Jon Lopategi hil da

Bertsogintzaren magala

Bertsolaritzaren transmisioan egindako lanagatik nabarmendu zen Jon Lopategi. Ostegunean hil zen, 84 urterekin. Euskal Herriko txapelketa irabazi zuen 1989an, eta lautan jaso zuen Bizkaiko txapela
Bizkaian bertsolaritzak zuen hutsunea betetzeko asmoz, herriz herri ibili zen Lopetegi, gazteak bertsolaritzara erakartzen.
Bizkaian bertsolaritzak zuen hutsunea betetzeko asmoz, herriz herri ibili zen Lopetegi, gazteak bertsolaritzara erakartzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko otsailak 9
Pregoilaria izan zela; eta, hitz egitea debekatuta zegoen aroan, gai politikoak bertsora ekartzen zituela. Garai zailean egokitu zitzaion bertsotan hastea Jon Lopategi Lauzirika Baltza-ri (Muxika, Bizkaia, 1934), Frankismo betea baitzen oraindik. «Animu asko ez zan izaten,/ pertsekuzino ugari,/ baina bihotzak hala aginduta/ ez ginan ibili nagi./ Zazpi probintzi pasa genduzen/bertso ederrez kantari,/ ze egun eder gozoak haiek/ Euskadiren pregolari!». Kopletan gogoratu zituen ordukoak, gerora. Plazetako bertsolaria zen Lopategi, baina lehian ere erakutsi zuen bazela nor: txapel askoren burua izan baita. Nolanahi ere, Lopa izanagatik da ezaguna bertsolaria: Maisu Lopa, zehazki. Bizkaiko bertsolari gazte belaunaldiak harekin batera ikasi, hasi eta hazi baitira bertsotan. Askoren bertso «aita». Ostegun gauean zendu zen, 84 urte zituela.

Egokitzen dakiten horietakoa izan da Lopategi, XX. mendeko bertsogintzatik jaso, eta XXI. mendeko bertsolariak hezteko gaitasuna izan duena. Xalbador eta Uztapiderekin batera aritu zen oholtzan; eta, Andoni Egaña, Xabier Amuriza eta Sebastian Lizasorekin zela jantzi zuen Euskal Herriko txapela, 1989an. Bere ikasleak ikusi ditu, gerora, txapeldun bilakatzen: Onintza Enbeita izan da azkena. Lopategiren esana da: «Gazteengan dago etorkizuna, eta baita oraina ere. Gazteak badabiltza [txapelketaren] antolakuntzan eta onenen artean eurak badaude, gauza ondo doan seinale». Gaur egingo dute haren aldeko hileta, Muxikako Ariatza auzoko Santa Kurtze eliz parrokian, 18:00etan.

Hiru urte besterik ez zituen Lopategik, hamar neba-arrebako familiatik seigarrenak, 1936ko gerrako frontea Muxikako Aldauri baserrira iritsi zenean. Etxetik ihes eginda ziren denak ordurako; eta, gerora kontatu zuenez, 48 ordu egin omen zituen Bilbon konorterik gabe, sirena hotsak entzun, eta arrebarekin ihesean zihoala buruan emandako kolpearen eraginagatik. Kokotekoak baino orban handiagoa utzi zioten orduko bizipenek, ordea. Aita preso hartu zuten, eta baserria txikituta aurkitu zuten etxera itzuli zirenean. Artean, gaixotu egin zitzaien ama. «Aita, kartzelatik etorri zenean, eskekotzat hartu genuen. Larrinagatik trenean etorri zen [...] Manta batekin estalita zegoen, gaixorik zegoelako».

Bizitokiak eman zion bertsoarekiko gertutasuna, auzokideak baitzituen Kepa Enbeita Rementeria Urretxindorra eta haren seme Balendin, bertsolariak biak. Ezagutza, baina, Tolosako (Gipuzkoa) Sakramentinoetan jaso zuen. 12 urte zituela egin zuen apaiztegira, filosofia ikasketak egitera, eta hamar urte igaro zituen. Han egin zuen topo abertzaletasunarekin, baita hainbat euskal liburu eta aldizkarirekin. Eta zurrunbilo horren erdigunean: bertsoa. «Tolosan Bertsolariya aldizkariaren bilduma bat topatu nuen, eta bertso asko irakurri nituen. Teknikaz han jabetu nintzen». Hain zuzen, lehen bertsolari eskolatua izan zen Lopategi, 1936ko gerraren ondorengo bertsolarien artean.

Hastapenetako bertsoak

Irakurtzetik ahoratzera: 22 urterekin etxera itzuli, eta ordukoa du lehen bertsoaldia. Etxeko gonbidatuen aurrean aritu zen, Nikolas Ibarguengoitiarekin. Santa Kurtze jaiak ziren orduan. Etxetik plazara egin zuen handik bi urtera, 1958an, soldaduskatik itzultzean. «Deunoro Sardui bertsotan hasi zen. [..] Txurrut eginda nengoen, eta neu ere kopletan hasi nintzen». Lopategik estreinakoz plaza batean kantatu zuen urte berean egin zen Bizkaiko lehen bertsolari txapelketa. Espero ez arren, bertsoari lotuta bizi izan zen ordutik Lopategi.

Muxikako Fuenterrabia taberna. Larunbata. Deunoro Sardui, Balendin Enbeita, Pedro Ortuzar Iturri eta Lopategi. Pedro Mari Aldana gidari zutela jarduten ziren bertsotan; eta, bilkura horietatik sortu zen Gerriko bertso eskola; Euskal Herriko lehenengo bertso eskola. Jon Enbeita eta Irineo Ajuria ere gehitu zitzaizkien, gerora.

1960ko Bizkaiko txapelketara aurkeztea erabaki zuen Lopategik. 26 urte zituen orduan, eta «desanimatuta» itzuli zen etxera. «Hiru lagun joan ginen Muxikatik. Irineo Ajuriak irabazi zuen. Desanimatu egin ginen, 14 urteko mutikoak irabazita». Ameriketatik itzulitako anaiaren bultzadaz ekin zion bertsoari berriz. Saiatu zen 1961ean, baina finalaurrekoetan kale. «Trebatze saio batzuk egin egin nituen; hirugarren ahaleginean, eskualdeko kanporaketa, finalaurrekoa eta finala irabazi nituen». Saiatua zen Lopategi, eta 1962ko Bizkaiko txapela lortu zuen. Jokatu ziren hurrengo hiru txapelketetan ere txapelduna izan zen muxikarra: 1964koan, 1966koan eta 1987koan.

Bertsoaldi politikoak

Lehiaz kanpoko jardunagatik egin zen ezaguna Lopategi; Jon Azpillagarekin batera egiten zituzten saioengatik. 1962an kantatu zuten elkarrekin lehen aldiz, eta frankismoak gustuko ez zituztenak aipatuta nabarmendu ziren bikote modura. Ordutik aurrera hasi zitzaizkien biei elkarrekin joateko deika. «Bada hainbat gauza edar/ zuen herri hontan zehar/ baina euskaldunak aspaldi hontan / ez daukagu suerte lar/ 'Gora Euskadi' kantatutzera/ mendira etorri behar». Hala zuzendu zitzaion Lopategi Azpillagari, 1972an Belauntzan egindako saioan. Biek ala biek aitortua zuten abertzaletasunak eta euskaltzaletasunak bultzatuta iritsi zirela bertsogintzara.

Nortasun agiririk gabe joten omen zen saioetara bikotea. Gobernadorearen debekuak, frankisten salaketak, baita kuartelera ezinbestean egindako bisitak eta hainbat isun jaso zituzten. 1967tik 1970era bitarte eta 1972tik 1975era plazetan aritzeko debekua izan zuen bikoteak. Baina ihes egiten zioten debekuari: kartelean beste bertsolari batzuen izenak azaltzen ziren jendaurrean, harik eta Idiazabalen (Gipuzkoa) harrapatu zituzten arte. 6.000 pezetako isuna jarri zioten Lopategiri, eta sei egun egin zituen Basauriko kartzelan, isunari uko egiteagatik. Egunean, bost saio egitera ere iritsi omen zen banaezina zirudien bikoteak.



Bere ibilbidearen bukaeran lortu zuen Euskal Herriko txapela, 1989an. Xalbadorri eskaini zion txapela Lopetegik. «Xalbador izan da nik gehien miretsi dudan bertsolaria. Batzuetan, bat-bateko bertsoa ona dela iruditzen zaizu, eta paperean ez dizu ezer esaten. Haren bertsoak onak ziren paperean ere. Bazuten misterio apurren bat». Goraldi hartan erabaki zuen Lopategik txapelketak uztea. «Pentsatu nuen hura baino gehiago ezin izango nuela lortu, eta orduan lortu banuen zerbaitegatik izango zela. Hobetzera ez nuen egingo».

Bertsoaren katebegia

Transmisioa zuen kezka nagusi, eta lehen bertso eskoletan aritu zen irakasle, 1984 urtetik aurrera, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak bertsolaritza eskoletara zabaltzeko proiektuaren barruan. Gaur egungo Bizkaiko bertsolari asko haren ikasle izandakoak dira. Besteak beste, Aritz Lopategi semea, Unai Iturriaga, Etxahun Lekue, Xabier eta Fredi Paia anaiak eta Iratxe Ibarra. Belaunaldi gazteagoak ere busti ditu Lopategik.

Eskola ofizialak ez eze, herri batetik bestera eramaten zituen gazteak, kantura. Hala aitortu zuen berak. «Eusko Jaurlaritza diru laguntzak eskaintzen hasi zen, ikastetxeei urtean hiru saio egitearren. Bata eskolan bertan, eta beste bi beste ikastetxe batzuetan. Orduan, furgoneta neukan, eta atzean alderdi bakoitzean banku bat ipini, eta han hartzen nituen eskualdeko bertsolariak. Gaur eskola honetara edo bestera goaz, eta saioa egiten genuen».

Barnetegiak ere antolatzen zituen, eskola orduetatik kanpo. «Hasieran, ikastoletako arduradunekin egiten genituen barnetegiak Kanpatxuko eskola zaharrean. Gero, 15 urtetik gorako bertsolari gazteak taldea osatzeko beste izan zirenean, haiekin joaten ginen urtero bost edo sei bider. Hainbat eskualdetako bertsolariek elkar ezagutu zuten, eta, txapelketara haren eta honen kontra joan beharrean, lagun arteko giroa sortzen zen». Ondo gogoan dituzte ordukoak Zihara Enbeita eta Igor Elortzak.

1980ko hamarkadan Bizkaian bertsolaritzak zuen «hutsune handi bat» bete zuela nabarmendu du Elortzak. «Eskualdez eskualde joan zen gaitasuna ikusten zien gazteei zekien guztia irakasten». Haren eragina azpimarratu du Enbeitak. «Batzuk ez gara bat-batean aritu eskolartekotik harago, baina ahozkotasuna landu dugu eta idatzi egiten dugu». «Maisua» zen Lopategi. Hala nabarmendu dute gertukoek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ainhoa Larrabe Arnaiz

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna