituzte. Helbide aldaketak edo atzerrira egiten dituzten bidaiak jakinarazi beharko dituzte bertan. Gizartearen «kolaborazioa» ere eskatu du, «erradikalizatzen» ari direnei buruzko informazioa segurtasun indarrei eman diezaien.

Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatua gertatu eta bi astera jakinarazi ditu neurriok Vallsek. Ez dira, ordea, gertaeren ondotik hartu diren neurri bakarrak. Atentatua gertatu eta egun gutxira Europako Barne ministroek eta AEBek Interneteko edukiak edo EB Europako Batasuneko herrialdeen arteko mugetako neurriak zorrozteko erabakiak hartu zituzten, besteak beste. Frantziak ere atzo jakinarazitakoez haragoko neurriak hartu ditu. Vallsek azaldu duenez, 122.000 dira herrialdean hedatuta dituen polizia etea militarrak. «Ingurune publikoak babesteko lanean ari dira». Hain zuzen ere, Frantziako Defentsa Ministerioak armadan aurreikusiak zituen murrizketak txikiagoak izango direla adierazi du François Hollande presidenteak. 7.300 militarretatik 1.500 baino ez dira geratuko armadatik kanpo.

Europako Batzordeko komisarioen bilera ere izan zen atzo Bruselan. Frans Timmermans presidenteordeak esan du PNR bidaiarien datuen erregistroaren proposamena berriz gainbegiratzeko prest dagoela. Europako Parlamentuan atzera bota zuten proposamen hura. Bestalde, segurtasun plan berriaren maiatzean jakinaraziko dutela azaldu du Timmermansek. Schengengo Ituna sendotzeko asmoa ere agertu du, eta gaineratu: «Itun hori ez da arazoa, irtenbidea baizik».

Protestak, Anberesen

Vlaamsd Belang Flandriako ultraeskuinak hurrengo astelehenerako Pegida talde xenofoboaren aldeko manifestazioa deitu du Anberesen. Izan ere, hiri eta egun berean, Pegidaren aurkako protesta deitu zuen egun batzuk lehenago Hart Boven Hard elkarteak, eta horri erantzunez egin nahi dute beste manifestazioa ultraeskuinek. Hart Boven Hard elkarteak, ordea, argi erantzun die talde xenofoboei: «Islamaren aurkako protesta egiten badu Pegidak Anberesen, guk Anberes guztion hiria dela erakutsiko diogu». Bestalde, Pegidak Alemaniako Leipzig hirian atzo egin zuen protestan 10.000 lagun bildu ziren.

Ali bin al-Andsi Al-Qaedako buruak, bestalde, mendebaldeko jihadistei «beren herrialdeetan» ekintzak egiteko deia egin die bideo bidez. Ekialde Hurbileko leku gatazkatsuetara ez bidaiatzeko gomendioa egin die. «Mendebaldeari min handiagoa egingo diogu bakarkako ekintzekin».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna