urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Gerra Etiopian

2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Urtebete da Europatik azkenez irten nintzela. Durangoko Azoka bisitatu ostean abiatu nintzen Loiura; ezin pentsa neguaren amaierarako zer nolako panorama zetorkigun. Ruandara bidean nindoan, Virunga parke nazionaleko gorilak eta euren inguruko basozainen proiektua ezagutu eta handik iparraldera Ugandara jotzeko. Herrialde zoragarria ezagutzeko aukera izan nuen Danson Kayhana PEN Ugandako idazle, irakasle eta, batez ere, adiskideari esker.

Loiutik Frankfurtera eta handik Ethiopian Airlinesen hegazkinak eraman ninduen Afrika eki-erdialdera. Gure kontinentetik azkenez irten nintzen aldi hartan, lehen geltokia Addis Abeba izan zen. Eta hantxe nintzen duela urtebete; hegazkinen artean ordu batzuk bazirela-eta Etiopiako hiriburua bisitatzeko asmoz. Bisatua aireportuan bertan lortzeko prozedura erraztuta zeukaten, eta, horri esker, Afrikan turista kopurua gehien hazi zen herrialdeetako bat zen azken urteetan.

Etiopiako errealitateak bazuen argi-ilunik, baina Afrikako miraria zen herrialdea: ekonomikoki indartsu, Djibutiko trenbide dotorea inauguratu berri Txinak eraikita, eta politikoki ere arrakastaren irudia zen Abiy Ahmed presidentea. Norvegian zen egunotan, egin kontu, Bakearen Nobel saria jasotzen, XX. mendetik zetorren Eritrearekiko gatazka konpontzeagatik. Izan ere, gatazka armatuez -Hego Sudan, Somaliaedo harremanik ez zuten diktadurez -Eritreainguraturiko herrialdea da Etiopia.

Esan bezala, oro ez zen urre, eta nik distira eta argia ikusten nituen lekuan ilunak aipatzen zizkidan Dessale aspaldiko adiskideak. Europan erbesteratutako adiskide eritrearra da; umoretsua, zirtolaria, itzel kritikoa Eritreako diktadurarekin, baina baita haren oposizioarekin ere. Boteretsuek maite ez duten idazle zorrotza, berba batean. Etiopiak Eritreako muga ireki zuenean zoriontzeko eta egoera azaltzeko deitu nionean, mesfidati erantzun zidan. Etiopiak urratsa egin bai baina Eritreari musu truk irten zitzaiola zioen, eta diktadura indartu baino ez zuela egiten. Urteetan inorekin komunikaziorik gabe espetxeratutako lagunen istorio beldurgarriak ere baditu Dessalek, baita sekula urteetan luzatu eta sekula amaitzen ez den soldadutzaren testimonioak ere.

Addis Abebatik Kigalira heldu, eta Ruandako genozidioaren memorialera eraman ninduen Gabrielek. Mende laurden zen iaz bizitza aldatu, hondatu, kendu ziotela: familia guztia kendu zioten, gurasoak, bost anaiak, hutuen matxeteen menpe. Irratiz xaxatu eta auzoek ere salbuespenak salbuespen luzaroan sustatutako genozidioa izan zen.

Duela hilabete, Abiy Ahmed Etiopiako presidente eta Bakearen Nobel saridunak ordurako Tigray eskualdearen aurkako gerra hasia zuela. Mai Kadra herrixka inork gutxik kokatuko zuen ordura artean mapan, 600 lagun hil zituzten sarraskia gertatu zen arte. «Itxura guztien arabera, nekazariak ziren, ez borrokalariak», dio Amnesty Internationalen oharrak. Suzko armarik gabe, soka, labana eta matxeteekin etxez etxe egindako sarraskia izan omen zen. AIren oharrak tigray militanteei egozten dizkie hilketak. Ezin ahaztu eskualdeko komunikazio guztiak etenda zeudela gerraren hasieratik, eta oso zaila da ezer egiaztatzerik. Sudanera ihes egindako errefuxiatuek erabat kontrako bertsioa daukate, horratik: gobernuaren aldeko amhara miliziek tigray nekazarien aurka egin zuten sarraskia.

Inork ez du gezurtatzen Mai Kadrako sarraskia. Baina erabat elkarren aurkako bertsioak daude sarraskigile eta biktimei buruz. Ez da George Steerren kronikarik izan, Afrikako beste hainbat gatazkatan legez. Bakearen Nobel saridunek gerrak egitea ez da Afrikan soilik gertatzen, lehen ere ikusi dugunez. Baina ohi baino arreta txikiagoa izatea, bai.

Eremu akademikoan, eta politikoan ere bai sarritan, autodeterminazioaren aurka hitz egiteko motiboetako bat da «munduan inongo araudietan ez dela jasotzen», «ia estatu batek ere ez duela bere konstituzioan halakorik aitortzen». Hori bera argudio garrantzitsu izan liteke kontrakoaren alde egiteko: inon aitortu ez arren, herritarren zati batek halako proposamena badu eta demokratikoki nagusitasunez adierazten badu hori, Estatuak herritarren borondate horri bide eman behar diola. 1998an Kanadako Auzitegi Gorenak horrelako zerbait ebatzi zuen: Quebecek autodeterminaziorako eskubiderik zuela ukatu zuen, hori eremu kolonialetarako delakoan eta Quebecek autogobernua izateaz gain quebectarrak kanadar herritar guztien eskubide berdinak dituztelako. Baina aitortu zuen Quebecek independentziaren aldeko borondate irmoa erakutsiz gero, Kanadako Gobernuak hori negoziatu eta bideratu beharko lukeela. Baina, harira etorrita, «ia» estatu batek ere ez duela konstituzioan jasotzen esan dugu. Eta «ia» hori Etiopia da. Berariaz dakar jasota estatua osatzen duten herrialdeek autodeterminaziorako eskubidea dutela, horrek estatutik bereiztea balekar ere. Baina Konstituzioan egotea gauza bat da, eta eskubide horiek errespetatzea beste bat, beste askotan ikusi dugun legez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.