Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Izen bat

2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Belaunaldi bakoitzak ditu bere izenak, hain itsatsiak azalmintzera non sentimendurik behinenak lehertzeko gai den haien aipatze hutsa: Jose Antonio Agirre, Elvira Zipitria, Jesus Monzon; politikariak, kantariak, edozergileak; Fortunato Agirre, Marijan Minaberri, Telesforo Monzon; zerbaitetan beti, norberaren munduan gaindikolektiboarekin estekatzen gaituzten izenak, sakrifizioaren aitortzatik poz txikietara garamatzaten hariak.

Idoia Aierbe izan dugu horietako bat guk. Dena zuri-beltzagoa, alegia, dena zuriagoa ala beltzagoa zen garai batera lotua, Mikel Zabalzarekin, Ion Arretxerekin eta Manuel Bizkairekin batera atxilotu zuten gau hartatik. Torturaren salaketaren ikur bihurtu zitzaigun Aierbe, berak hala nahi ez bazuen ere. Heroi oinezko bat prentsaren aurrean mikroari ari zitzaion emakume itxuraz hauskor hura. Hala pasatu zen gure historia txikira, estatu oso baten praktika kriminala salatzeagatik, noiz eta hori egitea batere ohikoa ez zen garai hartan.

Aste honetan, hil dela jakin dudanean, ustez urrun geratua zitzaidan denbora txatala ekarri dit, berriz ere, albisteak. Tristatu egin naiz, eta amorratu ere bai pixka bat«Aierbe, Mikel Zabalzaren neska-laguna hil da» irakurri dudanean, ez Zabalzarekin lotu izan ez dudalako neuk ere, ezpada iruditzen zaidalako ez diogula ordudanik Idoia Aierberi Idoia Aierbe izateko aukerarik eman Mikel Zabalza hilduratua gabe.

Ez nuen ezagutu, ez dakit, jakin gabetan, inoiz gurutzatu izan naizen kalean berarekin azken 33 urte hauetan. Historiak urtu zuen jendartean adierazpen haien ostean. Bere bizitza berregingo zuen, imajinatzen dut; sinetsi nahi dut gai izan zela bizitako infernuaren gainean eguneroko zereginei ekiteko ostera ere, maitatzeko, ingurukoak zoriontsuago egiteko. Tortura garaitzeko, azken batean.

Berak nahi gabe bihurtu genuen gure belaunaldiaren izenetako bat. Damu dut libreago maitatu ez genuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.